Europako hauteskundeak. Kanpainaren hasiera

Kanpaina bat presidentegaiekin

Batasunaren historian lehen aldiz, Europako Batzordearen presidentea hautatzeko orduan gobernuek kontuan hartu beharko dituzte bozetako emaitzak, eta parlamentuaren gehiengoaren babesa beharko du hautagaiak.

Ska Keller eta Jose Bove eta Alexis Tsipras. BERRIA - ALESSANDRO DI MEO / EFE.
jokin sagarzazu
2014ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Europako Batzordearen buruan Jose Manuel Durao Barroso ordezkatu duen hautagaien zerrenda ezaguna da dagoeneko, eta hauteskunde kanpainan parte hartuko dute, gainera. Batzordeko presidente berria hautatzeko, hauteskundeetako emaitzak eta parlamentuaren gehiengoaren iritzia aintzat hartu beharko dute lehen aldiz Batasuneko estatuetako buruzagiek. Bost taldek aurkeztu dituzte hautagaitzak, eta talde horietako kide dira Euskal Herriko alderdiak. Eskuin muturrak ere bazuen asmoa bere hautagaia aurkezteko, baina atzera egin du azken orduan. Horien artean Frantziako Front Nationaleko buru Marine Lepen zegoen, Askatasunaren Aldeko Europako Aliantza taldearekin

JEAN-CLAUDE JUNCKER

Berlin eta Parisen artean

Jean-Claude Juncker (Redange-sur-Attert, Luxenburgo, 1954) da Europako Alderdi Popularraren hautagaia. Talde nagusia da egun Europako Parlamentuan: 766 legebiltzarkideetatik 274 dira talde horretakoak. Bertako kide dira, besteak beste, Hego Euskal Herrian PPren zerrendetan aurkezten diren hautagaiak eta Ipar Euskal Herrian UMPrekin eta beste alderdi txiki batzuekin —zentristekin eta erradikalekin— aurkezten direnak.

Azken urteetan egin da ezaguna Junckerren izena Europan. Baina azken hogei urtean izan du harreman estua Batasunarekin. 1995etik 18 urtez eta etenik gabe, izan zen Luxenburgoko gobernuburua. Urte horietan, esku hartze zuzena izan zuen Europako diru batasuna eraikitzen. Eta Eurotaldea sortu zutenean, 2005ean, euroa darabilten herrialdeak biltzeko, bera izendatu zuten erakundeko presidente. Iazko urtarril arte jardun zuen ardura horretan. Europak ekonomia krisiaren kolpea jaso eta hainbat herrialde zulo beltz batean sartu zirenean, eurogunearen kolapsoa saihesteko ahaleginetan nabarmendu zen Juncker. Berlinen eta Parisen arteko ikuspegi kontrajarriak kudeatu behar izan zituen, eta Europako iparralde aberatsaren eta hegoalde pobretuagoaren artean zubi lanak egin. Junckerrek bere burua liberaltzat dauka alor ekonomikoan, eta progresistatzat gizarte politiketan. Krisialdi ekonomikoak Europako jo zuenean, baina, finantza erakunde handiak ez hondoratzean jarri zuen arreta. Angela Merkelen babes «baldintzatuarekin» hautatu zuten taldeko presidentegai.

MARTIN SCHULZ

Sozialdemokrazia «berria»

Martin Schulz (Helrath, Alemania, 1955) da Europako Alderdi Sozialistaren hautagaia. 195 legebiltzarkide ditu taldeak egun, eta hor kokatzen dira Hego Euskal Herriko PSOEren hautagaiak eta Ipar Euskal Herriko PSkoak.

Schulz liburu saltzailea da ogibidez, eta 1991n sartu zen politikan, Würselen hiriko alkate bihurtuta. Hala ere, Europako Parlamentuan eginiko lanagatik egin da ezagun. Ia hamar urte eman ditu han: 2004tik da Europako Talde Sozialistaren burua eta 2012tik legebiltzarreko presidentea, Europako Alderdi Popularraren babesarekin.

Parlamentuaren osaketari dagokionez, talde sozialista litzateke oposizioko talde nagusia, baina legegintzaldi honetan proposamenen %70ean bat egin dute popularrekin. Schulz, halere, oso kritiko agertu da kontserbadoreen eta, bereziki, Merkelen politikekin, eta defendatu du Batasunak «norabide aldaketa» behar duela. Uste du sozialdemokraziaren «oinarriak» berreskuratu eta globalizazioaren testuingurura «egokitu» behar direla. Era berean, salatu du estatuburuek eta gobernuburuek Europako Parlamentuari jaramonik egin gabe gidatzen dutela Europa. Esana du Europako Batzordeko presidente izango balitz bere lehentasunak izango direla langabeziaren aurkako borroka, Batzordea herritarrei gerturatzea eta AEBrekiko «mendekotasuna» haustea. Schulzen lorpenik handiena da Europako Alderdi Sozialista batu izana. Hala ere, aurkariak ere baditu etxe barruan: Ed Miliband laborista britainiarra, bereziki.

GUY VERRHOFSTADT

Liberalismo «progresista»

Europako Liberalen eta Demokraten Aliantzako hautagaia da Guy Verhofstadt (Dendermonde, Flandria, 1953). Talde horretako kide da EAJ eta baita Hego Euskal Herrian jeltzaleekin koalizioan aurkezten den CIUko CDC alderdia ere —83 legebiltzarkide ditu taldeak gaur egun—. Hauteskunde kanpaina honetan Euskal Herrira etorriko dela baieztatu duen hautagai bakarra da oraingoz. Maiatzaren 13an eta 14an parte hartuko du Izaskun Bilbao jeltzalearen kanpainan

Belgikako lehen ministroa izandakoa da Verhofstadt, hiru legegintzalditan jarraian, 1999tik 2008ra. Eta 2009tik da Europako liberalen burua. Orain, Europako Batzordeko presidente izateko hautagaia izatea lortu du liberal demokraten taldearen barruan Batzordeko kide ohi Olli Rehn finlandarriari gailenduz. 2004an ere, Belgikako lehen ministroa zela, saiatu zen batzordeko presidente izaten, baina orduan Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak betoa jarri zion, Verhonfstadt «federalistegia» zela argudiatuta.

Open VLD alderdikoa da Verhofstadt. N-VA alderdi independentistaren aurkari nagusia da Flandrian. 2012an, Daniel Cohn-Benditt Berdeen presidentearekin batera Europaren alde izeneko liburua idatzi zuen. Bere ideia «aurrerakoiak» azaltzeaz gain, estaturik gabeko nazioak aintzat hartuko dituen Europa «federal» bat defendatu zuen. Verhofstadek ordezkatzen duen taldea sozialisten aliatu nagusia izan da legegintzaldi honetan; bozketen %80 baino gehiagotan bat egin dute.

JOSE BOVE eta SKA KELLER

Isildutako ahotsen alternatiba

Europako Aliantza Librea-Berdeak taldea izango da hautagaitza partekatua aurkeztuko duen bakarra. Jose Bove (Talence, Frantzia, 1953) eta Franciska Ska Kellerrek osatzen dute bikotea (Guben, Alemania, 1981). Talde horretako kide dira Hego Euskal Herriko EH Bildu, Ipar Euskal Herrian aurkezten den Europe Ecologie, Kataluniako ERC eta ICV eta Eskoziako SNP, besteak beste. 58 legebiltzarkidek osatzen dute taldea gaur egun.

Bove da taldeko aurpegi ezagunena, baina Kellerrek hark baino 65 gehiago lortu zuen hautagaia aukeratzeko bozketan. Biak dira 2009tik eurodiputatu. Nekazaritza eta Landa Garapenerako Batzordeko presidenteordea da Bove. Oso gaztetatik aritu da gizarte mugimenduetan, eta 1968ko Maiatzeko protestetan modu aktibo batean parte hartu izanagatik egin zen ezagun. Bovek hainbat esparrutan egin du borroka: herrialde txiroenen alde, feminismoan eta ekologismoan, bereziki. 1987an, Confederation Paysanne sindikatu sortu zuen Frantzian, eta arrakasta handia lortu zuen .

Ska Kellerrek, berriz, Alemaniako gizarte mugimenduetatik eta , bereziki, animalien eskubideak defendatzeko taldeetatik egin du Europako politikarako jauzia. 2009tik dago parlamentuan, eta migrazioarekin lotutako gaiak jorratu ditu batez ere. Gaztea izanagatik ere, proiekzio handiko politikaritzat daukate Europan, eta azken legegintzaldian ezagun egin da parlamentuan pisu handia duten hainbat politikarekin izandako aurrez aurrekoengatik .

ALEXIS TSIPRAS

Ezkerretik ezkerrera

Alexis Tsipras (Atenas, Grezia, 1974) da Europako Ezkerraren Alderdiko hautagaia.Talde horretan daude, besteak beste, Hego Euskal Herriko Ezker Batua, Ipar Euskal Herrian aurkezten den PCF frantziarra, Irlandako Sinn Fein, Bloco de Esquerda portugaldarra eta SYRIZA greziarra. 35 eurodiputatu ditu taldeak.

Tsipras Greziako alderdi komunistetako kide izan da 80ko hamarkadaren amaieratik. Synaspismos Greziako Mugimendu Ezkertiarren eta Ekologistaren Koalizioko kide da, eta Atenasko alkategai izan zen 2006an, Synaspismosek eta SYRIZAk babestuta. 2008an, Synaspismos alderdiko presidente izendatu zuten, eta 2009tik parlamentaria da Europan. Europar Batasunaren zorroztasun politiken kontrako mezu argia dauka, eta estatuen zorrak gutxitzea proposatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.