Kataluniako adierazpenari helegitea jarri edo ez aztertuko du Espainiak

Adierazpena ikertzeko eskatu dio Raxoik Estatu Abokatutzari, eta ez inpugnatzearen ondorioak argitzeko

Erredakzioa
2013ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuaren subiranotasun adierazpenari buruzko premiazko txostena eskatu dio Espainiako Gobernuak Estatuko Abokatuari. Katalunia subjektu politiko eta juridikoa dela onartzen du agiri horrek. Abokatutzak horrela gomendatuz gero, inpugnatu egingo dute subiranotasun adierazpen hori. Ez inpugnatzeak izan ditzakeen ondorioak argitzeko ere eskatu du Ministroen Kontseiluak.

Espainiako presidente Mariano Raxoik esan du adierazpenak inolako ondorio juridikorik ez daukala. Halere, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeari txostena eskatzeko agindu dio. Oposizioaren buru Alfredo Perez Rubalcabarekin Espainiari buruzko ideia berbera partekatzen duela esan du, nahiz eta PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiko hainbat kide erabat kontrolik gabekotzat jo dituen. Izan ere, alderdiak aurka bozkatu arren, bost kidek ez zuten bozketan parte hartu. Kide horiei isun ekonomikoa jarriko diela jakinarazi du PSC alderdiak.

Bestalde, Artur Mas Kataluniako presidentea datorren eguenean batzartzekoa da Espainiako erregearekin. Raxoik jakinarazi du erregearekin batu ostean berarekin ere elkartuko dela Mas; noiz, baina, ez du zehaztu.

Kontsulta legea prestatzen

Mas Espainiako erregearekin batuko den egun berean hasiko dira kontsultarako lege berria idazten, Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidenteak iragarri duenez. CiUk eta ERCk egun hori baino lehenago Kontsultaren legea osatzeko eta Trantsizio Nazionaleko Kontseilua sortzeko tramiteak egiten hasiko direla hitzeman dute.

Kataluniako Presidentetzako kontseilari Francesc Homs 2014an egitekoak diren autodeterminazio kontsultaren nondik norakoez aritu da. Argitu duenez, ez da juridikoki bete beharrekoa izango, baina sinbolikoki eta politikoki eragin nabarmena izango du. Errolda berria egiteko asmoa ere badute, 16 urte baino gehiago dauzkaten herritar guztiek bozkatu ahal izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.