Donostiako liburutegiari Txillardegi deitzeko eskatu dute hainbat eragilek

Donostia Kulturak hilaren amaieran aztertuko du eskaera; udaleko alderdi guztiak daude hor ordezkatuta

Donostiako hainbat kultur eragile, liburutegi zaharrean atzo egindako agerraldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Euskalgintzaren eremuan egindako lanagatik, Donostiako Udal Liburutegi Nagusia Txillardegi liburutegia izendatzeko eskaria egin zuten joan den urriaren 10ean Donostiako 17 idazlek udalaren erregistroan— Joxe Austin Arrieta, Beñat Sarasola, Harkaitz Cano, Koldo Izagirre, Joan Mari Irigoien, Ana Urkiza, Arantxa Urretabizkaia, Ibon Sarasola, Iban Zaldua eta Juan Luis Zabala dira idazle horietako batzuk—. Baina Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k (Donostia, 1929-2012) beste alor askotan ere lan egin zuenez, hiriko beste hainbat kultur eragilek ere bat egin dute proposamenarekin. Orain Donostia Kultura udaleko organu autonomoari dagokio erabakitzea. Udalbatzako alderdi guztiak daude ordezkatuta horretan, eta urtea amaitu baino lehen, hilaren 20an hain zuzen ere, aztertuko dute eskaera.

Proposamena «gizarteratu» nahi dutenez, atzo agerraldia egin zuten egitasmoaren sustatzaileek. «Konturatu gara Txillardegi ez dela soilik literaturaren, euskalgintzaren eta irakaskuntzaren ondarea; baita soziolinguistikarena, hizkuntzalaritzarena... Eremu askotan izan da aitzindaria», adierazi zuen Fito Rodriguez EHUko irakasle eta idazleak.

Txillardegi hil eta gutxira haren hiru libururekin egindako irakurketa publiko baten ondoren bururatu zitzaien proposamena lantzea. Baina eskaerarekin bat egiteko aukera gizarte osora zabaldu dute. Publiko egin aurretik ere «kontuan hartzeko moduko» hainbat kultur eragileren atxikimendua jaso dute. 250 pertsonak bat egin dute oraingoz, Rodriguezen esanetan. Atxikimendua eman nahi izanez gero, www. change. org webgunera jo behar da, eta horren bilatzailean Txillardegi idatzi.

Logikoena, segida ematea

Urtearen hasieran Donostiako Hiritar Merezimendu domina jaso zuen. «Orduan ez zen kontrako botorik egon. Logikoena litzateke aurreko kontsentsuari segida ematea. Ondare immateriala ondare material bihurtu nahi dugu». Rodriguezek pentsatzen du idazleak merezi duen lekua hartuko lukeela horrela, «Koldo Mitxelenak, Carlos Santamariak eta Inazio Maria Barriolak hartu duten moduan».

Rodriguezen hitzetan, izendapenak erabakita egon beharko luke dagoeneko. «Baina gisa horretako izendapenak egiteko araudi berri bat sortzekotan dira. Guk hori gauzatu aurretik egin genuen eskaera. Beraz, erantzun bat behar dugu. Araudia atera arte itxaron behar badugu, ez dakigu zer gertatuko den».

Donostiako Udaleko PSE-EEk jakinarazi zuen joan den azaroaren 19an horrelako izendapenak egiteko behar diren irizpideak adostu behar direla lehen-lehenik. EAJk, berriz, ados daudela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.