Etzi aurkeztuko du Lebranchuk deszentralizaziorako proiektua

Joan den azaroaren 27ko zirriborroak ez du Euskal Herria aipatzen; 2013ko udarako onartu nahi dute egitasmoa

Erredakzioa
Baiona
2012ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Heldu den astelehenean aurkeztuko du Frantziako deszentralizazio ministro Marylise Lebranchuk administrazioaren berregituraketari buruzko lege proiektua. Le Cournier des maires kazetak eskuratu du egitasmoaren zirriborroa, eta bertan ez zaio aipamenik egiten Euskal Herriari. Hautetsien Kontseilua joan den urriaren 12an bildu zen Lebranchurekin, eta aho batez eskatu zion Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereari buruzko atal berezi bat sar zezala deszentralizaziorako erreforma proiektuan. Gainera, Hautetsien Kontseiluak aho batez onartutako lurralde elkargoaren eskaria aztertzeko ere eskatu zioten. Joan den azaroaren 27ko data du orain ezagutu den zirriborroak; beraz, posible da aldaketak izatea oraindik.

Frantziako lehen ministro Jean-Marc Ayraulti helaraziko dio egitasmoa Lebranchuk astelehenean, eta Francois Holland presidentearen eskuetan izango da astearterako. Horien onarpena jasota, hautetsien elkarteei, lurralde elkargoei eta sindikatuei bidaliko die proposamena gobernuak, «ahalik eta adostasun zabalena lortzeko». Ministroen kontseiluak aztertuko du ondoren, eta Senatuan izango da eztabaidagai azkenik. Datorren urteko otsaila eta martxoa artean izango da hori, deszentralizazio Ministerioak aurreikusten duenez. Prozedura horren ondoren, 2013ko uda baino lehen onartu nahi dute deszentralizazio lege berria.

Lau ardatz nagusi ditu zirriborroak: gobernantza ereduari buruzkoa —Lurraldeetako Goi Kontseiluaren sorrera aurreikusten du—, herriarteko eremuarena—hiru eurohiri sortzea proposatzen du—, ahalmen edo eskumenen ingurukoa eta finantzei dagokiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.