Yogurinha Borova. Musikaria

«Sormenak gainezka egiten dit»

Euskal musikan trabestismotik eginiko diskoak falta direla dio, «apurka euskal mentalitatea aldatzen ari den arren». Oraintsu ateratako 'Carbono catorce' lana aurkeztuko du gaur Bilbon.

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Eduardo Gabiñak (Laudio, Araba, 1969) Yogurinha Borova sortu zuenetik hamabost urte joan dira. Eta trabestismoaren barnean jaiotako pertsonaiak La cajera del Carrefour abestia egin zuenetik, hamar bat. «Gozatua ematea» beste asmorik ez duten abestiak Carbono catorce diskoan (Gor) bildu ditu. Eta aurkezpenak egitearekin batera hasiko da bigarren lana prestatzen. Durangoko Azokarako atera nahi du. Bilboko La Bola de Cristal aretoan izango da gaur, 22:30ean.

Placeboko gitarrista Stefan Olsdalekin abesti bat grabatzea gustatuko litzaizukeela esan zenuen Interneten, eta lortu egin duzu.

Viva el pop atarian jarri nuen Ser actriz abestia, eta, norbaitek bertsiorik egin nahi izanez gero, adibidez, Madonnak, U2k edo Placebok, arazorik ez nuela idatzi nuen. Stefan Olsdalen senargaiak irakurri egin zuen, eta grazia egin zion. Gainera, Mick Marsek masterizatu du abestia, Londresen. Massive Attack, Prodigy eta beste hainbat talde ezagunekin lan egin du Mick Marsek!

Halakorik ez zenuen esperoko sarean hura idatzi zenuenean…

Ezta horren erdia ere! Hala ere, jolas bezala planteatu zuten. Hotel Persona taldea egiteko asmoa zuten, eta gauza batzuk probatzen hasteko modua izan zen beraientzat.

Konplexuak alde batera utzi eta asmo handiagoz jokatu beharko genuke?

Interneten bidez zabaltzen duzu lan bat, eta ez dakizu noraino irits daitekeen. Agian Almodavarrek entzungo ditu nire abestiak, baina ezin dut jakin. Valentziako lagun batzuek esan zidaten Monica Naranjo nire jarraitzailea dela, atera kontuak... Internet nahiko demokratikoa izan daiteke.

Pierre Pascualek Paris Paris sortu eta abestu du, eta La Prohibidak ere parte hartu du Dios creó a la mujer abestian. Beste musikari batzuek babestuta atera nahi izan duzu plazara?

Kolaborazio bakoitza mundu bat da. Oso disko zabala da, eta denetariko kantuak daudenez, denentzako kantuak daude. Jendez inguratuta egin nahi izan dut diskoa, lotsatia naizelako. Dibertigarriagoa ere bada. Las Fellinirekin ikasi nuen jende gehiagoren artean errazagoa dela ondo pasatzea. Gogorra da bakarrik egotea eta energiari eta tentsioari eustea.

Productos lácteos abestia euskaraz ere jaso duzu diskoan, Esnekiak gogoko ditut titulupean. Bide urratzailetzat duzu zeure burua?

Durangoko Azokarako beste disko bat ateratzeko asmoa dut, euskaldunagoa. Euskarazko abesti gehiago izango ditu. Euskarazko musikaren panoraman falta dira trabestismotik edo transformismotik eginiko lanak. Baina ez diot merkatuari begiratzen hau egitean, gustatzen zaidalako eta sinesten dudalako egiten dut. Hasieran, abestiak gaztelaniaz egitea ere kostatu zitzaidan. Euskaraz egitea beste urrats bat izan da. Diskoetxe batek disko bat ateratzea zaila bada, gu serio hartzea eta diskoa atera nahi izatea harrigarria ere bada. Jendeak uste du burutik eginda nagoela, eta norbaitek serio hartzea ondo dago. Apurka ari dira gauzak aldatzen, euskal mentalitatean ere.

«Nire lagunek badakite honen guztiaren atzean azkenean Eduardito gaixoa dagoela», esan zenuen diskoa aurkeztean. Noiz zara Eduardo Gabiña eta noiz Yogurinha Borova?

Muturrekoak dira Eduardo eta Yogurinha: bata lotsatia da, bestea lotsagabea. Askotan Eduardorentzat denbora atera behar dut, Yogurinha nagusitu egiten baitzaio. Pertsonaia hori erokeria bat da, eta kezkak eta beldurrak ateratzeko balio dit.

Orain arte Interneten doan zabaltzen zenuena disko batean jasotzea eta saltzea erabaki duzu. Afizioa ofizio bihurtzeko urratsa eman nahian zabiltza?

Disko bat egitea gogorra dela konturatu naiz, baina tira, bigarrena egiteko ideia pila bat dauzkat, eta jende askorekin ere hitz egin dut. Gero, denbora batez atseden hartuko dudala uste dut.

Nolakoa izango da udazkenean aterako duzun disko hori? Goserekin country abesti bat egin nahi duzu?

Sormenak gainezka egiten dit! Goserekin uda ostean hasiko naiz lanean. Hemendik At! taldeko Iker Sadabarekin eta La Otxoarekin ere lan egingo dut diskoan, baita Oskorriko Fran Lasuenekin ere.

Orain artean estilo horretako diskorik argitara eman ez duen Gor diskoetxearekin atera duzu Carbono catorce. Nolatan?

Antonio Goñirekin bizi naiz. Ez litzaioke inoiz okurrituko nire disko bat ateratzea. Baina Patxi Goñi egun batzuetan egon zen etxean Durangoko Azokan, eta ordenagailuan neukan materiala erakutsi nion. Berak deitu zidan gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.