Sanferminak Iruñean. Sanfer-minak

Gaur ez dut minik

joxerra senar
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Sanferminen aurreko garaian, —badakizue, duela mundu bat—, irratian aditu bati entzun nion sinestesia zentzumenen nahasketa bat dela, eta musika sinfonia bat, kasu,entzun beharrean ikusi egiten dela koloretan. Kandinski margolariari hori gertatzen omen zitzaion. «A zer pena, inoiz ez dut halakorik biziko!», esan nuen nire baitan, baina sanferminek erakutsi dute oker nengoela.

Ez, ez du psikotropikorik hartu. Demagun: esnatu berri zara, eta entzierro aurreko minutuetan Jarauta kalean sartzen zara. Kaleak zaplasteko bat eman dizu sudurrean, dena beltz kolorekoa bihurtzen da, iluna; urdaila itzulinguruka hasten zaizu, eta dutxa hartu berri duen azala «alde hemendik» mezua igortzen hasten zaizu, baldin eta kaleko komunetara gerturatzen bazara. Aldiz, zigarreta ahoan gau osoa pasatu duen albokoa erabat immunizatua dago, ez du sinestesirik.

Entzierroa amaitu eta lipar batez, Estafeta tabernetan txurroak gosaldu nahi dituen jendez bete aurretik, heriotzarantz zuzendu diren sei zezenen molekulak oraindik ere airean daude. Beldur kolorgea izan liteke. Alaitasuna, berriz, urrunean entzuten diren gaiten oihartzuna da eta Caravinagre-ren atzetik doazen haurren irriek sortzen dizkizuten kilimak. Edo goizaldeko zazpietan La Pamplonesaren dianek erakartzen dituzten gaupasero eta goiztiarren artalde zuri-gorri lausotua.

Ez dakit, zinez, sinestesia ote den, baina aurreko egunetako minak desagertu zaizkit... Gaur ez dut minik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.