Ipar Euskal Herria poloa egituratzea da Frantziaren proposamena

Frantziako Gobernuak dio tresneria juridikoa aski dela Ipar Euskal Herriari egitura politiko indartua emateko

Aitor Renteria.
Baiona
2013ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Aitorpen instituzionalaren eskariari erantzunez, Ipar Euskal Herria poloa osatzea proposatu du Frantziako Gobernuak, Jean Marck Ayrault lehen ministroak Garapen Kontseiluko presidenteari helarazitako gutunean. Jean Baptiste Etxetok bilakaera instituzionalaren beharra helarazi zion, Ipar Euskal Herria eskumen bereziak lituzkeen lurralde elkargo bilaka dadin. Ayraultek azpimarratu du gobernuak uste duela egungo lanabes juridikoak aski direla Ipar Euskal Herriari egitura politiko indartua eskaintzeko. Xede hori lurralde erreformaren barruan eta metropolien baieztapenean gauza daitekeela dio.

Ayraultek ohartarazi du erreformak ahalbidetzen duela hiri-herri elkargoak biltzea edo bakar bat osatzea. Sindikatu misto bat sortzea bertze bide bat litzatekeela dio. Gogoratu du legeak onartzen duela lurraldeko oreka eta elkartasun poloa sortzea. «Hautetsiek nahi badute, Ipar Euskal Herriko Poloa dei dezakete».

Horrekin batera, jakinarazi du Ipar Euskal Herriko hitzarmen berezia berrestearen aldekoa dela Frantziako Gobernua, lantzen ari diren etorkizuneko Estatua-Eskualdea kontratuaren barruan. Orain artean Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak egindako lanaren kalitatea goraipatu du Ayraultek.

Negoziazio garaia

Lurralde elkargoaren aldarriak ez du biderik berehalakoan. Horrela ulertzen da Ayraulten gutuna. Aipatzen duen «aitorpen instituzionala» nolakoa izan daitekeen zehazteke dago. Lehen etapa lurralde kontratuaren negoziazioa da. Eztabaida esparrua hori dela erakutsi du argiki gobernuak. Polo egitura horrek nolako egitura ukan dezakeen, nolako eskumenak eta nolako aurrekontua zehazteko daude oraindik.

Batera-k heldu den larunbaterako Maulen antolatu duen manifestazioaren atarian heldu da lehen ministroaren gutuna. Lurralde elkargoaren aldarria indar- tzea da manifestazioaren xedea. Helburu horrekin bildu ziren joan den larunbatean Maulen gizarte, kirol eta kultura arloetako hainbat eragile ezagun. Ehun inguru. Aldarria gizarteratzen eta zabaltzen segitzen dute, eta horren adierazle da manifestaziorako deialdiak erdietsi dituen sostenguak. Eskualdeetan autobusak antolatu dituzte, manifestaziora joateko. Sylviane Alaux Hego Lapurdiko diputatu sozialistak jakinarazi du Maulen izanen dela larunbatean.

Aldarriak eta gobernuaren proposamenak bat egiteko tokirik antzematen duten argitu beharko da ondoko hilabeteotan. Lurralde kontratuaren harira abiatuko diren negoziazioak adierazgarri izanen dira gobernuaren borondate politikoa ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.