Pastor
Darwin eta gu

Ines eta Idoia

2013ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Uztailaren 20an izan zen, 1997an. GRAPOko kide Jose Maria Sanchez Casas kartzelatik irten zen, barruan 18 urte pasatu eta gero. «Bidegabekeria dagoen bitartean, armak eskuan segitu beharko dugu borrokan, suposatzen dut», esan zuen, artean espetxeko atea atzean zuela. Hori hobeto azaltzeko eskatu zioten kazetariek. Ez zuen amua irentsi: «Nahi al duzue ni barrura itzultzea?». Damu ote zara? «Gobernua damutuko dela espero dut».

Hamasei urte geroago, «gobernua damutuko dela espero dut» esateak ondorioak ekarriko lizkioke preso ohi bati. Ines Del Rio Pradaren askapena beste testuinguru batean gertatu da. Orain, arauak partidaren erdian aldatzen dituzte, presoa komenentzien arabera bahitzeko. Estrasburgok ezetz esan arte.

Preso bat ez damutzeak ez du esan nahi berriz deliturik egingo duenik, baina horrek ez dio balio estatuari. Bestalde, presoak portaera «ona» izateak ez dakar, derrigorrez, damurik. Beraz, nola neurtu damua, estatuak gatibuari eskatzen dion plus hori, libre utzi baino lehen? Adierazpen publiko baten bidez, iraganari osotasunean muzin eginez. Pertsona batek pena edo damua senti dezake ume bat nahi gabe hil izanagatik, eta halakorik ez izan torturatzaile ezagun bat nahita hil badu. Ez da nahikoa. Damu orokorra behar da. Alfonso Alonsok esan du Del Rio beti izango dela hiltzailea gizartearen aurrean. Preso ohiak jakingo du nola kudeatu herritar gutxik edo askok hori pentsatzea, baina ez luke hain zaila izan beharko. Fraga Iribarne jauna eta PPko beste kide, boto-emaile eta jarraitzaile batzuk egoera berdinean egon dira, eta aurrera egin dute arazo handirik gabe.

Estatuak osotasunean nahi du damutzea, borroka politiko mota bat ukatzeko. Ildo horretan ulertu behar dira Iñigo Urkulluk Vocento taldeari aste honetan eginiko adierazpenak. Urkulluk «iraganaren irakurketa kritikoa» eskatu die ETAri eta «ustezko helburu politikoak» zituen indarkeria justifikatu dutenei. «Ustezko helburu politikoak». Lehendakariak gustukoa du ezker abertzalea deslegitimatzea. Ilegalizazioaren garaian la autodenominada izquierda abertzale esaten zuen. Inoiz ez du esango ustezko demokrazia edo los autodenominados demócratas, herri honi erabakitzeko eskubidea ukatzen dion erregimen juancarlistari edo estatuaren indarkeria nolabait justifikatu dutenei buruz ari denean. ETAko kideak gudaritzat, militantetzat, terroristatzat edo hiltzaile putakumetzat dituzten guztiek argi dute pertsona horiek helburu politikoak dituztela. Urkulluk badaki hori. Beste kontu bat da helburuekin edo horiek lortzeko bidearekin bat egitea. Del Rio libre irten eta gero, presoak banan-banan damutzearen alde egin du lehendakariak. Langraizko bidearen alde.

Egigurenek esana du zoru etikoaren kontzeptuak kutsu erlijiosoa duela, eta ez zitzaiela frankistei edo polimiliei eskatu birziklatu zirenean. Zertara dator orain? Damutuko al dira jeltzaleak? Presoen sakabanaketa sostengatu zuten damutzearen politika bultzatzeko. Hitz egin zuten preso haren senideekin —alderdiko kideak ziren—; presoaren anaia ertzaina kartzelara joan zen bisitan hura iritziz aldatzeko konbentzitzeko—manipulatzeko, esango lukete beste kasu batzuetan—. Alferrik. Ez zen kasu bakarra izan. Sakabanaketaren porrotaren ondoren hasi zen EAJ neurri hura kritikatzen. Ezin pentsa justizia eta gizatasun arrazoi hutsengatik izan zenik.

ETAren biktimen abokatu batek, Jose Maria Fuster-Fabrak, «epai juridikoki injustua eta negatiboa» iritzi dio Estrasburgoren erabakiari El País egunkarian. Fuster-Fabrak hainbat polizia eta guardia zibil defendatu ditu azken bi hamarkadetan. Idoia Lopez Riañoren aurrean egon da auzitegietan. Del Riori bezala, Madrilgo Dominikar Errepublika plazako atentatuaren erantzukizuna egotzi zioten Lopez Riañori —ETAk 12 guardia zibil hil zituen bertan—. Orain Langraitzen dago. Abokatua oraindik gogoratzen da hartaz: «Nola egon daiteke hain gaiztakeria handia hain begi ederretan?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.