'Sacro Gra' dokumentalak irabazi du Urrezko Lehoia Venezian

Elena Cottak eskuratu du emakumezko aktore onenaren saria, Judi Dench izanagatik faborito nagusia

Agentziak
Venezia
2013ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Esaten zen aurtengo Veneziako zinema jaialdian ez zegoela faborito argirik. Hala ere, film eta zuzendari batzuk aipatzen zituzten adituek besteen gainetik: Stephen Frears eta haren Philomena, Tsai Ming-liang eta haren Jiayou, Philip Groning eta haren Die Frau des Polizisten edota erretiroa hartuko duela iragarri berri duen Hayo Miyazaki eta haren Kaze tachinu. Jakina da Veneziako jaialdiak arriskua hartzen duten filmak gustukoagoak dituela konbentzionalagoak baino, eta jakina zen, gainera, Bernardo Bertolucci epaimahaiburuak esana zuela harridura sortuko zion filma saritzen saiatuko zela. Hartara, aurrez aipaturiko film horietako bakar batek ere ez zuen eskuratu film onenaren saria; Grianfranco Rosi italiarraren Sacro Gra-k eskuratu zuen film onena saritzen duen Urrezko Lehoia. Atzo egin zen sari banaketa, eta ezustekoak bat baino gehiago izan ziren.

Errepide ondoko istorioak

Ordu eta erdi pasatxoko dokumentala da Sacro Gra, eta Erromako hiria inguratzen duen errepideak herritarrengan nola eragiten duen kontatzen du, modu «humanista, umorezko eta bitxian», zenbait kritikarik adierazi dutenez. Rosik hiru urte inguru igaro zituen errepidearen inguruan bizi direnak behatzen, haiekin hitz egiten. «Errealitatea fantasia baino zirraragarriagoa da», esan zuen zuzendariak filma jaialdian aurkeztu zuenean.

Ezustekotzat jo zuten gehienek emakumezko aktore onenaren Volpi saria ere. Judi Dench zen faborito argiena, guztien ustez lan harrigarria egin baitu Frearsen Philomena filmeko protagonista modura. Alabaina, saria Elena Cotta italiarrak eraman du, Via Castellana Bandiera filman egindako lanarengatik. Emma Dante zinemagile italiarraren estreinako filma da, eta Palermoko Castellana Bandiera kalean autoan doazela ez aurrera ez atzera geratu diren bi emakumeren istorioa kontatzen du.

Veneziako 70. aldiak garailerik izan badu Alexandro Avranas greziarraren Miss Violence filma gordina izan da. Zuzendari onenaren saria eskuratzeaz bat, gizonezko aktore onenarena irabazi baitu Thanis Payouk. Filmak hasiera bortitza dauka oso. 11 urteko neskatila batek bere buruaz beste egiten baitu bere urtebetetze egunean. Stephen Frearsen Philomena zen faboritoetako bat, baina soilik gidoi onenaren saria eskuratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.