Ionan Marigomez. Biologia doktorea

«'Prestige'-ren hondoratzea aurreikus zitekeen; ez zen kasualitatea izan»

2012ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Ionan Marigomez Biologia doktoreak esan du zaila dela Prestige-ren isuriek eragindako kalteak zein diren praktikan jakitea. Baina berretsi du hango ekosistema ez dela lehengoa. Marigomezek hitzaldia eman du Bilbon.

Prestige-ren hondamendiaren ondorioz, zein zientzia ezagupen berri lortu dituzue?

Ikasi dugu zer egin behar dugun horrelako isuri bat berriro gertatzen bada. Prestige hondoratu zenean ez geneukan ez daturik, ez irizpiderik eta ezta prestakuntzarik ere horrelako zerbaiti erantzuna emateko. Ez genekien zenbaterainoko eragina izango zuen, ezta zenbat denbora iraungo zuen ere. Oso gauza puntualak genekizkien. Ondoren, lau urtez izugarrizko ekintzak egin ziren ikerketaren aldetik. Proiektuak egiteko diru laguntzak eta funtsak zeuden, baina gehienak 2006 eta 2007an amaitu ziren. Ikusi dugu jarraipen programa bat behar dela, pixkanaka gauzak nola doazen eta ondorioak nolakoak eta zenbaterainokoak diren jakiteko.

Hainbat ekologista taldek eta herritar elkartek salatu dute ez dela ikerketa sakonik egin. Egia al da?

Ikerketa integratu asko egin dira, eta datu kopuru ikaragarria lortu da. Baina egia da ez dela egin halako tratatu bat. Eta seguru asko, ikertzaileok ez ditugu behar bezala zabaldu ditugun datuak. Ez dugu asmatu. Gainera, kudeaketaz arduratzen direnek ez dute ardura handirik azaldu; ez digute ezer galdetu, eta ez dakite guk zer dakigun.

Neurtu al daiteke isuriak izandako eragina?

Teorian bai, baina praktikan ez daukagu nahikoa datu. Isurketagertatu zen lekuan kutsadura kronikoa dago. Inguru urbanizatua eta industrializatua da, eta horrek interferentziak sortzen ditu. Batzuetan zaila da bereiztea isurketaren ondorioa den edo kutsadura kronikoarena. Klima aldaketak ere eragina du.

Nola eragin die isurketak kutsatutako eremuei eta ekosistemari?

Ez zen hilabete bateko edo bi asteko kontu bat izan. Bi urtez Portugaletik Hondarribira bitartean izan zuten eragina ontziaren isurketek: arrainei, organismoei, planktonari eragin zion… Hondoratzea gertatu eta urtebetera, konposatu kimikoen neurria oso baxu zegoen leku guztietan. Horrez gain, 2006. urtean oraindik ere zehar kalteak ikusi genituen.

Posible izango da eremu haiek guztiz lehengoratzea?

Agian, lehengoratu dira, baina ez dira lehen ziren bezalakoak izango. Ekosistema ez da estatikoa. Aldatzen da, itzultzen da lehengora, baina desberdina da.

Aurreikus zitekeen Prestige-ren istripua ?

Prestige-ren hondoratzea aurreikus zitekeen; ez zen kasualitatea izan. Non gertatu zen? Costa da Morten, mundu osoan itsasontzien mugimendu gehien duen lekuetako batean. Batez ere, petrolioa garraiatzen duten itsasontziak pasatzen dira handik. Beraz, hondoratze bat gertatzekotan, petroliontzi batek izan behar zuen. Ez zen kasualitatea, probabilitateen batura besterik ez da. Petrolio isurketen mapa ikusita, erdia baino gehiago han gertatu dira. Gainera, ontzia bera desastre bat zen; ez zegoen inolako kontrolik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.