Independentzia hizpide (II). Mixel Berhokoirigoin. Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganberako presidentea

«Burujabetza eta unibertsalismoa uztartu behar dira»

Euskal Herria Europa federal baten barruan ikusten du, baina, aldi berean, Euskal Herriak federalismo mota bat behar du bere barruan, oreka bermatzeko eta errealitate ezberdinak ahokatzeko.

Aitor Renteria.
Ainiza Monjolose
2012ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Berezko instituziorik ez du Ipar Euskal Herriak, eta, alde horretatik ikusita, independentzia urrutiko helburu gisa har daiteke. Alta, helburu horretan sakondu eta independentzia hitzaren definizioaz eztabaidatu behar dela dio Berhoirigoienek. Izan ere, Euskal Herrian ireki den egoera politiko berriak eta Ipar Euskal Herrian Lurralde Elkargoa lortzeko dagoen aukerak abertzaleen definizioa eskatzen du, independentzia hitza mamitzeko.

Independentziaren aldeko aldarria eta egitasmoak garatzen ari dira, bereziki Katalunian. Euskal Herrian ere horrelako gogoeta edo bidea hasi behar dela uste duzu?

Gogoeta eta eztabaida hasi behar dira. Edozein gisaz, abertzaletasuna indartsua da Euskal Herrian, eta ideia hori loturik dago independentzia aldarriari. Abertzaleek edo batzuek, bederen, helburu gisa jartzen duten kontzeptuada independentzia.Nik ez dut parte hartzerik alderdien mailan, baina anitzetan pentsatu dut independentziaren gaian sakondu behar dela, eztabaidatu. Zer errannahi du independentziak? Zer ezartzen dugu hitz horren gibelean? Lehen-lehenik, abertzale munduak eztabaida hasi behar du, argitzeko zer den, nola definitzen duen helburua. Eskakizun bat baldin bada, borroka baten helburu bat, jakin beharko dugu zer adierazi nahi dugun kontzeptua baliatzen dugularik. Anitz gehiago hitz egiten da —nahiz eta nire ustez oraindik ez den aski— ekonomiaz, garapen iraunkorraz eta gizarte ereduaz, independentziaz baino.Nahi ala nahi ez, loturik dago abertzale izaerari. Goiz ala berant, eta hobe goiz bada, abertzaleek eztabaida eremu hori hasi eta landu beharko dute.

Eztabaida eta gogoeta hasteko, ildoak edo perspektibak azaldu behar dira: zer den, nola heldu, epeak, lortzeko modukoak diren. Ildo eta definizio ezberdinak egon daitezke hor.

Bi proposamen edo gogoeta mota ikusten ditut. Batetik, independentzia goraipatzen dutenek ere ez diote balio bera ematen hitz horri. Bertze alde batetik, argitu behar da zer den independentzia gero eta irekiagoa den mundu batean.

Nola defini daiteke independentzia estatuek Europaren barruan eskumen gutxiago dutelarik, ekonomia globalizaturik dagoelarik?

Gero eta nekezagoa da gauzatzea independentzia zentzu klasikoan. Frantzian, independentziaren defendatzailerik sutsuenak Europaren eraikuntzaren aurka daudenak dira. Ez dute nahi burujabetzaren parte bat galdu, ezta bertzeekin partekatu ere. Nazionalismoaren alderik txarrena erakusten dute. Bertzeen aurkako jarrera erakusten dute; gainetik daudela. Subiranismo eta independentzia eredu hori sutsuenik defendatzen dutenak jakobinoenak dira, izan daitezen eskuin edo ezkerrekoak. Horrelako ikuspegi bat bada Euskal Herrirako, ez dut nahi. Ez nago eredu horren alde. Frantziaren eredu zentralista Euskal Herrira ekarri nahi bada independentziaren aldarriaren estakuruan, ez da gauza ona.

Ez dira anitz Frantziaren eredu hori aldarrikatzen dutenak Euskal Herrirako. Bertze definizio batzuk badira, berdintasunean oinarritzen direnak.

Ene ustez, independentismoa da herri bat ez izatea estatu indartsuago baten meneko. Horrek ez du erran nahi independentismoa dela bertze herri edo estatuekin ez partekatzea eskumen batzuk. Nire iritziz, independentzia ez da eskumen guztiak edukitzea. Formulazioa konplikatua da, eta, horregatik, eztabaidatzen hasi behar dugu. Aldi berean, bere buruaren jabe izatea, bere etorkizuna erabakitzea, lurralde baten bide politikoa erabakitzeko gaitasuna izan behar du independentziak. Baina, era berean, libreki onartu behar dira supraeskumen batzuk. Alegia, bertzeekin partekatzea eskumen batzuk.

Duenak parteka dezake; ez duenak, ez. Ez ote da partekatu baino lehen eskumenen onarpena behar?

Preseski eztabaida horretan sakondu beharra dago. Pentsatu behar dugu nola kokatu Euskal Herria Europan, haren gaitasuna atxikitzeko Europa federal batean. Ikuspegi hori gure kulturan kokatzen da, sindikatu gisa Via Campesinako partaide garelako eta hainbat eskumen haren esku uzten ditugulako, nortasuna galdu gabe. Burujabetzaren printzipioa eta unibertsalismoa uztartu behar dira. Bi identitate horiek ditugu, eta biak garatu behar ditugu. Independentziara buruz joateko, printzipio horiek errespetatuko dituen bide bat nahi dut.

Krisialdi ekonomikoak ez ote du erakusten independentziaren beharra?

Indartzen du, baina, nire iritziz, ez da jartzen ikuspegi positibo batean. Krisialdi garaian erratea behar dugula independentziari buruz joan gure burua hobe defendatzeko, gure kontra bihur daiteke. Lurralderik aberatsenek balia dezakete krisialdia; pobreenek, ez. Ez dut horrelako ildorik nahi, lehen aipatu dudan unibertsalismo arrazoiengatik. Egoismo mota bat da krisialdia baliatzea. Independentzia eskumenen partekatze zabalagoan kokatzen dut, aberats eta pobreen arteko partekatze ereduan, krisialdia egon ala ez. Populu gisa, gure errealitatearekin bizi behar dugu, baina besteekin. Ez dugu uniformitatean sartu behar, baina zabal ikusi behar da. Mutualizazio mota bat oinarrian ezarri behar da. Baldintza horrek bide ematen du independentziaren kontzeptua aitzinatzeko. Bertzenaz, bertzeen aurkako mugimendu gisa ikusiko dute kanpotik. Euskal Herrian independentziara buruz aitzinatu nahi badugu, erakutsi behar dugu ez goazela nehoren aurka. Alta, bertzeengandik hurbilago egoteko, gu izan behar dugu. Iparraldearentzat instituzio bat eskatzen dugularik, beti erraten dut bertze herriekilako harreman normalak izateko, konfiantzazkoak, gu izan behar dugula lehenik. Ez bagara, ezin dugu harremanik izan bertzeekin. Berdintasuna da oreka horren oinarrian, bertzela menpekotasunaz ari garelako mintzatzen. Bertze koadro bat behar dugu. Guk eskatzen dugunak bertzeak onar ditzake, ez delako deus nehoren aurka.Ez du nehoren eskumenik kenduko. Eskumena partekatu nahi ez duena estatua bada, hura agertuko da zapaltzaile gisa. Independentzia lortu ahal izateko, indarrak bildu beharko ditugu Euskal Herrian, baina kanpoan ere aldeko jarrera sustatu behar dugu. Mugimendu positibo gisa, bertze koadro bat eratu behar dugu, harreman eta oreka berri bat partekatzeko. Eremu zabalago batean, elkarrekin bizitzeko formula atzeman behar dugu. Europan izan daiteke, edo maila txikiago batzuetan. Gehiago eta gutxiago ahal dutenen artean elkartasun bideak behar dira. Ezin da sustatu dependentzia sortzen duen elkartasun eredurik.

Egitura administratibo ezberdinak izanik, independentziarako bideanerritmo ezberdinak egonen dira. Nolako prozesua beharko litzateke?

Ez dakit. Euskal Herriaren barruan, errealitateak ezberdinak dira, eta, ondorioz, erritmoak ere bai. Luzera begira, errealitate hori kontuan hartuko duen antolakuntza bat beharko dugu. Kanpora begira, federalismo mota bat behar dugu, eta Euskal Herriari begira ere bai. Inposizioa ez da eredua, eta errealitateak, emeki-emeki, federalismoaren bide hori osatuko du. Nazio ikuspegia eta antolakuntza beharko dira, baina baita federalismo motako izaera ere. Estatu bat egiten bada egun batez, ez dugu egin behar Frantziaren eredura; ezin da zentralismoa eraiki.Ikuspegi zentralista hori baztertua da abertzale munduan, baina kontzeptu gisa ere baztertu beharra dugu. Aitzinamenduak eta epeak finkatzeko, bakoitzak bere bidea egiten du. Iparraldea ere errazago sartuko da eztabaida horretangure koadroa lortu eta gero. Koadroak ere egiten du barnean bizi direnen kultura; aktoreak osatzen ditu. Anitz gauza aldatuko dira Iparraldean instituzioa ukanen dugularik. Perspektiba bat baldin bada, luzera begira, Europako Estatu Batuetan ezartzen dut, Euskal Herria estatu bat izanen delarik horren barruan, barneko aniztasuna errespetatuz, barneko errealitate ezberdinak kontuan hartuz. Europa hori sozialki onargarria eta partekatzailea izateko moldea atzeman beharko da.

Herritarren borondatean oinarritu beharko litzateke erabakia. Alta, nola finkatu subjektua, Ipar Euskal Herrian, adibidez, gero eta gehiago direlarik bizitzera datozenak?

Elementu horiek dira eztabaidatu eta aztertu behar direnak. Independentzia eta euskal estatua aipatzeko, gai horiek mahai gainean ezarri behar dira. Abertzaleek eta ez-abertzaleek ez ditugu independentziaren eta estatuaren definizio berak. Gatazka sor dezake horrek, eta, saihesteko, eztabaida bultzatu behar da, kontzeptuak argitzeko. Ez dut uste abertzale batek Chevenementek Frantziarentzat egiten duen interpretazioa egiten duenik Euskal Herriarentzat. Hala balitz, arazoa litzateke.

Frantziak sistematikoki ukatu du Euskal Herriaren onarpena. Nola jokatu beharko luke Ipar Euskal Herriak bere geroaz erabakitzeko eskubidea onar diezaioten?

Urraska egin behar dira gauzak. Orain Lurralde Kolektibitatea lantzen eta negoziatzen ari da Iparraldean. Xede hori bermatu behar da. Urrats bat egiteko, batu eta adostu behar da, helburu berak ez dituzten jendeekin ere bai. Batera mugimenduan ere hori ikusten dugu. Denek ez dute helburu bera, baina elkarrekin egiten dute urratsa. Hori da baldintza: berdinen artean eraikitzea.Burujabetzaren aldeko urratsak ikuspegi progresistan egin behar dira. Herriari eta identitateari loturiko gauzak jarrera kontserbadore gisa hartuak dira, nazionalismo zaharkitu baten aztarna gisa, batez ere jende progresista eta ezkerreko militanteen aldetik. Egin nahi ditugun urratsak ez ditugu eginen inposatuz; gehiengo batek onartu beharko ditu. Frantziako eta Espainiako estatuek ere onartu beharko dituzte. Guk, Euskal Herrian, ahal bezainbat jende jarri behar dugu gure alde, azalduz hobe dela herri honentzat, positiboa dela, ez dela nehoren aurkako urratsa. Kanpokoei azaldu beharko diegu. Ez da haien kontrako mugimendua, elkarrekin bertze gisa batera bizitzeko proposamena baizik, gauzak elkarrekin egiteko, baina molde ezberdinean. Mundua uniformizatuago eta perspektiba txarragoak izanen dira gure artean. Planeta herri bat baldin bada, eta mugak desagertzen ari badira, behar dugu atzeman beste arkitektura bat, bakoitza errespetatuko duena. Horrela aitzinatuko gara, indar progresistak alde ezarriz. Esperientzia hori izan dut Laborantza Ganberarekin. Anitz esplikatu dugu gure borroka eta nola kokatzen den lurralde baten ezagutzan, koadro instituzionalean. Jende progresistekin, zubia egiteko manera bakarra da azaltzea guk hemen egun eginnahi duguna, defendatzen ditugun balioak haiek beren eremuan defendatzen dituzten balio berak direla. Gure lotura, ikuspegi eta balio unibertsalen inguruan gauzatzen da. Unibertsalismo hori ez da abstraktua. Beharrezko erreferentzia da, baina ez da deus bakoitza bizi den lekuan gauzatzen ez bada. Haien parte hartze alorrean garrantzitsuak diren gauzek animatzen dute guk hemen egin nahi duguna. Balio berak dira, eremu ezberdinetan. Euskal Herriaren eraikuntzankontzeptu hori azaltzea lortzen badugu, aitzinatuko da gaia.

Energia alorrean, elikaduran, ur horniduran, Euskal Herriak badu baliabiderik independentzia lortzeko, edo independentzia lortu beharko luke berme horiek eraikitzeko?

Euskal Herriak esperimentaziorako aukera ematen du; laborategi izan daiteke. Hori gure gain da. Elikadura alorrean, burujabetzaren esperimentazioa egin daiteke, laborantza iraunkorraren ikuspegitik. Konkretuki, badugu aukera hainbat gauza probatzeko eta bertzeei ekarpena egiteko. Aipatzen dugun independentzia molde horretan, biziki konkretuki ikusten dut laborantzan egin ditzakegun urratsak. Aktore ugari badira Euskal Herri osoan jada esperientzia hori egiten ari direnak, lurralde mailan edo mikrolokalki. Energian, beste hainbeste. Euskal Herriaren independentzia eremu zabalago batean ikusten dut, zenbat eskumen egitura supranazionalarekin partekatuz. Energia alorrak, laborantza ereduak, elikadurak osoki izan behar dute lokalak. Definizioz, iraunkortasuna lokala da. Zenbat eta liberalizatuago eta industrializatuago, orduan eta zentralizatuagoak. Arkitektura politiko berri batek modua emango luke tokiko esperimentaziorako. Gauza berriak egiten badira, frogatuko da herrien antolakuntza berri horiek, hobeak direla guztiontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.