'Amour' eta 'Cesare deve morire' Zabaltegi Perlak sailean ikusiko dira

Cannesko eta Berlingo sari nagusien irabazleez gain, Bertolucci, Loach eta Stoneren filmak ere Donostian izango dira

Jean-Louis Trintignant, Michael Hanekeren Amour filmean. DONOSTIA ZINEMALDIA.
Erredakzioa
Donostia
2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Ohi bezala, aurten ere Cannes eta Berlingo zinema jaialdietan sari nagusiak —Urrezko Palma eta Urrezko Hartza hurrenez hurren— irabazitako filmak eskainiko ditu Donostiako Zinemaldiak Zabaltegi Perlak sailean: Michael Hanekeren Amour eta Paolo eta Vittorio Tavianiren Cesare deve morire. Bernardo Bertolucci, Oliver Stone, Kean Loach eta Olivier Assayas zuzendarien azken filmak ikusteko aukera ere izango da ziklo berean. Assayasen filma Veneziako zinema jaialdiko Sail Ofizialeko lehiakideen artean dago egunotan.

Zabaltegi Perlak sailerako hautatutako 12 filmetako batek SGAE Editore eta Egileen Espainiako Elkarteak eta Autore Fundazioak antolatutako Publikoaren SGAE-Autore Fundazioa saria irabaziko du, 60.000 eurokoa; horretaz gain, Europako filmen artean boto gehien lortutakoari 20.000 euroko beste sari bat emango diote.

Georges eta Anne dira Hanekeren Amour filmeko pertsonaia nagusiak, laurogei urte inguruko bi musika irakasle. Bihotzekoa izan eta gero Anneri gorputza elbarrituta geratzen zaiolarik, bien arteko amodioa kolokan geratzen da. Jean-Louis Trintignant, Emmanuelle Riva eta Isabelle Huppert dira filmeko aktore nagusiak.

Taviani anaien Cesare deve morire filmak William Shakespeareren Julio Cesar obraren antzezpena prestatzen ari den preso talde baten gorabeherak ditu kontagai nagusi. Benetako preso batzuek presoen rola jokatzen dute filmeko antzezpen horretan. «Artea ezagutu nuenetik, kartzela bilakatu zait gela hau», dio filmaren une batean haietako batek.

Zabaltegi Bereziak sailean emango duten beste film baten berri eman zuten atzo Zinemaldiaren arduradunek: Maja Milo zinemagilearen Klip (Serbia). Errusiako Kultura Ministerioak emanaldi baimena ukatu dio film horri, «indarkeria, droga eta alkohol kontsumo irudiak eta irudi pornografikoak direla eta, nerabe adingabeak agertzen baitira bertan». Debeku horren berri izatean, Milok adierazi du Klip-ek «modu zintzoan» heltzen diola Ekialdeko Europako nerabeek bizi duten gizarte asaldura eta indarkeria giroa, eta errealitate hori ez erakusteak ez dituela nerabeak babesten. Filmak hainbat sari jaso ditu, eta herrialde askotan emateko erosi dutedagoeneko, AEBetan eta Frantzian, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.