Portugaletek itsaso mugituan ere irabazten dakiela erakutsi du

Zierbenako estropadan justu-justu nagusitu zaio Lekittarrari, segundo bakarraren aldeaz

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Portugaleteren inguruan bi kontu esaten ari dira arraun munduan. Bat agerikoa da: indartsuena dela. Atzo ere erakutsi zuen Zierbenan. Bigarren kontuak dio itsaso mugituarekin ez dela hain trebea. Atzo, ordea, hankaz gora bota zuen baieztapen hori; ezeztatu egin zuen. Itsaso mugitua denean ere badaki lanak ondo egiten, eta horixe erakutsi zuen atzo. Justu izan bazen ere, Lekittarra baino hobea izan zen, eta segundo baten aldea egon zen ligako liderraren alde. Hirugarren lekuan etxeko trainerua sailkatu zen, ia sei segundora. Ligako bigarren postua galtzeko ez du arriskurik, ordea. Gaur bukatuko da KAE 1 liga SantoƱan (12:00), eta Portugaletek eta Zierbenak berretsi egingo dute San Miguel ligara igotzeko kanporaketa jokatuko dutela.

Sailkapeneko beheko postuetan ere ez zen ezer aldatu, eta atzo ere Getxo eta Arkote izan ziren azkena eta azken-aurreko. Biak izango dira KAE 2 ligara ez jaisteko kanporaketan.

KAE 2 ligari dagokionez, atzo Getariak irabazi zuen Erandion. Ondarroak hobetu egin zuen aurreko asteetako lana, eta bigarren postuan amaitu zuen, ia bost segundora. Ligako liderra izan zen hirugarren, Busturialdea, 26 segundora. Orain, sailkapenean, lider segitzen du, eta lau puntura dauka Getaria, eta zazpira Ondarroa. Gaur bukatuko da liga,Mundakan (11:30).

Zumaiak ezustea eman du

Gipuzkoako ligako azken estropada jokatu zen atzo Orion, eta Zumaiak ezustea eman zuen, Getaria-Tolosa faboritoari aurrea hartuta. Lehia estua izan zen bien artekoa, eta, azkenean, segundo pasatxoren tartea egon zen. Ziabogan ere aurretik zen garailea, bost segundo lehenago eman zuelako buelta. Baina azken luzean, estutu egin zen gauza, eta larri ibili ziren zumaiarrak. Atzo, Zarauzko traineruarekin aritu zen Zumaia, eta Kontxako sailkatze estropadan ere hala ariko dira. Ligako garailea Getaria-Tolosa izan da, bigarren Zumaiak egin du, eta hirugarren San Juan izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.