Egiptoarren erdiek baino gutxiagok bozkatu dute Al-Sisiren alde

Botoen %96,35 jaso ditu armadako buru ohiak, datu ez ofizialen arabera, baina %46koa izan da parte hartzea

Xabin Makazaga.
2014ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
«Demokraziarako bidean urrats bat gehiago» egin du Egiptok presidentetza hauteskundeekin, Adli Mansur behin-behineko presidentearen ustez. Mohamed Mursiren kontra estatu kolpea eman ostean —60 urtean bozketa libreekin hautatutako lehen agintaria izan zen— armadak ezarri zuen bide orrian bi koska gainditu dituzte, Konstituzioa berritu eta presidentea aukeratu baitute; eta legebiltzarrerako hauteskundeekin iritsiko dute «etorkizun demokratikoa».

Abdel Fatah al-Sisi armadako buru ohiak airean irabazi ditu presidentetza hauteskundeak, botoen %96,35rekin, datu ez ofizialen arabera. Aurkari bakarra zuen, Hamdeen Sabahi, eta politikari nasseristak botoen %3,64 baizik ez ditu lortu: baliogabeak baino gutxiago. Parte hartzearen datua «sinesgaitza» iruditu zaio.

Al-Sisik, herritarrek hautatutako presidente bat agintetik bota zuen jeneral ohiak, ezin esango du herritarren erabateko babesa jaso duela. Parte hartzea %46 ingurukoa izan baita, eta, beraz, ia boto guztiak beretzat izan arren, egiptoarren erdiek ere ez dute babestu presidente izateko. Egia da, hein berean, Mursik baino hamar milioi boto gehiago jaso dituela, Anaia Musulmanen hautagaia 13 milioi boto-emailek babestu baitzuten bigarren itzulian, 2011n.

Al-Sisik, ordea, estatu kolpe bat zuritu beharra zeukan; eta militarrek jarritako agintariek direnak eta ez direnak egin dituzte, botoa emateko egun bat gehiago jartzeaz gain, herritarren parte hartzea sustatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.