'Bateragune auzikoen' helegitea atzera botatzeko eskatu du fiskaltzak

Konstituzionalak ez du eperik bost lagunen babes helegiteari buruzko erabakiaren berri emateko

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko Fiskaltzak argi dauka: Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jazintok, Arkaitz Rodriguezek eta Miren Zabaletak preso egon behar dute sei urte eta sei urte eta erdiko zigorrak bete arte. Espainiako Auzitegi Gorenak haien kontrako espetxe zigorrak irmo egin ostean, bost presoek babes helegitea jarri zuten Konstituzionalean, haien eskubideak urratu direla argudiatuz. Berri agentziek atzo jakinarazi zutenez, fiskalak txostena helarazi berri du Konstituzionalera, presoen eskubideak ez direla urratu eta preso mantendu behar direla adieraziz. Fiskaltzaren txostena jaso ostean aztertuko du gaia Konstituzionalak. Auzitegiak ez du eperik erabakia jakinarazteko.

Lau eskubide urratu zirela argudiatu zuten Jone Goirizelaia eta Iñigo Iruin defentsa abokatuek Konstituzionalak aztertu behar dituen babes helegiteetan: errugabetasun printzipioa, inpartzialtasunaren printzipioa —Angela Murillo epaimahaiburuak epaiketan izan zuen jarreragatik—, akusazio printzipioa eta justizia eraginkorrerako eskubidea. Eskubide horietako bakar bat ere ez dela urratu dio, ordea, fiskaltzak.

Fiskalaren arabera, bost lagunak «ETAko kide ziren, talde politiko gisa», eta Espainiako Estatutik aparteko estatu bat sortu nahi zuten Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroarentzat. «Beren helburuak lortzeko, inoiz ez dute baztertu armak erabiltzea, eta beren ibilbidean ez dute indarkeria gaitzetsi, ez banaka eta ez taldean», gaineratu du.

Baina, ezker abertzalea bide politiko eta baketsu soiletara lerratzea eragin zuen eztabaida sustatzeagatik atxilotu, epaitu eta zigortu zituzten bost lagunak. Eztabaida hori ETAk aginduta bideratu zutela argudiatu zuen fiskalak, eta, beraz, bost lagunak ETAkoak zirela esan. Interpretazio horixe hobetsi zuten Auzitegi Nazionalak eta Gorenak ere. Baina, Iruinek Konstituzionalean jarritako helegitean argudiatu zuenez, horretarako, logikaren kontra interpretatu zituzten epaiketara eraman zituzten hiru dokumentu. Ikusteko dago Konstituzionalak nori ematen dion arrazoia: defentsei edo fiskaltzari.

Kontua da auzitegiak ez duela epe mugarik erabakia hartu eta haren berri emateko. Defentsek salatu izan dute presoek zigorra beteta eduki dezaketela erabakiaren berri ematerako. Izan ere, lau urte daramatzate giltzapean, dagoeneko. Horregatik eskatu zuten defentsek erabakiaren berri eman bitartean bost presoak aske uzteko, baina Konstituzionalak ezetz erabaki zuen, fiskalaren eskaera jarraituz.

Pernando Barrenak PP egin du fiskaltzaren txostenaren erantzule. «Gatazkaren konponbidearen alde aritutako kideak zigortu nahi ditu PPk, azken finean, inboluzio agenda duelako martxan, bakea eraikitzeko aukera zapuztu nahian». «Argudio demokratikoak» falta zaizkionez, fiskaltza, gobernu ordezkariak eta Guardia Zibila baliatzea aurpegiratu dio Espainiako Gobernuan dagoen alderdiari. «Hautestontzietan lortzen ez duena lortu nahi du PPk indarkeriaren bidez».

Bost lagunak askatu eta «espetxe politika kriminala» bertan behera uzteko eskatu du Sortuko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.