Europako hauteskundeak. Parlamentarien bizimodua

Brusela ezagutu gabe azkenean

Izaskun Bilbao (EAJ), Eider Gardiazabal (PSE-EE) eta Inaki Irazabalbeitia (Aralar) europarlamentariek lan asko egin beharra dagoela aipatzen dute. Lau egunez izaten dira Bruselan, eta ez ei dute bizitza sozialerako astirik.

Izaskun Bilbao EAJko europarlamentaria —erdian—, Bruselako erdiguneko plaza batean, bi euskal herritarrekin.
Enekoitz Esnaola Aitziber Laskibar Lizarribar Edurne Begiristain
2014ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariaren aholkulari Jon Goikoleak dio Europako Legebiltzarreko kontuek badutela era batera edo bestera irismen eta oihartzunik, eta adibide bitxi bat jarri du horretarako: «Nik gazte garaian errugbian jokatzen nuen, eta behin gorbata-eta Bruselako etxean utzi, eta Europako Parlamentura errugbiko elastiko batekin joan nintzen. Segituan esan zidan batek ez nengoela itxuroso, eta kentzeko. Kendu nuen. Neure ezusterako, ordea, segituan hasi zitzaizkidan Irlandatik-eta errugbi partidak jokatzeko gonbidapenak heltzen».

«Europa etxeko sukalderaino sartua» dela erakutsi nahian,berriz, Bilbaok kokotxen kontu bat zekarren bere blogean duela lau urteko artikulu batean. EAJko kideak zioen esportatzaileek kokotxak legatzaren buruko zatiak izateagatik ez zituztela Europatik baleko denak jasota;beraz, arriskua zegoen haiek kokotxak Euskal Herrira ez bidaltzeko, eta Bilbaok uste zuen galera handia litzatekeela euskal gastronomiarako. Galdera bat egin zuen Europako Parlamentuan, eta lortu zuen jakitea kokotxak esportatzeko lege arazorik ez zela. «Ikusten duzue hemen hartzen diren erabakiak sukalderaino sartzen direla. Garrantzitsua da hemen egotea, entzun gaitzaten», idatzi zuen blogean.

Besteek entzuteko edo kasu egiteko, komeni da «bustitzea», Inaki Irazabalbeitia europarlamentari eta Aralarreko kideak dioenez. Berdeak/ALE koalizioko txanda sistema segituz, iazko uztailean hartu zuen kargua, eta, tarte honetan, gauza bat «oso garbi» atera du: «Nahi baduzu beste parlamentariek zu errespetatzea eta haiekin elkarlana lortzea, egunero jardun behar duzu, bustita: batzordeetako bileretara joanda, eztabaidatuz, galderak eginez, beste egitasmoak babestuz... Parlamentuan sartzean, berehala ohartu nintzen besteak 'ea hau nolakoa den' esanez bezala egon zirela pare bat hilabetean».

Euren laguntzaileen lana goresten dute euskal diputatuek. «Askotan esaten dut pankartarekin jarriko direla lan itun justu baten alde...», dio Bilbaok. «EAJko bulegoan hiru gara, eta geuk bideratu behar ditugu gauza guztiak: txostenak, elkarrizketak, batzordeetako batzarrak, emendakinak, jardunaldiak, bilerak enbaxadekin...». Irazabalbeitiak Bruselako bulegoan bi langile dauzka. «Parlamentuan taldeko lana egin behar da, eta nik oso talde ona dut». Orotara, Europako Legebiltzarrean 3.500 behargin inguru aritzen dira diputatuentzat lanean, Bruselan nahiz Estrasburgon. Horrez gain, bakoitzak bere herrialdean ere baditu langileak.

Aspertzeko betarik ez dute, Eider Gardiazabal PSE-EEko eurodiputatuaren esanetan. «Lan hau ez da batere monotonoa. Bilera ofizialez gain, beste hainbat izaten dugu; baliteke egun batean etxe kaleratzeen aurkako plataformako kideekin batzartzea, beste egun batean energia alorreko enpresa batekin... Oso interesgarria da gure lana». Egunero mila mezu elektroniko baino gehiago jasotzen dituela dio. Erresuma Batuko eurodiputatu batek, baina, lan gutxi egin izana leporatu zion orain dela hiru urte.

Iturgaitzen jarduera

Legealdi honetan euskal diputatuen artean Bilbaok bideratu ditu ekinbide gehien, parlamentuko webgunean agertzen denez: 1.030 denera, saioetako parte hartze, galdera, txosten, idatzizko adierazpen, proposamen edo bestelakoak aintzat hartuz. Carlos Iturgaitz PPkoak, 46, baina hark badu aitzakiarik, aste honetan Deia egunkarian zioenez: «Eskaera Batzordean egon naiz ni, eta han ez dago ia txostenik; batzorderik politikoena da. EAJk orain nire jardueraren berri eman du. Oso langilea da Bilbao, ez dut nik hori ukatuko, baina oso politika folklorikoa egiten du».

Irazabalbeitia ere egon da Eskaera Batzordean —beste batzuetan ere bai—, eta behin baino gehiago egokitu zaio Iturgaitzekin egotea bileretatik kanpo. «Biok beti euskaraz egin dugu», dio Aralarrekoak. Parlamentuan, bestela, «harremanetarako» frantsesa, ingelesa eta alemana behar direla aipatu du. «Eta hizkuntza gehiago jakitea txarra ez: katalana, italiera, espainola...». Goikoleak esaten duen moduan, «Babelgo dorrea da» parlamentua.

Eta «hiri bat» ere bada, diputatuen arabera. Denetarik dago: tindategia, liburu dendak, janari dendak, bankuak, gimnasioa, tabernak, kiroldegia… Hamar bat mila langile daude denera. Handia da eraikina; Irazabalbeitiak dioen bezala, eurodiputatu beteranoenak oraindik ere batzuetan galdu egiten dira.

Euskal eragileen onurarako aritzeko asmoz, jeltzaleek «sarea osatzen» eman dute denbora asko, Goikoleak azpimarratzen duenez. «Pozik gaude». Aralarrekoa ere kontent dago egindakoaz, baina uste du euren lana ez dela askorik jasotzen hedabideetan, «Europari ez diotelako garrantzi handirik ematen». Euskal diputatua izan arren, bere «ekinbiderik mediatikoena»Valentziako (Herrialde Katalanak) telebista publikoaren alde egindako bat izan dela dio, hango langileak hartu zituenekoa —ERC ere izan da Berdeak-ALEko koalizioko kidea—.

Normalki, astelehenetik ostegunera izaten dira Bilbao —Goikolea ere bai—, Irazabalbeitia eta Gardiazabal parlamentuan. Bruselara Loiun edo Santanderren (Espainia) hegazkina hartuta joaten da Bilbao, Miarritzetik Irazabalbeitia eta Loiutik Gardiazabal. Hiru aste Bruselan, astebete Estrasburgon. Lekua aldatu beharra ez du gustukoa jeltzaleen aholkulari Goikoleak: «Etxetik kanpo zabiltza lanean, eta, gainera, batzuetan Brusela utzi eta Estrasburgora joan beharra daukazu astebeterako, hirugarren etxe batera. Ez da erosoa».

Bruselan bakoitzak bere bizimodua egin du. Bilbao, adibidez, bere bikotekidearekin bizi da. «Beraz, eramangarriagoa da».Gardiazabalek ere etxebizitza batean bizitzearen alde egin du. Hasieran hotel batean bizi zen, baina «oso inpertsonala» iruditzen zitzaion. «Egun guztia parlamentuan zaude, gauez hotelera iristen zara, eta ohera. Bakarrik sentitzen zara, abandonatuta bezala». Irazabalbeitiak nahiago izan du hotel batean hartu ostatu. Kalkulua egin, eta ondorioztatu zuen etxe bat alokatzea ez zuela merezi. «Izan ere, hilean gehienez ere bederatzi-hamar gau egiten ditugu Bruselan eta Estrasburgon. Hotel batekin tratu txukun bat egin nuen».

PSEkoak bizimodu berria du, duela hilabete bat ama izan baitzen. «Harrigarria bada ere, Europako Parlamentuan ez dago jasota amatasun baimena hartzeko eskubidea jasota. Ez dakit berriro ama izango naizen, baina datorren legealdian borrokatu egingo naiz parlamentuan amatasun baimena jaso dadin, ama izan denak etxetik botoa emateko aukera izateko behintzat. Izan ere, nire kasuan, haurdunaldiko azkeneko hilabetean medikuak atseden hartzeko agindu zidan; hori dela eta, ezin izan nintzen azkeneko osoko bilkurara joan, eta botoa emateke geratu nintzen». Senarra langabezian du, eta «hura arduratuko da alabaz, oraingoz».

Bizitza sozialik ez

Parlamentuan goizeko zortzietatik arratsaldeko zortziak aldera arteko lan jarduna izan dute. Irazabalbeitiak dioenez, gero legebiltzarreko lagun batzuekin tragoren bat hartu, zerbait jan eta hotelera, hori izan ohi du plana. «Nik ez dut Brusela ezagutu. Hoteletik parlamentua oinez hamar minutura dut, baina hiriaren erdigunea ez dut parean, eta, ia, legebiltzarrean eragileen bisitak izan ditugunean baino ez naiz joan zentrora». Gardiazabalek dio ez dutela «bizitza sozialik».

Irazabalbeitia Tolosako zinegotzia ere bada, eta ostiralak baliatu ditu udaleko zereginetarako. Goikoleak ostiralak eta larunbat goizak EAJko Espainiako diputatuekin-eta egoteko probesten ditu. Bilbaok asteburuetan bere herrian —Bermeon— hartzen du «indarra, kresal usainarekin». Ordea, «etxekoekin oso gutxi» egoten dela azaldu du. «Aipatzen didate zeinen agenda betea dudan, eta sumatzen duzu gustatuko litzaiekeela ni denbora gehiago egotea eurekin». Dena dela, uste du «jende asko» dabilela bera bezala atzera eta aurrera, hara eta hona. «Ez naiz bakarra edo salbuespena. Norberak garai bakoitzean eginkizun bat dauka».

Bilbao eta Gardiazabal berriro aurkeztu dira eurodiputatu izateko, eta litekeena da biek aulkia erdiestea. Irazabalbeitia ez doa zerrendan. Uztailaren 1ean hasiko da legealdi berria, eta ordura arte ariko dira. «Bitartean izango dira komeriak: gu, bulegoarekin, eta parlamentari berriak, batere gabe...», esan du Aralarrekoak.

«Pena» batekin utziko dio hark europarlamentari izateari: txostenik egin ez izana. «Astia behar da txostenak egiteko, aurkezteko… Nik urtebete ere ez daramat, eta ezin izan dut bat osatu. Pena hori daukat». Eta astia behar dela dioenean, han «adostasunak bilatu» behar direlako dio. «Kafe asko hartu behar duzu jendea alde jartzeko. Talde handiko kidea nahiz txikikoa izan, lan mota hori egin beharra dago. Parlamentuan ez dago gobernu eta oposiziorik. Euskal politikan ikasi beharko genuke Europan bezala adostasunak lortzen saiatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.