Noiz sortua: 2014-05-21 00:30:00

Europako hauteskundeak. Elkarrizketa. Sauveur Baxo. Europa Ecologie-ko hautagaia

«Europa ez da beti traba bat: konponbiderako gakoa ere izan daiteke»

Jose Bovek gidatzen duen zerrendako bosgarren tokian ageri da Baxo, Hego-Mendebalde Handia deritzon hautesbarrutian. Hamar diputatu toki daude jokoan, Europako Parlamenturako.
A.R.

Aitor Renteria -

2014ko maiatzak 21

Nafarroa Behereko Arberatze-Zilhekoako Herriko Etxean ihardetsi die Sauveur Baxok BERRIAren galderei. Baxo 1951n sortu zen, Donaixti-Ibarren, Nafarroa Beherean. 2001etik Arberatzeko auzapeza da. Frantziako Senaturako hautagai zerrendetan joan zen 2011n, Region Peuples Solidaires zerrendan eta orain, Jose Bovek eskaturik, Europe Ecologieko zerrendetan doa Europako parlamentura, bosgarren tokian. Etiketarik gabe doa zerrendan, baina bere pentsaera ideia abertzale, ekologista eta ezkertiarrez osatzen dela dio.

Europe Ecologie zerrendan zoaz. Zergatik deliberatu duzu hautagai izatea?

Jose Bovek telefonatu zidan, eskatzeko haren zerrendan joateko. Ezustea izan zen, Europako bozak ez baitziren sartzen ene usteetan. Biziki urruti ikusten dugu Europa. Euroeszeptikoek haien alde dute haizea. Uste dut ezin dela amore eman, eta behar dela engaiatu. Hautetsia naiz, eta ezaguna da nire engaiamendua sozial arloan. Lur Berri mailan, eta CFDTn, borroka sindikaletan egon naiz luzaz. Batera mugimenduaren sortzaileetariko bat naiz, eta parte hartu dut Christiane Bessonartekin Herrien Biltzarrean, bai euskal departamenduaren aldeko borrokan, bai lurralde elkargoaren aldekoan.

Europe Ecologie zerrendan sarturik, zer defendatu nahi duzu Europan?

Europe Ecologie Europa federal baten alde da. Populuen Europa aldarrikatzen dugu, partikularki Euskal Herri honetan. Euskal Herri osoa euroeskualde batean biltzea aspaldi aipatzen zuen Europe Ecologiek, Daniel Cohn Benditen eskutik. Gerard Onesta ere horren defendatzaile izan da urte luzaz. Uste dut ideia edo xede garrantzitsua dela Euskal Herriarentzat. Ideia hori, emeki-emeki, bere bidea egiten ari da. Ekologista gisa, trantsizio energetikoari buruz joan behar dugula uste dut. Enplegu ugari sortuko lituzke horrek, bertzeak bertze etxegintza arloan, doituz energia berriztatzaileetara, aurreztuz energia. Merkatuen Europa egin dute, baina guk Europa soziala eraiki behar dugu. Nahi badugu berriz esperantza eman jendeei Europaren barruan, egunero aldaketak ikusi behar dituzte haien bizian. Adibidez, aitzinamenduak egin behar dira gutxieneko hilabete saria finkatzeko. Horri buruz joan behar dugu, eta emeki-emeki, ildo horretan aitzinatzen ari gara. Alemaniako kasua adierazgarria da. Eskuinak ez zuen nahi, baina azkenean onartu behar izan du.

Bertze adibiderik?

Parot doktrinak ere erakusten du Europak ukan dezakeen eragina. Gibelera bota zuen Europako justiziak Espainiako legea, eta ondorioz, dozenaka euskal preso libre gelditu dira. Horrek erakusten du Europa ez dela beti traba bat: konponbiderako gakoa ere izan daitekeela, Euskal Herriak duen gatazka politikoa konpontzeko adibidez. Gauza bera Hizkuntza Gutxituen Europako Itunarekin. 2013an bozka garrantzitsua izan da, gure taldeko Alfonsi diputatu korsikarrak galdeturik. Kasik diputatuen %90 alde bozkatu zuten.

Frantziako diputatuen erdiek, aldiz, kontra bozkatu zuten.

Baina bertze erdiek, alde, eta horien artean, Berdeenak. Melanchon eta FNkoek bozkatu zuten kontra. Urrats horrek eragin zuen Frantziako Parlamentuan ere, eta ituna bozkatu behar izan zuten. Ikusiko zer ematen duen. Baina adibide horrek argiki erakusten du Euskal Herriaren eta Europaren artean izan daitezkeen lotura inportanteak. Euskal Herriko bake prozesuari buruz ere delibero garrantzitsuak har daitezke Europan. Friendship deitzen den taldeak lan handia egiten du Europa mailan. Ez dira bakarrik eleak; urratsak ere eginak izan dira. 2005ean, partikularki, bake prozesua sostengatzeko deliberoa hartu zen. Maleruski, ez da bururaino heldu oraindik, baina bide horretan segitu behar dugu, eta Europako Parlamentuaren deklarazio bat lortu. Gogoratu nahi dut Gerard Onesta diputatu berdeak bultzatu zuela deklarazio hori, Europako Parlamentuan. Eta bide hori mantendu eta zabaldu nahi badugu, sostenguak atzeman behar ditugu Europan, Euskal Herriaren boza sostengatuko duten diputatuak hautatuz. Bertze arloetan, laborantza aldetik adibidez, bada zer erran franko. Europan deliberatzen da. Jose Bove diputatu berdeak lan handia egin du Europan, eta engaiamendua handia ukan du Euskal Herrian, bertzeak bertze Laborantza Ganberaren aldeko urratsa sostengatuz.

Bove euskal laborarien ahotsa izan daiteke Europan?

Dagoeneko defenditu du laguntzak laborari txikienetan oinarritzea, laborantzaren «berdetzea». Bovek onartu du talde iraunkor bat osatzea eta urtean behin edo birritan biltzea, Euskal Herriaren eta parlamentarien arteko lotura bermatzeko. Laborantza arloan ez ezik, bake prozesuan, hizkuntza arloan eta bertze hainbat gairen inguruan ere.

Nolako emaitzak espero dituzue, zein da zuen helburua igandeari begira?

Bozen %10 lortzea da gure helburua. Horrekin bermatua da Jose Boveren presentzia Europako Parlamentuan. Baina pentsatzen dugu bigarrena ere, Catherine Greze, hautatua izan daitekeela. Badakigu garai politikoa konplikatua dela, gaiztoa. Baina argiki erran behar zaio jendeari bozkatzera ez doanak boz bat ematen diola Fronte Nazionalari. Abstentzioa handia izanen dela iragartzen dute, eta boz kopuru apalarekin biderkatzen dira FNren bozak. Euskal Herriko jendeek, bertze populuetakoak bezala, behar dute jakin garrantzitsua dela igandekoa. Ez dago argi oraindik Europako Batzordearen segida, baina lehen aldia da, hala ere, Europako Parlamentuak bere boza entzunaraziko duela fermuki. Batzordeak beharko du parlamentuaren berrespena presidentea hautatzeko. %12-13 lortuko bagenu, bigarren diputatu bat lortzeko parada genuke.

Usu abertzaleek berdeen aldeko boza eman dute. Alta, EH Baik ez du kontsignarik eman. Uste duzue erakarriko dituzuela boz abertzaleak?

Uste dut heldutasun politikoa badutela abertzaleek eta badakitela bereizten zer diren Euskal Herri mailako hauteskundeak eta Europakoak.

Bovek Etxeto sozialista sostengatu zuen Baionan, abertzaleen aurka. Uste duzu abertzaleek gaindituko dutela hori eta Bove bozkatu?

Bovek alderdi mailako akordioa zuen ezkerrarekin, Frantzian. Akordio horregatik sostengatu zuen ezkerreko zerrenda Baionan, ez abertzaleen kontra egiteko. Baiona ez da Iparralde osoa eta horren froga da toki batzuetan ezin zena bertze batzuetan egin zela: Hendaian adibidez. Garrantzitsua da, baita abertzaleentzat ere, Berdeak presente egotea Europako Parlamentuan.

FN lehen indarra izan daiteke Frantzian. Zer iritzi duzu?

Ehun urte betetzen dira Lehen Mundu Gerra abiatu zenetik. FN lehen geldituko balitz, historian 70 urte gibelera egitea litzateke. Badakigu denek zein izan zen eskuin muturraren garaipenaren ondorioa Europan. Horren kontra egin behar dugu munduaren aitzinean lotsatu nahi ez badugu.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 25ean eguneratua, 20:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, zortzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.496 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.020 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ikasle bat ikasgelan, Donostiako Axular Lizeoan. ©Gorka Rubio / Foku

Eskola «gutxitan» itzuli dira ikasgelara, sindikatuen arabera

Berria

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuen arabera, ikastetxe «gutxi» izan dira gaur ateak ireki dituztenak. Sindikatuek protesta egin dute Gasteizko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aitzinean.

Ikasgelara itzulera

Abian da itxialdiaren bigarren arindua

Berria

Konfinamendua samurtzeko neurriak ugaritu direla agerikoa izan da gaur; hondartzetan, makrodendetan, ostatuetan eta eskoletan aldaketa eguna izan da. Sindikatuek ohartarazi dute arretaz aztertuko dutela ea ikasleak eta irakasleak segurtasunez itzultzen ari diren eskolara, eta hala ez bada mobilizazioak egingo dituztela nabarmendu dute.

 

Arrrigunagako hondartza, Bizkaian. ©Marisol Ramirez / FOKU

Paisaia aldatzen (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Hildakorik gabeko egun baten ondoren, berriz zenbatu dira hildakoak, baina gorabeherak daude Nafarroako datuekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna