Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azoka

Sumatu ditugu iristen

Lisabok fisikotasun muturrekoz erakutsi ditu 'Animalia lotsatuen putzua' disko berriko kantuak Plateruenan, eta Jupiter Jonek distira egin du estreinakoan.

gorka erostarbe leunda
Durango
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Ezagutzen dituzu, eta, hala ere, sartuko zaituzte lokatz putzuetan. Badakizu zein diren beraien soinu jukutriak, eta oskolik gogorrena jantzita eramanda ere, animalia lotsatu eta hunkitu sentiaraziko zaituzte. Euren festara eramango zaituzte. Euren tribuko egingo zara, eta oinazearen intimitatea sentituz geroztik, ez zara aurpegiera berdinarekin aterako festa horretatik.

Denboran oso atzera egin eta Harri Aroko erritu musikal bat bizitzearen tankerakoa izan zen asteazken gauez Lisabok eta Jupiter Jon taldeek Durangoko Plateruenan emandako kontzertua. Agerpen distiragarria eta arnas-berritzailea izan da Jupiter Jonena. Baxi Ubedak (gitarra eta ahotsa), Joxe Caballerok (baxua), Nerea Garridok (gitarra eta sintea) eta Aida Torresek (bateria eta ahotsa) rock erritmiko, dantzagarri (ez du horrek esan nahi elementu elektronikoak dituenik) eta dibertigarria landu dute Pleiztozenozko astelehenak lehen diskoan. Disko horretako kantuak jaurti zituzten, bateriak eta baxuak markaturiko erritmo tribalez, ahots tartekatze ederrez eta ñabarduraz jositako gitarrez. Ibon Rodriguezek (Eten, Le Noise...) indar handiz sartu zuen saxoa Errege anfibioa-n eta Blurt taldearen The Fish Needs a Bike kantuaren bertsioan. Mikel Laboaren Kirru-ren bertsioa ere egin zuten. Zeresana emango du, inondik inora, Jupiter Jonen proposamen harriketar eta zinematografikoak.

Harriketarrek, dibertitu ez ezik, katarsirako eta sentimenduen sublimaziorako tarterik izango zuten. Hartarako beta eman zuen Lisabok aspaldi luzean emandako lehen kontzertuak, Animalia lotsatuen putzua diskoaren aurkezpenekoak. Hasiera basatia izan zen Oroimenik gabeko filma eta Ez zaitut somatu iristen diskoaren ordena berean joz. «Korapilo honetan norberak badu bere haria», dio bigarren horrek zati batean, Martxel Mariskalen hitz aztoragarrian, eta entzule bakoitza jabetu zen bere haria bazuela soinu korapilo trumoitsu horretan. Lisabotarrak iritsi direla sumatu genuen ordurako.

Ezarian diskoko Hemen naiz, ez gelditzeko baina izugarri bat, Nekearen teoria eta Ur gainean (xarma berezia du Karlos Osinaga Txap eta Manterolak batera abesten dutenean) izan ziren aurreko lanetatik berreskuraturiko kantuetako batzuk. Intentsitatea izan du ikurtzat beti Lisabok. Intentsitatea muturrera eraman du lan berrian, eta zuzenekoan ere nabari da. Ivan Zabalegi eta Eneko Aranzastik osaturiko bateria bikoteak ez dusinkronia eta indar amiñirik galdu, eta Xabi Zabala baxu jotzaile berria betiko Lisabo kide modura agertu zen oholtzaren gainean.

Kontzertuaren erdialdera intentsitateak apur bat behera egin zuen. Musika kontzertua soilik ez, performance fisikoa da Lisaborena; tripa, eztarri eta errai hustuketa, angustia existentzialen exorzismoa, eta nekea ere eragiten du horrek. Arnas pixka bat hartu zuten, ordea, bost taldekideek, eta irudikatzen ere zaila den amaiera basarako prestatu ziren. Joseba Ponce (Dut, Kuraia)igo zen oholtzara, eta power trio bikoitz bat osatu zuten, bai soinu aldetik bai agertoki gaineko simetria geometrikoari erreparatuz. Ikus-entzulearen ezkerraldean Osinaga, Ponce eta Aranzasti, eta Manterola, Zabala eta Zabalegi eskuinean. Zer egiteko gai gara? eta Laboaren Gure hitzak kantatu zituzten, besteak beste, formazio horrekin, mugimendu koreografia frenetikoan. «Ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal» Lisaboren zuzenekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.