Kataluniako burujabetza adierazpena baliogabetu egin du Konstituzionalak

Tramiterako onartu du auzitegiak Espainiako Gobernuaren helegitea, eta bertan behera utzi du adierazpena behin-behineanBurujabetza prozesuak aurrera jarraituko duela esan dute CiU, ERC, ICV eta CUPek

Xabin Makazaga.
2013ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Kataluniako herria subjektu politiko eta juridiko subiranoa dela eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukala onartu zuen urtarrilaren 23an Kataluniako Parlamentuak. Adierazpen hori, baina, baliogabetu egin du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, Mariano Rajoyren gobernuak jarritako helegitea tramiterako onartze hutsarekin. Adierazpena sustatu zuten indar politikoek, dena den, Espainiak jartzen dituen traben gainetik Kataluniako burujabetza prozesuak aurrera jarraituko duela erantzun dute.

Auzitegi Konstituzionalaren batzarrak ez du parlamentuaren adierazpenaren mamia aztertu. Baina Estatuaren Abokatuaren helegitea onartzearekin, Konstituzioaren 161.2 artikulua aintzat hartuta, Kataluniako Parlamentuak aldeko 85 botorekin, kontrako 41ekin eta bi abstentziorekin onartu zuen adierazpena behin-behinean baliogabetu egin du. Bost hilabeteren buruan edukia aztertu eta behin betiko ebazpenik hartu ez badu, baliogabetze hori indarrik gabe utzi edo luzatu erabaki egin beharko du Auzitegi Konstituzionalak. Estatuaren Abokatuak argudiatu zuen Kataluniako adierazpena «Konstituzioaren aurkako ageriko desafioa» dela, bereziki 1.2 artikuluaren aurkakoa: subiranotasuna «Espainiako herrian» datzala dio artikulu horrek.

Kataluniako Parlamentuari hogei eguneko epea eman dio Konstituzionalak alegazioak aurkezteko, eta hala egingo dutela aurreratu du Nuria de Gispertek. Ganberako presidenteak inoiz ikusi gabekotzat jo du «izaera politikoa duen ebazpen bat» auzitegiak baliorik gabe uztea, eta gaur bertan biltzekoa da Bozeramaileen Batzordea ebazpenaren kontrako arrazoibideak prestatzeko.

Burujabetza prozesua aurrera

Artur Mas Generalitateko presidenteak harridura azaldu duKonstituzionalaren erabakia dela eta: «Ezohikoa, oso kezkagarria eta erabat etsigarria da». Hala ere, parlamentuan subiranotasunaren aldeko adierazpena bultzatu zuten beste alderdietako buruen gisan, Kataluniaren burujabetza prozesuak aurrera jarraituko duela esan zuen.

Atzo bertan, erabakitze eskubideari buruzko ikerketa batzorde bat eratzea onartu zuen Kataluniako Parlamentuak CiU, ERC, PSC, ICV-EUiA eta CUP alderdien eskariz. Konstituzionalaren ebazpena aintzat hartuta, PPk eta C's-ek eskatu zuten puntu hori bertan behera uzteko, baina gainerako alderdiek ez zieten men egin.

Bost indar politiko horien artean, PSCk izan ezik gainerako guztiek babestu zuten urtarrilaren 23an burujabetza adierazpena, eta atzo nabarmendu zuten Espainiako auzitegiek ebazten dutenaren gainetik Kataluniako herritarren nahia ezingo dutela isilarazi eta «bide orriari» bere hartan eusten diotela.

Espainiako Gobernuak, berriz, bozkarioz hartu du ebazpena, parlamentuaren adierazpena baliogabetzea aurrekaritzat ikusten baitute CiUk eta ERCk 2014. urterako jarri duten jokalekuaren atarian: independentziari buruzko herri galdeketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.