Donostiako 60. Zinemaldia

«Soinua baino zaharragoa naiz, pentsa»

Dustin Hoffmani eman diote Donostia sari berezia, eta 'Quartet' aurkeztu du, zuzendari gisa egindako lehen lana

Billy Connolly aktorea eta Dustin Hoffman zuzendaria, atzo, Donostian, Kursaalean. CONNY BEYREUTHER / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Zuzendari tankera hartu izan diote aktore kideek maiz, beti aritzen baitzen ingurukoei aholkuak ematen. Dustin Hoffmanek ( Los Angeles, AEB, 1937), ordea, 75 urterekin zuzendu du film bat estreinakoz —Quartet—, eta Zinemaldian aurkeztu du, gainera, 60. urteurreneko Donostia sari berezia jasotzeko aitzakian. Operako kantariak dira filmeko pertsonaiak, eta zahar etxe dotore batean bizi dira erretiratuta. Dena dela, entseatzen jarraitzen dute, urtero Giuseppe Verdiren urtebetetzearen karietara antolatzen duten emanaldirako. Halako batean, Jean Horton heltzen da, Reggieren emazte ohia, eta tentsio uneak sortzen dira, diva baten harrokeriaz muzin egiten baitio kontzertuan kantatzeari.

Bizitzaren aldeko kantu bat da filma, azken unera arte alaitasunari eusteko deia. Era berean, adinekoen bazterketa salatzen du, eta belaunaldien arteko talkari ere erreparatzen dio. Rapak, esaterako, presentzia handia hartzen du azkenerako. Zaharrek badute opera ulertzeko modua ondorengoei helarazteko behar bat, eta gazteek kaleko musikarekin alderatzen dute, haiek errazago konpreni dezaten. Hoffman bera identifikatuta sentitzen da urteen poderioz aldatzen diren musika estiloak asimilatu ezinarekin: «Soinua baino zaharragoa naiz, pentsa», bota du umorez. Zinema munduan aritu den urte horietan guztietan kameraren atzera pasatzeko tentazioak izan dituela aitortu du, baina atzera egin izan duela beti: «Batzuetan nahi duzuna egiten uzten ez dizuten deabruak dituzu barruan. Gero, galdetzen duzu, zergatik ez dut egin?». Hala, «lauzpabost aldiz ezkondu direnek beren bikotekidea zazpigarrenean topatzen duten gisa berean», orain behar zuen izan Hoffmanen jauziak, eta azken 50 urteetan ikasitakoa praktikan jartzen saiatu da, ahalik eta lanik egokiena egiteko asmoz. «Lehen lezioa da aktoreak beti duela arrazoi. Eszenak funtzionatzen ez badu, eszenaren errua da, eta hura egokitu behar da aktoreen ezaugarrietara».

Quartet-eko aktore gehienak ez dira profesionalak, ordea. Ezinezkoa eta ariketa baldarra zatekeen musikari buruzko jakintzarik gabeko jendea instrumentuekin itxurak egiten jartzea. Beraz, benetako musikari erretiratuek jokatu dute fikzioko musikari erretiratuen rola. «Oraindik lan duina egiteko gai diren arren, inork ez die deitzen adindu horiei», salatu du Hoffmanek.

Arrazoiaz gaindiko jakintza

Zerk baldintzatzen du aktore batek lan bat onartzea? Zein da faktore erabakigarria, atxikimendu berezi bat sortzen duena? «Kontu misteriotsua da», Hoffmanen ustez. Askotan gertatu zaio berak bizi izan gabeko egoera bat antzeztu beharra. «Egiaren barometro bat daramagu barnean, erraietan zimiko egiten digu zerbaitek, eta erantzun egiten dugu». Ingmar Bergmanen Viskningar och rop-eko irudi bat gogoratu du, gaitasun irrazional hori zuzen irudikatzen duena, haren ustean. «Zoragarria da film hori. Ez nuen ulertu, ez intelektualki behintzat. Baina une batez, minbizia duen emakume bat bular handiko beste batekin batera etzaten da ohean, eta une horretantxe dena konprenitu nuen. Banekien horrela zela, nahiz eta inoiz bizi izan ez».

Zahartzeaz ere gogoetatu du. Gizakia izatea oso esperientzia interesgarria dela uste du, eta zahartzea Jainkoarekin joko moduko batean aritzea. «Bizitza izotzezko pastel bat da», dio, «denok nahi dugu hilezkor izan, baina maite gaituztenen oroimenean soilik irauten dugu. Sinetsita nago ez gaudela hemen ugaltzeko bakarrik, gainerakoei emateko ere bagaude». Egungo garaiak ikaragarriak direlakoan dago Hoffman: «Dena oso polita da Zinemaldian, baina hemendik kilometro gutxira jendea langabezian dago, eta zaila da irribarre egitea. Hala ere, nire filmean mezu hori igorri nahi dut, gertatzen dena gertatzen dela joko horretan segituko dugula aurrera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.