Capdevielle diputatuaren zuzenketa ez du sostengatu Lege Batzordeak

Sostengurik ez ukanik ere, lurralde elkargoari buruzko zuzenketa legebiltzarrean aurkeztea erabaki du

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Frantziako Lege Batzordeak ez du sostengatu Colette Capdevielle diputatuak deszentralizazio erreformari gehitu zuzenketa. Ipar Euskal Herritik egin aldarri instituzionalaren berri emanez, herenegun gauean berandu aurkeztu zuen diputatuak lurralde elkargoari buruzko zuzenketa. Eskaturiko lurralde elkargo horien aukera deszentralizazio erreforman sartzeko «beharrik» ez dagoela argudiatu zuen Lege Batzordeko txostengileak. Esplikazioari beste elementu bat gehitu zion: «Hautetsiak lurralde elkargo horren alde badira, ezerk ez die debekatzen bateratze neurri bat abiatzea, (...) edo, bestela, gobernuari edo parlamentuari dei egitea».

Hala eta guztiz ere, legebiltzarrera eramateko hautua hartu du Capdeviellek. Gehiengoa aurka kokaturik, aldeko botoak garaitzeko aukera gutxi du. Uztailaren 16tik 19ra aztertuko dute deszentralizazio erreforma. Beranta gehiegi ez baldin badute hartzen, 16 edo 17an behar lukete Capdeviellen zuzenketa bozkatu.

Frantziako Gobernuak ere aurkako postura berretsi zuen herenegun Lege Batzordean. «Ez dugu lurralde elkargorik sortuko Euskal Herriarentzat», Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroak adierazi zuenez. Iragan astean, diputatu sozialisten taldea ere zen kontra agertu. «Nire talde politikoa aurka kokatzen da, alta erraten didate erantzun juridiko adimentsu bat ekartzen dudala Euskal Herriko eskaerari. Esplikazioak itxoiten ditut», zion aurreko astean Capdeviellek. Soilik sei diputatu sozialistek eta Europe Ecologie Berdeak taldekoek diote elkartasuna adierazi. Lurralde elkargoaren aldeko koordinakundearen berri emanez, Lege Batzordekoei argiki azaldu zien egituraketa horrek «sostengu zabala» duela Ipar Euskal Herrian.

Ipar Euskal Herria «prest» da

«Euskal Herriak hamarkada luzeetan erakutsi du ikasle serioa dela, (...) lurralde hau heldua da, eta prest da lanean aritzeko eta lurralde elkargo baten garatzeko», Capdeviellen hitzetan. 1981. urtean jada François Mitterrand garaiko presidente sozialistak euskal departamendu bat hitzeman zuela oroitarazi zien.

Azaldu zuenez, antolaketa «sinplifikatzea», «gastuak emendatu gabe, hurbiletik jardutea» eta «lurraldeei antolatzeko adimen kolektibo bat eskaintzea» du zuzenketak helburu. «Normala da [Euskal Herrirako] erabakiak Pauen edota Bordelen hartuak izatea?» galdera egin zien.

Aurkezturiko testuak deszentralizazio erreformaren «izpirituarekin» bat egiteaz gain, Frantziako Konstituzioa errespetatzen duela argitu zien. «Ondare kulturalean berezitasun bat» izateaz gain, «elkartasun espazio bat» osatzen duten lurraldeentzat lurralde elkargo bat osatzeko aukera zabaltzen du zuzenketak.

Lurralde elkargoaren eskaera aitzina eraman ahal izateko herritarren babesa beharko dela zehazten du testuak. Bi moldez neurtua lirateke herri babesa: lurraldeko hautesleen %10ek eskaera sostengatzea da aukera bat, eta bozkatzaile handien multzoaren erdiak alde kokatzea bestea. Multzo horretan biltzen dira diputatuak, eskualdeko kontseilariak, kontseilari nagusiak eta herrietako kontseilarien ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.