Noiz sortua: 2012-04-13 00:30:00

Sudanen eta Hego Sudanen mugan gogortu egin dira borrokak

«Gerraren bidea» aukeratu izana leporatu dio Khartumek Jubari, eta bertan behera laga dituzte negoziazioak

Erredakzioa -

2012ko apirilak 13
Sudango Gobernuak jakinarazi du bere armadak «berehala» berreskuratuko duela Heglig eskualdea. Joan den astearteaz geroztik, Hego Sudanen esku dago petrolio erreserba handiak dituen ingurua. Bi herrialdeen arteko mugan dago Heglig, eta bai Khartumek eta bai Jubak eurentzat aldarrikatzen dute.

Azken asteetan borrokak gogortu egin dira bi herrialdeen arteko mugan. Izan ere, eremu horietan daude petrolio erreserba handienak: Hegligen eta Abyein. Hegligen, esaterako, Sudango petrolioaren %70 dago. NBE Nazio Batuen Erakundeak, AB Afrika Batasunak eta Arabiar Ligak tropak Hegligetik ateratzeko eskatu arren, Salva Kir Hego Sudango presidenteak berretsi du bere armadak ez duela atzera egingo. «Gerraren bidea» aukeratu izana leporatu dio Khartumgo gobernuak Jubari.

Negoziazioak, etenda

Sudango Ministro Kontseiluak, Omar al-Baxar buru duela, Hego Sudanekin negoziazio oro etetea erabaki du, eta bere armadak mugako lurrak berreskuratzeko operazioa hasiko duela iragarri du. Iazko uztailaren 9an aldarrikatu zuen independentzia Hego Sudanek, baina oraindik konpontzeko dituzte mugen eta petrolioaren auziak, besteak beste.

Baina ez da Khartum erasoez kexu den bakarra. Sudango armadak atzo Hego Sudango Banitu herria airez bonbardatu izana salatu du Jubak. Mugatik 60 kilometro hegoaldera dago herria, Al-Wahda probintzian. EB Europako Batasunak mugako borrokak eteteko eskatu die bi herrialdeei, elkarren lurraldeak errespetatzeko. Bi armadak egiten ari diren operazioak «onartezinak» direla salatu du Bruselak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna