Asteburuko proposamenak

Sagardoa, XIX. mendeko erara

Donostia. Duela 200 urteko sagardotegia ipini dute Bretxan; atarian, bolatokia eta toka izango ditu

Sagardotegi zaharra irekiko dute asteburuan Donostiako Parte Zaharrean, Bretxan; hiru egunetan, sagardoa dastatzeko aukera izango da. BERRIA.
Araitz Muguruza.
2013ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Txotx garaiari ekin aurretik, sagardoa dastatzeko ateak irekitzen zituzten sagardotegiek. Sagardo apurua deitzen zaio probatze horri, eta modu horretan ikusten zuten nolakoa zetorren muztioa. Ohitura hura berreskuratzeko, XIX. mendeko sagardotegi zaharra ireki du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak Donostian, Bretxan. Igandera arte izango da zabalik.

Txotxarekin irekiko dute Sagardo Apurua, bihar, 18:00etan, eta bide batez, 2014ko sagardo garaia irekiko dute. Arantxa Eguzkitza Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko lehendakariak azaldu du Donostiak eta sagardotegiek bere garaian harreman estua zeukatela. «Garai horretan hiriko sagardotegietan jende asko ibiltzen zen, eta guk horrelako bat irudikatu nahi izan dugu». Horri jarraikiz, Sagardogileen Elkartea ohiturak berreskuratzeko lanean ari dela gaineratu du Eguzkitzak. «Antzeko ekintza da sagardo egunetan ateratzen dugun gurdi barrika».

Dekoraziorako erabili dituzten altzariak Aiete auzoko Munto baserritik hartu dituzte, duela hilabete gutxi batzuk erori zen baserri eta sagardotegitik, hain zuzen. «Denbora zeraman abandonatuta, baina oraindik ere, nahiko ongi daude hango upel, aulki eta mahaiak, eta tratatu ondoren hona ekarri ditugu», azaldu du Juan Carlos Berzosa Aieteko Lantxabe Auzo Elkarteko kideak. Asteburuarenondoren, Aieteko Katxolabaserrira bueltatuko dituztela gaineratu du, hura berreraiki zutenetik hangoak baitira altzariak.

Dozena erdi upelek, ertainek eta handiek, osatzen dute sagardotegi zaharra. Erdigunean mahai bat jarriko dute, eta oraindik indarrean dagoen ohiturari jarraituz, zutik dastatu beharko da sagardoa. Atarian, berriz, bola eta toka jokoak jarriko dituzte,XIX. mendean baserri inguruan horren estimatuak. «Garai batean usadioa zen baserriko lanak amaitu ondoren bola jokoan edo tokan aritzea», adierazi du Unai Agirre Sagardogileen elkarteko kideak. Joxe Mari Etxebeste Gipuzkoako Bola eta Toka Elkarteko kidea ziur dago Agirrek aipatutako itxura izango duela Bretxako sagardotegiak. «Lehengo eran, plaza beteko dute toka eta bola tokiek, eta orduan bezainbesteko jendetzarekin beteko dira». Haur eta helduek izango dute parte hartzeko aukera.

Bisitariak epaile

Eta sagardotegietan ohikoa den eran, jatekorik ere ez da faltako egun hauetan. Bakailao pintxo lehiaketa egingo da hiru egunetan. Parte Zaharreko hamar tabernetara joan beharko da pintxoak probatzera, eta, ondoren, horiek puntuak emateko aukera izango du bisitariak. Horretarako, papertxo batzuk banatuko zaizkie sagardotegi zaharrean. Han agertzen da tabernen zerrenda eta bakoitzari jartzeko puntuazio tartea. Igandean, orritxo guztiekin zozketa egingo dute. Atariko karpan, bestalde, parrilla jana egingo dute.

Igandean, gainera, sagardo dastatze gidatua egingo da, 11:00etan. Ondoren, bola tiraldi ofiziala egingo da. Han parte hartzeko izena eman beharko da, 10:00etan. Giroa alaitzen trikitilari eta bertsolariak arituko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.