Mendekua, grafitozko fusilarekin

Dani Fanok 'Anubis 3.0' komikia plazaratu du Xabiroi bilduman, «kapitalismo basatiari» egindako kritika

Dani Fano Anubis 3.0 komikiaren egilea, atzo, Donostian. JUAN KARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
«Binetaz bineta garatutako mendekua da». Ez du burua erabili, ez du pentsatu. «Erraietatik atera zait». «Tripekin egindako komikia» da Anubis 3.0. Ariketa katartikoa egin du Dani Fano komikigileak (Donostia, 1968). Ariketa katartiko bat munduaren egoeraren kontra, eta, zehatzago esanik, «kapitalismo basatiaren» kontra. «Tarteka guztioi sartzen zaigu gogoa zerbait larrutzeko. Nik boligrafoa edo lapitza hartu ditut, eta gustura geratu naiz».

Egungo egoeraren aurka altxatzeko ariketa da sakonean Anubis 3.0. Eta hartarako aitzakia Gadu zaharraren istorioak ematen dio Fanori. Gadu zaharra bakartua bizi da urrutiko asteroide batean, bere robota lagun bakar duela. Robotak tresna bitxi bat topatuko du biltegi narras batean: Anubis 3.0, gizakien arimak pisatzeko tresna. Gaduk dirutza jasotzen zuen arimak pisatzearen truke. Negozio oparoa zen, oparoa eta ustela. Arima ziurtagiriak modan jarri zirenean, agiri faltsuak saltzeari ekin zion. Arimarik gabeko ergel handienen istorioak kontatuko dizkio robotari.

Arima pisatzearen kontuak gizartearen kritika egiteko balio izan dio Fanori. Kritikarekin batera, baita autokritika ere, ez baititu kritikatu ez diktadoreak, ez enpresaburu nagusiak... «Ustez errugabe garen horiek guztiak larrutu ditut nire grafitozko fusilarekin, ni neu ere barne, norbere ongizatea besteen ongizatearen kontura eraikitzen saiatzen diren horiek guztiak». Eta adibidetzat banku bateko enplegatuak, diruaren truke gaixoak artatzen ez dituzten medikuak eta aseguru etxeetako perituak jartzen ditu egileak. Gizakiaren izaeraren inguruko gogoeta izan liteke liburua, baina erraietatik idatzitakoa dela kontuan izanik, «akaso gehiegitxo esatea da hori» egilearen hitzetan. Baina errebeldiarako dei bat zabaldu nahi izan du. «Geure burua kontrolatu nahi dutenek oso ondo egituratu dute dena, hortik atera ez gaitezen. Baina badago intsumisiorako tartea; agian, Anubis 3.0 intsumisiorako dei bat da».

Ikastolen Elkarteak hiru hilean behin argitaratzen du Xabiroi komiki aldizkaria, eta urtero izen bereko komiki album bat ere bai. Saiak (Juan Luis Landa eta Joxean Muñoz), Piztia Otzanak (Harkaitz Cano etaIñaki G. Holgado), Tele-Atoi (Dani Fano) eta Azken garaipena (Iban Zaldua eta Julen Ribas) izan dira aurreko laurak. Ikastoletan banatzen den arren, buruan ez du adin jakin bateko irakurlerik izan Fanok. «Absurdoa da adin bati begira pentsatuz lan egitea. Berez, helduentzako istorioa da egin dudana, baina gazteak ez dira lerdoak, eta oso ondo irakurtzen dituzte halakoak, agian beraientzat espresuki idatzitakoak baino hobeto».

Mezu eta «marra garbia»

Sortzailearen zeregin behinena da istorioari dagokion estiloa bilatzea. Oraingo honetan «obsesio» izan du, ordea, estilo egokia aurkitzea Fanok. Hark egindako aurreko albumarekiko, Tele-Atoi-rekiko. «Hura zientzia fikziozko istorio arin bat zen, umorezkoa. Hemen mezua askoz ere argiagoa atera zitzaidan, eta marrazki estiloa ere argiagoa nahi nuen. Marra garbiagoa da; kolore planoak erabili ditut, testurarik gabekoak».

Anubis 3.0 ontzeko, Asisko Urmenetaren kolaborazio berezia izan du. Gidoi guztiak Urmenetak ikuskatu ditu, eta laugarren atalaren gidoia harena da osorik. «Gozamen handia izan da harekin lan egitea. Oso abila da kritika zorrotzak egiten, eta ondo etorri zait oso».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.