Amat Escalanteren 'Heli', Horizontes Latinos saileko hautatuetan

Argentina, Mexiko. Txile, Brasil eta Uruguaiko 11 film aukeratu dituzte Zinemaldian emateko

Erredakzioa
Donostia
2013ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
«Urtean Latinoamerikan egin den zinemarik onenaren alde apustu sendoa» egingo du aurten ere Donostiako Zinemaldiak Horizontes Latinos sailean. Argentina, Mexiko, Txile, Brasil eta Uruguaiko 11 film lehiatuko dira; batzuk Europako herrialde batzuetako ekoiztetxeekin elkarlanean eginak dira. Film guztiek nazioarteko jaialdi garrantzitsuetan parte hartu dute, eta Donostian Horizontes saria lortzeko aukera izango dute. Sari horretarako berariaz sorturiko epaimahai batek erabakiko du zein film saritu, eta irabazleak 35.000 euro jasoko ditu; horietatik 10.000 euro filmaren zuzendariarentzat izango dira, eta gainerako 25.000 euroak Espainiako banatzailearentzat.

Orain arte edukitako harrerari erreparatuz gero, Amat Escalanteren Heli da (Mexiko) sailerako hautatu guztien artean gehien nabarmendu den filma. Cannesko zinema jaialdian zuzendari onenaren saria jaso zuen Escalantek lan horregatik. Polizia akademiako kadete bati dirua erraz irabazteko tentazioan erori ondoren gertatzen zaizkionak ditu kontagai.

Diego Quemada-Diezen La jaula de oro (Mexiko-Espainia) filmaren emanaldiak hasiko du saila; Cannesko zinema jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatutako lana da, Guatemalatik ihes egin eta AEBetan sartu nahi duten bi gaztetxoren gorabeheren kontaketan oinarritua. Jaialdi bereko sail berean estreinatu zen Lucia Puenzoren Wakolda (Argentina-Espainia-Frantzia-Norvegia).

Horizontes Latinos saileko gainerako zortzi filmak honako hauek dira: Alfredo Soderguiten Anina (Uruguai-Kolonbia), Caru Alves de Souzaren De Menor (Brasil), Marc Silverren Who is Dayani Cristal? (Erresuma Batua-Mexiko), Jose Luis Valleren Workers (Mexiko-Alemania), Fernando Coimbraren O lobo atrás da porta (Brasil), Victoria Galardiren Pensé que iba a haber fiesta (Argentina-Espainia), Matias Rojas Valenciaren Raíz (Txile) eta Ana Guevara eta Leticia Jorgeren Tanta agua (Uruguai-Mexiko-Herbehereak-Alemania).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.