Lore Erriondo. UEUko zuzendari ohia

«Laguntza kenduta, Zelaak argi utzi du zer balio ematen dion gure lanari»

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak laguntzarik gabe utzi izanak UEU kolokan jarrri duela salatu du Lore Erriondo zuzendari ohiak.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 177.840 euroko diru laguntza eman dio aurten Udako Euskal Unibertsitateari (UEU). Erakundeak funtzionatzeko duen aurrekontuaren %25 da hori. Datorren urterako, ordea, laguntza hori gabe geratu da UEU. «Zelaak euskararekin zer-nolako sentsibilitatea duen erakutsi du», dio Lore Erriondo zuzendari ohiak (Errenteria, 1960).

Berri kezkagarria, ezta?

Bai, oso albiste kezkagarria da. Jakina da euskalgintzako esparru guztietan ari direla egiten murrizketak. UEUren kasuan, kontuan izan behar da irabazi asmorik gabeko erakunde bat dela. Hortaz, are garrantzitsuagoak dira diru laguntza horiek; batik bat funtzionamendurako direnak. Hain zuzen, horiek kendu dizkigute. Orain arte, jaitsierak izan arren, moldatu gara. Baina egun ezer gabe gaude. Gainera, egiten duzun lanaren balioa onartzeko modua dira neurri handi batean laguntza publiko horiek. Dirua kenduta, Zelaak argi utzi du UEUk 40 urtez egindako lanak ez duela errekonozimendurik merezi. Argi utzi du gure lanari zer balio ematen dion. Hori oso mingarria da guretzat.

Haren erabakia izan dela uste duzue?

Ezin dugu hori ziurtatu. Baina harena ez bada, inguruan dituenena da. Izan ere, aurrekontuei emendakinak aurkezterako orduan, alderdi guztiekin hitz egin dugu, eta alde agertu zaizkigu; tartean, hainbat sozialista. Gainera, proiektuetarako diru laguntzak ematen dizkiguten beste sail batzuekin ere izan ditugu harremanak. Horko arduradunek oso abegikor hartu gaituzte. Ez da horrela izan Hezkuntza sailburuarekin. Gure belarrietara iritsi dira gisa honetako komentarioak: «Hauek ez dira unibertsitatea», edo «lortuko dituzte laguntzak beste bide batetik». Alde guztietatik axolagabekeria handia erakutsi dute, erantzukizunik eza eta diru publikoaren erabilera politikoa. Euskararekin duen sentsibilitaterik eza agerian utzi du Zelaa sailburuak, eta haren jarrera lotsagarria izan da.

Eta hemendik aurrera, zer?

Jakina da Nafarroako Gobernutik ez dugula laguntzarik jasotzen eta Euskararen Erakunde Publikoak diru sail txiki bat ematen digula. Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietatik ere jasotzen ditugu laguntzak, eta haiekin ere ari gara hizketan egoera zertxobait bideratzeko. Baina hor laguntzak askoz murritzagoak dira, eta denok dakigu zein larria den egoera ekonomikoa. Hortik aurrera, aztertzen ari gara zer egin. Izan ere, UEUren iraupena bera dago jokoan une honetan. Lehen milioi euroko aurrekontu bat genuen, eta murrizketengatik, berriz, 500.000 eurokoa. Proiektuetarako jasotzen dugun dirua horietara bideratzen dugu. Baina hortik harago, kudeaketara eta zerbitzuetara bideratutako hainbat lanpostu ditugu. Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan eta Lapurdin ditugu bulegoak. Beraz, ikusi egin beharko dugu langileekin zer gertatzen den. Haien egoerak asko kezkatzen gaitu. Bestalde, berriz planteatu beharko ditugu abian ditugun proiektuak. Urteroko batzarra urtarrilera aurreratu dugu, premiazkoa baita egoera azaldu, aztertu eta erabakiak hartzea.

Eskaintzen dituzuen proiektuetatik, zeintzuk dira zuentzat estrategikoak?

Guretzat denak dira garrantzitsuak, asko baititugu: liburugintza, aldizkariak, goi mailako prestakuntza, masterrak, euskarazko software sorkuntza, orientazio zerbitzua... Batzuk erori dira jada. Saiatuko gara, ditugun baliabideekin, ahalik eta gehienekin jarraitzea.

Euskarazko unibertsitatearentzat kolpe gogorra, beraz.

Zalantzarik gabe. Azken batean, gu gara horren alde lanean ari diren ikasle, irakasle eta bestelako eragileen bilgune. Gure nahia litzateke UEU existitu behar ez izatea. Horrek esan nahiko luke euskarazko unibertsitatearen aldeko lana egiten dutela erakundeek eta ez dagoela premiarik. Baina ez da egiten, eta unibertsitatean euskararen normalizazioa urruti dago. Baina hori behar-beharrezkoa da. Azken batean, unibertsitatea da goi mailako prestakuntza, sorkuntza eta etorkizuna. Politikoki lobby bat ez garen heinean, ez gara arriskutsu. Beraz, agintariek nahi dutena egiten dute. Euskalgintzaren patua da hori, oro har.

Euskal unibertsitate bat sortzeko proiektu bat ere bada martxan. Hori bultzatu dutenen artean dago UEU. Azken murrizketak ikusita, zertan da proiektu hori?

Hori guztia kolokan dago baita ere, ez baitu diru sarrerarik. Bazter batean utzita dago, finantzaketa faltagatik. Hezkuntza Sailari ez zaio interesatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.