Neonazien eraso batean militante antifaxista bat hil dute Grezian

Hiltzailea atxilotu dute, Egunsenti Urrekarako kidea dela onartu du, eta alderdi neonaziaren egoitzak miatu dituzte

Erredakzioa
2013ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Hip hop kantaria eta ezker muturreko militante antifaxista, elastiko beltzekin izandako liskar batean hil zuten Pavlov Fyssas, bularrean labana sartuta, Atenasen. Erasotzailea berehala atxilotu zuen Greziako Poliziak, eta Egunsenti Urrekara alderdi neonaziko kidea dela onartu du.

Etorkinak eta ezkerreko militanteak jazarri ohi dituzten neonazi taldeak dira elastiko beltzak, Egunsenti Urrekara alderdiaren jarraitzaileak eta segurtasun alorrean aritu ohi direnak. Greziako Parlamentuan 300 eserlekuetatik 18 ditu alderdi neonaziak, eta, ekonomia krisiaren eraginez, gero eta jarraitzaile gehiago ditu.

Erasoa herenegun gauerdian izan zen Pireon, Olympiakosek eta Paris Saint Germainek Txapeldunen Ligan jokatu zuten partidaren ostean. Fyssas lagun talde batekin kafetegi batean zela, futbolaz hizketan hasi eta politikaz eztabaidatzen bukatu zuen 15 bat elastiko beltzekin. Liskarrean, haietako batek labankada eman zion bularrean.

Hilketaren ondoren, Poliziak Egunsenti Urrekararen bulegoak miatu ditu Atenasen. Alderdi neonaziak, halaber, bera erasoarekin lotzeko saioak salatu ditu, eta hilketa gaitzetsi ere egin du.

Legez kanporatzeko eskaerak

Greziako alderdiek estu hartu dute Egunsenti Urrekara, eta elastiko beltzen erasoen aurrean neurriak eskatu dituzte. Nikos Dendias Ordena Publikoko ministroaren ustez, «hilketa basatiak argi erakusten ditu alderdi neonaziaren izaera eta helburuak». Parlamentuan lege eskaera bat egingo dutela ere iragarri du, zigor kodean erakunde kriminala eta talde armatua nola jasota dauden berrikusteko. Egunsenti Urrekara legez kanporatzeko lehen urratsa izan liteke.

Andonis Samaras lehen ministroaren alderdikideez gain, Syriza, Pasok eta Dimarreko buruzagiek ere «talde kriminaltzat» jo dute Egunsenti Urrekara. Are hitz gogorragoak erabili zituzten KKE Greziako Alderdi Komunistak eta Antarsya alderdiak, eta hilketa salatzeko elkarretaratzea egin zuten ehunka lagunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.