Donostiako 60. Zinemaldia. Bernardo Atxaga eta Joxeanjel Arbelaitz. 'Leku hutsak, hitz beteak' filmaren egileak

«Norberaren filosofia azaltzeko, ordubete da gutxieneko tartea»

Bernardo Atxagaren ibilbideari buruzko dokumental bat ondu du Joxeanjel Arbelaitzek, idazlearen beraren gidoian oinarriturik.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Kursaal barruko zurrunbilo, zarata eta berotik alde egin nahi du Jose Irazuk (Asteasu, Gipuzkoa, 1951). Arnasa hartu nahi du Bernardo Atxagari buruzko Leku beteak, hitz hutsak dokumentalari buruz hitz egiteko. Itsasoari begira jarri da kanpoan, argazkiak ateratzeaz bat arnasa lasai hartzeko, baina sosegu handirik ez dio eman zigarreta bat eskatuz hurbildu zaion trajez jantziriko gazte hordituak. «Ez zioat ulertu; zer eskatu zidak?», galdegin dio alboan duen lagunari. Joxeanjel Arbelaitz izan da Atxagari buruzko dokumentalaren sustatzailea eta zuzendaria.

Lekuak jendez eta zalapartaz beteta ikusten ditu Atxagak. «Horror vacui moduko bat bizi du jendeak. Levi-Straussek esan zuen hori dela gizakiaren maila primarioena. Denak bildu beharra... Maila oso primarioan gabiltza». Eta kontrara. Hitzak husten ari direla uste du idazleak: «Nabarmena da hitzaren desagerpena. Batez ere, leku batzuetan. Badira munduan lekuak non ondo eta asko hitz egiten den. Hemen halako histeria moduko bat dago, eta ezin da entzun elkarrizketa bat funts pixka bat duena».

Kontrakoaren metafora azalduz hasten da, hain zuzen ere, Atxagaren unibertso poetikora hurbiltzeko xedea duen filma: «Suak hustasuna behar du, piztuko bada. Hala behar du idazleak ere. Hutsunea behar du sorkuntzaren sua pizteko», dio gutxi-asko Atxagak filmaren lehen esaldietako batean. Hark egina da gidoia, eta bera da hizlari bakarra dokumentalean. Elkarrizketa luze baten traza dauka dokumentalak, garai eta leku desberdinetako irudi, argazki eta bideoz hornitua. Arbelaitzek hasieratik oso argi izan zuen Atxagak berak izan behar zuela gidoilari: «Hori zen aukera argi eta egokiena, dudarik gabe. Atxagari buruz Atxagak berak zer esan dezakeen. Hori nuen interesgune».

Eta horretarako, zer hobea dokumentalaren generoa hautatzea baino. Azken 30 urteetan zinematik aldendua egon da Bernardo Atxaga, salbuespen gutxi batzuekin —Montxo Armendarizek Obaba egin zuen 2005ean, Atxagaren Obabakoak liburuan oinarriturik—. Zinemarekin baino gehiago, fikziozko filmekin dago nekaturik. «Ez dut umorerik izaten horretarako. Baina dokumentalak asko gustatzen zaizkit. Ikasteko gogoz nago oraindik, eta dokumentaletatik ikasi egiten dut».

Atxagaren unibertso literarioa eta obra hobeto ulertzeko gakoak ematen ditu lanak. Azaltzen du Obabaren mundu imaginarioaren jatorria, azaltzen ditu jaioterriaren (Asteasu) eta literatur hiriaren (Bilbo) arteko dikotomia, abangoardiaren eta errealismoaren artekoa. Azaltzen du poesiak eta hitzak zein garrantzia duten bere bizitzan eta ibilbidean: «Hitzak etengabe mugitzen dira. Etengabe hartu behar dugu hitzak ondo aukeratzeko erabakia».

Baina, oroz gain, idazle izatea noiz eta zergatik erabaki zuen azaltzen du filmak. «Asteasutik irten eta Bilbora iristean konturatu nintzen mundua ez zela Asteasun amaitzen. Ezta Tolosan ere. Ezta Donostian ere. Hura beste mundu bat zen. Abangoardia ezagutu nuen. Idazleak behar du hiria idazle izateko», dio pasarteetako batean.

Bigarren zatirik ez

Literaturaren munduan 30 urte egin ditu Atxagak, eta bere idazle jarduna errebindikatzeko modu bat ere bada filma, hein batean. «Aukera ona eskaini zidan Joxeanjelek dokumental honekin. Batetik, 60 urte beteak ditut, eta 30 urte dira idazle profesional naizela. Apaiz batek esango luke banitatea dela. Hala izango da, baina ez hori bakarrik. Bada, baita ere, gogo bat azaltzeko nik egin dudana, batez ere, Obabakoak-en zatiarena, norbaitek noizbait jakin nahiko balu ere... Ze ibilbide izan dudan, ez baita izan ibilbide arrunt bat ere. Euskal idazle baten ibilbidea ezin baita sekula ere arrunta izan».

Entzuten den ahots bakarra Atxagarena izanik, ia jarraian dator galdera, ea inoiz planteatu zuten beste norbaiten iritzi edo kontrasterik sartzerik. Atxagaren erantzuna ere zuzena da: «Dokumental formula bat da ni neu hitz egiten azaltzearena. Nik beti esaten dut: norberaren filosofia azaltzeko, ordubete da gutxieneko tartea». Besteen iritziez osaturiko beste zati bat egon ote litekeen galdetu orduko.... «Nik atea itxi egiten diot bide horri. Orain artean ez bada izan, ez da izango etorkizunean ere. 30 urtean esperientzia bat pilatu dut. Ibili naiz mundu guztian barrena, era guztietako jaialdietan ibili naiz, eta Euskal Herrian inork ez dit inoiz ezer galdetu, salbuespen bakarrarekin, azken urteotan Etxepare Institutuak galdegin baitit honetaz eta hartaz. Inori ez zaio interesatzen nire esperientzia, kultur eragileei, arduradunei? Ba ez».

Joxeanjel Arbelaitzek argi dauka «aukera zoragarria» dela Atxagaren berri izateko, eta, bai Euskal Herrian, «herriz herri», baita nazioarteko jaialdietan, ahalik eta gehien ikustea nahi luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.