Latinoamerikako arima nagusi

Claudia Llosaren eta Celina Murgaren filmek muturreko bi ikuspegi aurkeztu dituzte Berlinalen

Agentziak
Berlin
2014ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Latinoamerikan egindako muturreko ikuspegiak dituzten bi filmek osatu zuten atzo Berlinaleko Sail Ofiziala. Alde batetik, Peruko zuzendari Claudia Llosak poloetako paisaia ikusgarria aurkeztu du Aloft filmean. Llosak Urrezko Hartza irabazi zuen duela bost urte La teta asustada filmarekin, eta, ordutik, ez da berriro lehiatu Berlingo zinema jaialdian. Aurten aurkeztutako lana aurretik egindakoaren oso bestelakoa da paisaiari dagokionez, baina mitoen eta erritualen gaia lantzen du beste behin. Zuzendariaren esanetan, belatzaren begirada imitatzen du filmak: «Sakratua dena, primitiboa dena, DNAan txertatuta daramagu. Ez da lurralde jakin batean aurkitzen, gizarte guztietan baizik. Horregatik, lurraldeen arteko bidaia ikus daiteke pelikulan».

Hain zuzen ere, Espainia, Erresuma Batua eta Kanadaren artean egindako koprodukzioa da Aloft. Nazioarteko aktore ezagunek parte hartzen dute han, hala nola Jennifer Connelly, Cillian Murphy eta Melanie Laurent. Connelly da filmeko protagonista, eta osasunaren artearen bila dabilen emakume indartsuaren papera interpretatzen du.

Istoriorik soilena

Berlinalen aurkeztutako beste lana Celina Murga Argentinako zuzendariaren La tercera orilla izan da. Soila eta baliabide gutxikoa, Llosaren lanaren oso bestelakoa da film hori. Itxuraz normal-normal bizi den nerabe baten eta haren familiaren istorioa kontatzen du Murgaren lanak, inolako abisurik gabe eztanda egiten duen arte. Protagonistak (Allan Devecat) duen begirada galdua da zerbait gaizki doala erakusten duen xehetasun bakarra. Nerabeak arazoak izango ditu aitarekin (Daniel Veronesa), azken horrek familiaren ardura guztiak semearengan uzteko asmoa duelako.

Murgaren arabera, itxurazko normaltasuna da filmaren gakoa: «Egunero familiek izaten dituzten arazoak ulertzeko balio du aurretik ezer ez erakusteak. Istorioa aurrera doa besterik gabe, bizitzan bezala».

Latinoamerikako bi pelikulekin batera, Diao Yinan Txinako zuzendariaren Bai Ri Yan Huo (Blanck Cool, Thin Ice) filma aurkeztu dute. Hiltzaileen arteko istorioa kontatzen du filmak, hilketa ikusgarriekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.