Durangoko 48. Azoka

Euskarazko antzerkigintzaren aldeko aldarria, Nafarroan

Ehazek antolatutako Antzerkizale Eguna egingo da abenduaren 13an eta 14an, Berriozarren

Itziar Elias, Zoila Berasategi, Josu Camara eta Xabier Lopez, atzo, Durangon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Durango
2013ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Laugarren ekitaldia Nafarroan egingo du aurten Antzerkizale Egunak, Berriozarren zehazki, datorren asteburuan, abenduaren 13an eta 14an, Nafarroan egiten den euskarazko antzerkigintza ezagutzera emateko eta haren aldeko aldarria egiteko asmotan, Ehaze Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak iragarri duenez. Mungian (Bizkaia) antolatu zuen Antzerkizale Egunaren lehen ekitaldia Ehazek, 2010ean, eta hurrengo ekitaldiak Villabonan eta Usurbilen (Gipuzkoa) izan ziren.

Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban euskarazko antzerkigintza «nahiko baztertuta» dagoela eta Nafarroan egoera «are okerragoa» dela uste du Josu Camara Ehazeko lehendakariak. Nolanahi ere, egoera ona ez izan arren, Nafarroan ere euskarazko antzerkigintzarik badela nabarmendu du, eta dagoen hori aintzat hartu beharrezkoa dela. «Basamortu bat zela uste genuen, baina jabetu gara sasi-basamortu horretan —ez baita benetako basamortu bat— oasi pilo bat dagoela, antzerkia indarrez eta gogotsu lantzen duen jendea badagoelako».

«Ez da erraza euskarazko antzerkia egitea Nafarroan», Zoila Berasategi Arbizuko antzerkizaleak azaldu duenez. Berriozarko Antzerkizale Eguna elkar ezagutzeko eta aurrera begira egin beharreko bidean «lehen urratsa» egiteko aukera izan daitekeela uste du.

Aurrera begira jartzeko

Horretarako, garrantzi berezia izan dezake ostiralean, abenduaren 13an, 17:30ean, Berriozarko kulturgunean egingo den mahai inguruak. Nafarroako hainbat programatzaile bilduko dira, aktore profesional zein amateurrekin batera, mahai inguru horretan, nork bere ikuspegia emateko eta ondoren elkarrekin hitz egin eta debatitzeko. Mahai inguru hori egoeraren «diagnostiko bat» egiteko ez ezik aurrera begirako pausoen norabidea erabakitzeko ere baliagarria izan daitekeela uste du Berasategik.

Abenduaren 14an, larunbatarekin, Musikaz Blai ekitaldiarekin hasiko da eguna, 11:00etan, eta ondoren tailerrak egingo dira, sormen adierazpenekoa bata, Ion Barbarinek gidatua, eta maskarena bestea, Patxi Fuertesek zuzendutakoa. Ondoren, hainbat testuren irakurketa dramatizatuak jarraitzeko aukera izango da. Bazkalondoko programazioan, honako ekitaldi hauek izango dira: Txikiren bakarrizketak, Izaskun Mujikaren ipuin kontaketa haurrentzat, mikro-antzerkien zirkuitua Nafarroako hainbat aktoreren eskutik, manifestuaren irakurketa eta Ehaze saria emateko ekitaldia, eta, amaitzeko, Kabia konpainiaren Itzalak antzerki lanaren emanaldia, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.