Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak

Naturala dena instituzionalizatu nahian

Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala beharrezkotzat jo dute Garitanok, Ruizek eta EH Baiko hautagaiek

Lurralde antolaketaz eta Ipar Euskal Herriaren instituzioaz EH Baik antolatu hitzaldia, Angelun. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Angelu
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Adibideak ez dira eskas Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean diren lotura eta trukaketak irudikatzeko. «Zatiketa administratibo guztien gainetik, herri gogoari esker lortu dugu lotura horiek mantentzen, baina ez da nahikoa, tresnak behar ditugu», erran zuen herenegun Bakartxo Ruiz Nafarroako parlamentariak Angelun EH Baik antolatu hitzaldian. Nafarraren gisara, harreman horien instituzionalizatzeko behar gorria plazaratu zuten Anita Lopepe, Peio Etxeberri-Aintzart eta Laurence Hardouin EH Bairen hiru hautagaiek, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Alain Iriart kontseilari nagusiak ere. «Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean harreman naturalak dauzkagu, herri bat garelako, hizkuntza bera dugulako... harreman horiek instituzionalizatu ere egin behar dira». Gorpuzkera instituzional hori lortzeko bidean, Ipar Euskal Herriarentzako lurralde elkargo propioa lortu beharra «ezinbestekotzat» jo zuen Iriartek. Premia hori ilustratzeko, adibide konkretuak eman zituzten EH Bairen hautagaiek. Garraio politikari doakionez, Hardouinek zioen Ipar Euskal Herriaren ezagupenarekin dela bakarrik gauzatuko «epe luzerako pentsaturiko egitasmo global bat». Barne aldearen eta kostaldearen artean gaur egun diren desorekak ahultzeko ere beharrezkotzat jo zuen ezagupen instituzionala Lopepek: «Lurralde osoaren ikuspegia lukeen garapen ekonomiko politika bat segurta lezake instituzioak». Azkenean, «tokiko errealitatetik abiaturiko politika bat» eramateko tresna liratekeela zioen Etxeberri-Aintzartek. AHT egitasmoaren inposizioa izan zuten gaur egun dagoen gabezia ilustratzeko adibidetzat: «AHTa da Espainiak Madrili begira eta Frantziak Parisi begira egiten duen zerbait, ez dago pentsatuta euskal herritarren beharrak asetzeko», Ruizen hitzetan. Entzuleen artean zen Xabi Larralde Batasuneko militantea, eta hark ere zentzu beretik jo zuen: erran zuen instituziorik ez balitz lortuko Akitania litzatekeela Hego Euskal Herriaren solaskide nagusia bilakatuko. Funtsean, gaur egun jada Hego Euskal Herriko instituzioek departamenduarekin eta eskualdearekin dituzte harremanak. Baina «nazio eraikuntzaren ikuspegirik gabekoak» direla deitoratu zuen Iriartek.

Udalbiltzaren adibidea

Udalbiltzaren adibidea entzun zen behin baino gehiagotan hitzaldian. Euskal Herriko udalen arteko harremana sendotzeko eraikiriko tresna horren garrantzia azpimarratu zuten: «Instituzio honekin modu naturalean eraman ditzakegu hainbat proiektu eta gogoeta», zioen Iker Elizalde Hendaiako hautetsiak, entzuleen artetik.

EH Bairen alde bozkatzeko deia egin zuten Ruizek eta Garitanok, «eraldaketarako, lan eta kudeaketa ereduak alda daitezkeelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.