Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena

Autodeterminazio «obligazioa» aldarri

Idazleen obrak erabilita, askatasunari eta historiari buruz gogoeta egin zuten 'Hemen gaude!' ikuskizunean

Berrehun lagun inguruk hartu zuten parte lipdub-aren grabaketan. JON HERNAEZ / A RGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Gernika-Lumo
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Gernika errautsetatik berpiztu zen duela 75 urte, zerutik eroritako suntsipenak eta heriotzak sinbolo bihurtu ostean. Euskal Herria desagerrarazteko ahaleginen ikur bihurtu du Gernika 1937-2012 Batzordeak; hala, bonbardaketaren urteurrena probestu du iragana etorkizunera begira aztertzeko, orainaldiko aro politikoa «historikotzat» hartuta garai berriak «eman ahal izango duenaz» ohartzeko. Hemen gaude! ikuskizuna plazaratu zuen atzo taldeak, autodeterminazioa aldarri bihurtuta, Gernika-Lumoko Jai-Alai frontoian (Bizkaia). Mila lagun baino gehiago bildu ziren aberriari eta nortasunari buruzko hausnarketa kolektibo bihurtutako saioan.

Kultura, historia eta politika uztartu zituen ia ordubeteko lanak. Gotzon Barandiaranek egokitutako antzezlanean, euskal idazleen olerkiak eta abestiak solasaldi bihurtu zituzten Kukubiltxo taldeko hiru emakumek eta gizon batek. Tarteka, Rafa Rueda buru zuen bost laguneko musika taldeak jarri zien doinua aktoreen hitz eta keinuei, baita pantailan ageritako irudiei ere.

Hunkidura eta itaunak izan ziren emaitza. «Zenbat zalantza? Zenbat galdera? Hori ona da, herri bizia garela esan nahi du», adierazi zuten obraren amaieran. Bata bestearen atzetik heldu ziren askatasunari, aberriari, bidegabekeriari, etorkizunari eta euskarari buruzko dudak eta gogoetak.

Joseba Sarrionandiaren poemak lagunduta antzeztu zuten bonbardaketa bera, orain 75 urteko izua, babesgabetasuna, suntsiketa, kea eta negarrak gogora ekarriz. «Zenbat Gernika?», galdetu zuten. Baina Euskal Herriko historiako pasarteak eta sentipenak ere eszenaratu zituzten. Imanolen bertsoak baliatu zituzten erruduntasunik gabeko nortasuna aldarrikatzeko: «Nire euskaltasuna bekatu bat da, eta ez du mea culpa-rik». Tapia eta Leturiaren kantuaz azaleratu zituzten Euskal Herrian dauden kontraesanak eta zailtasunak: «Zenbat euskaldun ditu gaur Euskal Herriak? Ez lirateke gutxi, balitu erdiak. Zenbat gobernu ditu gaur Euskal Herriak? Behar baino gehiago, balitu erdiak».

Baina askatasunaren eta autodeterminazioaren bueltan egon ziren gogoeta nagusiak. «Nazio bat eraikitzeko eskubidea, borondate kolektiboaren ondorioa da, ez historiarena», esan zuten. Berriz ere Sarrionandiaren lana baliatu zuten azaltzeko nazioa ez dela izatea, egitea baizik; borondatea, nahia aldarrikatu, eta etsipenaren kontra egin zuten: «Dena ez da ezinezkoa. Eskubideak eginbehar bilakatu behar dira». Beraz, segituan heldu zen ondorioa: «Autodeterminazio eskubideaz baino gehiago, ez al da egokiagoa autodeterminazio obligazioaz hitz egitea?». Libre izateko nahia justifikatu beharra deitoratu zuten, baina «libre izateko eskubidea libre izateko obligazioa» ere badela aldarrikatu zuten.

Urteurrenari, mezu baikorra

Ikuskizunaren izenak berak ematen du helburuaren berri: Hemen gaude! aldarrikatzea, «oztopoak oztopo, euskaldunak desagerrarazteko ahaleginak ahalegin». Bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira Gernika Batzordeak antolatutako ekitaldietan, jarduera nagusietakoa izan zen atzo estreinatutako obra, baina ez bakarra.

Goizean, Gernika margolana amaitu zuen Joserra Unanuek, Foruen Plazan. Herriko pintura ikasleekin batera, ostegunean hasi zen bonbardaketaren ondoren ateratako argazki ezagunetako baten bertsioa egiten. Suzko zerua margotu zuen, kale goibelak, eta emakume bat bi haurrekin, iluntasunetik ihesi, baina ikur baikorra erantsi zien: kolorezko txoria, euskal herritarren eskubide indibidual eta kolektiboen ordezkari, hegazkinek jaurtitako bonben ordezko.

Atzo eguerdian ere lipdub-a grabatu zuten herrian ia berrehun lagunek: Industria kaletik abiatuta, bertako elkarteek Gernika margolanaren zatiak garraiatu zituzten, eta zati guztiak elkartuta osatu zuten koadroa, Foruen Plazan. Frankismoko euskal preso eta errepresaliatuen elkarte Goldatuk ere agerraldia egin zuen atzo Gernika-Lumon: «Hemen elkartu gara, hau delako lekurik apartena II. Errepublikaren eta euskaldunen Lehen Gobernu Autonomoaren aurka altxatu zirenen basakeria hiltzailea adierazteko».

Baina Gernika ez zen orain 75 urte bonbardaketa jasandako herri bakarra izan. Besteak beste, Durangon, Elorrion eta Galdakaon ere bonbak jaurti zituzten hegazkinek. Bizkaian halako suntsiketa pairatutako herriei eta haietan hildakoei omenaldia egingo diete gaur, 13:00etan, Foruen Plazan, Gernika eta Gernikak oroimenean ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.