NBEk dio Israelen okupazioa «garbiketa etniko baten parekoa» dela Jerusalemen

Palestinarrekin bake negoziazioak hasten diren aldiro, kolonien eraikuntza hazi egiten da lurralde okupatuetan

Soldadu israeldarrak, palestinar baten inguruan Nablusen, Jerusalemdik ekialdera. TALI MAYER / EFE.
Xabin Makazaga.
2014ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Ia sei urte egin ditu Richard Falk estatubatuarrak lurralde palestinarretan giza eskubideen egoera aztertzen, NBE Nazio Batuen Erakundeko kontalari berezi gisa. Eta, kargua uztear dagoelarik, Israelen okupazioak eragindako ondorioei buruzko argazki argi bat atera du: lurralde palestinarren okupazioak «anexio» baten traza guztiak ditu, eta, Jerusalem Ekialdean, «garbiketa etniko baten parekoa» da, Israel eremu horren osaera etniko eta demografikoa aldarazteko eginahal sistematiko eta jarraitua ari baita egiten.

Jerusalem Ekialdean juduentzako «legez kanpoko kokaguneak» eraikitzea nahitara sustatu du Israelek, Falken arabera, palestinarrek egoitza mantentzeko zailtasunak ezartzearekin bat. 11.000 palestinar baino gehiagok galdu dute 1996tik Jerusalemen bizitzeko eskubidea, Israelen beraren datu ofizialen arabera.

NBEren kontalariaren ustez, koloniak eraikitzeko planak dira Israel eta palestinarren artean konponbide politiko bat lortzeko eragozpen handiena; are, planak gero eta erritmo azkarragoan onartzen dituztela aintzat hartuz gero. Iaz, 2013an eraikitzen hasitako kolonien kopurua bikoiztu egin zuten Zisjordanian.

Azken urteetan eraikitako kolonia kopuruak aztertuta, ondorio bitxi bat ere atera du Falkek: israeldarren eta palestinarren arteko bake negoziazioei berriro ekin izan dietenetan, aldiro handitu egin da koloniak eraikitzeko erritmoa, eta Israelgo soldadu eta poliziek ere gehiegizko indarra erabili dute. NBEren kontalariaren arabera, «zuzeneko harremana dago, baina kontrara, bake negoziazioen eta palestinarrek eguneroko bizimoduan dituzten errealitateen artean».

Erabat ezkorra da Falk bake negoziazioen emaitzei buruz,eta itxaropen handiena palestinarren erakunde zibileksustatutako nazioarteko kanpainekin dauka, «Israelen kontrako boikota sustatzen duten gisakoekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.