Ibilaldia, Ezkerraldeko aldapak leunduz

Portugaleteko Asti Leku ikastolak antolatuko du Ibilaldia 2013an; «XXI. mendeko erronketara» egokituko dute ikastola

Antzezlan batekin aurkeztu zuten Ibilaldia Portugaleteko Asti Leku ikastolako ikasleek, atzo. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Portugaleteko orografia aldapatsua eta euskarak Bizkaiko Ezkerraldean izan duen bidea gogoan izan dute Asti Leku ikastolako lagunek Aldapa leunduz 2013ko Ibilaldiko leloa aukeratzerakoan. Txus Bilbao ikastolako zuzendariak atzo azaldu zuenez, «Asti Lekuk aldapaz beteriko Ezkerralde honetan eragile eta lankide izaten jarraituko duela adierazi nahi du; bai euskara eta bai gizartea orokorrean pairatzen ari diren garai hauei guztion artean, lankidetzaz, elkartasunez egingo diegula aurre».

Egungo egoera ekonomikoa dela eta, jaiak aldapa ekonomikoa leuntzen lagunduko duela espero dute ikastolako kideek. Bide horretan, Ibilaldiarekin jasoko duten dirua ikastola «XXI. mendeko erronketara» egokitzeko erabiliko dutela argitu zuen zuzendariak. Besteak beste, bigarren hezkuntzako ikasleentzako eraikin berria eraiki eta ikastolako eremuak egokitu nahi dituzte. «Bigarren hezkuntzarako eraikin berria eraikitzea da gure ilusio nagusia; ea Ibilaldiak horretan laguntzen digun», azaldu zuen Bilbaok.

Bilboko Kafe Antzokian egin zuten 35. Ibilaldiaren aurkezpena, atzo. Ikastolako zenbait ikaslek antzezlan laburra antzeztu eta, horren bidez, ikastola, jaiaren helburuak eta aurtengo leloa eta logotipoa aurkeztu zituzten.

Ohikoa denez, aurten ere maiatzeko azken domekan egingo dute Bizkaiko ikastolen jaia. Asti Lekuko zuzendariak agertu duenez, oraindik ere «gauza asko» dira egiteko eta antolatzeko, baina ikastolako ikasleak, gurasoak eta langileak «gogotsu» ari dira horretan, Bizkaiko Ikastolen Elkarteko kideen laguntzaz: «Zailtasunez eta ilusioz elkarlanean ari gara, ikasleak, langileak eta, zer esanik ez, familiak».

Izan ere, «buru-belarri» ari da antolakuntzan «Asti Lekuko familia osoa». Ibilaldiaren jaia ez ezik, urtean zehar kirol eta kultura ekitaldiak eta bestelako ekitaldiak izango direla jakinarazi zuen Bilbaok.

Asti Leku ikastola 1.963. urtean sortu zen. Ibilaldiak ikastolaren 50. urteurrenarekin egingo du bat. 2 eta 18 urte arteko 1.619 haur eta gaztek ikasten dute bertan. Bizkaiko Ezkerraldeko zenbait herritatik joaten dira ikasleak, baita Castrotik (Kantabria, Espainia) etorritako batzuk ere.

Mende erdiko ibilbidean, Ezkerraldeko gazteria euskalduntzen aritu da Asti Leku. «Aurtengo Ibilaldiaren helburuetako bat proiektu honi bultzada ematea izango da. Ezkerraldean euskarak aurretik duen bidea luzea da; Ibilaldi honen bidez, euskararekiko atxikimendua eta erabilera indartu eta ospatu nahi dugu».

Portugaleteko ikastolak bigarrenez antolatuko du Ibilaldia; izan ere, 1982an antolatu zuten lehendabizi.

Aniztasunaren koloreak

Portugaleteko ikastolaren aniztasuna Ibilaldiaren logotipoan islatu dute: «Hiru kolore horietatik abiatuta, beste kolore asko badoaz sortuz, gure bizikidetasuna aberastuz eta gure aniztasuna zabalduz», argitu dute antzezlanean. Hala, koloreekin ez ezik, A eta L hizkiekin ere jolastu dira, eta aurtengo leloa, ikastolaren izena eta Ezkerraldeko mendiak eta aldapak ekarri dituzte gogora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.