Patrick Modianoren betiko liburu bera, baina «ikuspegi desberdin» batekin

'Villa Triste' nobela kaleratu du Igela argitaletxeak, Joseba Urteagak egindako itzulpenean

Joseba Urteaga, Itziar Diez de Ultzurrun eta Xabier Olarra, Igelaren liburu berrien aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARP.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
«Liburu bera da, baina zatika idatzia, korrikalari bat gelditu, eta geroxeago berriro korrikari ekiten dionean bezala», adierazi zuen Patrick Modiano idazleak bere nobela guztiak berdintsuak zirela esan ziotenean. «Liburu bera da aldi bakoitzean, baina ikuspegi desberdinetatik. Ez dago errepikapenik, baina obra bera da». Villa Triste nobelan, bere ibilbideko laugarrenean, Modianoren gainerako guztietan bezala, «denboraren joana, memoria eta ahanztura» dira«muina», Joseba Urteaga itzultzailearen ustez, baina badu berezitasunik hala ere: «Bere nobela gehienetan ez bezala, akzioa ez da Parisen gertatzen». Igela argitaletxearen eskutik kaleratu berri du Urteagak Modianoren Villa Triste-ren euskarazko itzulpena.

Villa Triste nobelako kontalaria bainu-hiri batera joan da babes bila, inguruko mehatxu batetik ihesi, baina bi izaki aurkituko ditu han, itxura misteriotsukoak, berekin herrestan eramango dutenak. Modianori euskarara itzuli dioten bigarren liburua da Villa Triste. Lehena, Udaberri alua, Pello Lizarraldek euskaratu zuen, eta Igelak argitaratu, 2008an. Modianoren nobela hau hautatzerakoan, gazteentzako erakargarria izan daitekeela hartu zuen kontuan, besteak beste, Urteagak, pertsonaiak gazteak gazteak direlako, besteak beste.

Modianoren Villa Triste-z gain, beste bi nobelaren itzulpenak kaleratu berri ditu Igelak: Philippe Claudelen Brodecken txostena eta Marcia Grad Powersen ( Maitagarri-ipuinetan sinesten zuen printzesa, Itziar Diez de Ultzurrunek eta Usoa Wyssenbach Ibarrak euskaratuak hurrenez hurren.

Claudelen kasuan, Modianorenean bezala, orain kaleratu den hau euskarara itzulitako bigarrena nobela da; lehena, Linh jaunaren biloba, iaz kaleratu zuen Igelak, hura ere Itziar Diez de Ultzurrunek euskaratua —Vitoria-Gasteiz gazte literatura itzulpen saria jasoko du aurki lan harengatik—.

Beldurrari buruzko gogoeta

Brodecken txostena gerrak arrasto sakona utzi duen herribatean girotutako nobela da. Ustekabean arrotz bat doa herri hartara bizitzera. Inork ez daki nor den, zer egiten duen, zertara etorri den, eta horrek beldurrari ateak zabalduko dizkio. «Beldurraren inguruko gogoeta sakona» aurkituko du irakurleak, Itziar Diez de Ultzurrunen ustez, «arrotzari, bestelakoa, diferentea den horri diogun beldur zehaztugabe eta galgarriari buruzkoa» batik bat.

Marcia Grad Powersen Maitagarri-ipuinetan sinesten zuen printzesa Igela argitaletxeak Bidelagun sailean argitara eman duen hirugarren liburua da, Robert Fisher-en Armardura herdoilduko zalduna-ren eta Giovanni Boccaccioren Dekameron. Hamar ipuin-en ondotik. «Armadura herdoilduko zalduna-rekin eman genion hasiera sail honi, irakasle batzuek eskaturik», adierazi du Xabier Olarra Igela argitaletxeko arduradunak. «Hutsune hori nabaria zela adierazi ziguten, eta guk eskaera horri erantzun nahi izan genion. Jakin dugunez, badira hogei bat urte liburu hori erabiltzen zutela —eta dutela— zenbait irakaslek, etikako klaseetan. Euskarazko bertsioa erabiltzeko aukera dute orain».

Gisa berean, Maitagarri-ipuinetan sinesten zuen printzesa-k ere «helburu praktikoa» du, Olarrak adierazi duenez. «Ez da denbora-pasa hutseko liburua. Literaturaz baliatuz, irakurleari bere buruaz pentsarazi nahi dio, egileak berak dioen bezala: 'Printze urdina noizbait aurkitu eta geroztik harekin bizimodu zoriontsua izateaz amets egin ondoren, errealitate gordinarekin topo egin duen emakumeari zuzendua da liburu hau. Izan ere, ziurrenik, maite duen horrekin egunero bizitzeak txiki-txiki egingo zion ametsa'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.