Literatura. Joao Ubaldo Ribeiro. Idazlea

«Gizarte patriarkal batean emakumeak nola senti daitezkeen asmatzea ez da hain zaila»

'Buda zoriontsuen etxea'-ren (Txalaparta, 2003) idazlearekin mintzatu da BERRIA, haren obrak Brasilen bertan eta atzerrian izan duen harreraz, besteak beste.

BERRIA.
2012ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Bere urtebetetzearen harira, jai erraldoia prestatu diote lagunek Joao Ubaldo Ribeirori (Itaparica, Salvador Bahia, Brasil, 1941). Urtarrilean egin zituen urteak, baina gehienentzat data ezegokia zela eta, ospakizunak udarako uztea erabaki dute. Familia eta gertuko lagunak ez ezik, idazleak eta hainbat pertsona ezagun ere badaude gonbidatuen artean. Itzultzaileren bat edo beste ere bilduko da Riora, kontrakoa eman dezakeen arren Ribeirok ez baitu itzulpengintzaren munduan dabiltzanekin inolako arazorik. «Euren lana behar bezala egiten ez dakitenekin soilik naiz desatsegina», azaldu du idazleak.

Aspaldikoa da kontua, ingelesera itzuli zioten lehendabiziko lanaren eskuizkribua etxera bidali zioten egunekoa, hain zuzen. Sargento Getúlio (1971) zen lan hura, Ribeirok idatziriko nobelarik anbiziotsuenetariko bat, hizkerari begira. Brasilgoak aitortzen du harritu egin zuela argitaletxe estatubatuar bat lan hori itzuli eta kaleratzean interesaturik ikustea, arras konplexua delako. «Jaioterriko, hots, Itaparicako dialektoan idatzita dago; Brasilen bertan, tokikoek izan ezik, gutxik ulertzen dute hizkera hori. Ez zait nobela erraza idaztea gustatzen; baina, kasu honetan, ez nuen hizkuntza gauzak zailtze aldera soilik hautatu. Istorioko pertsonaia nagusia, Getulio sarjentua, gaztaroan ezaguturiko pertsona batean oinarriturik dago, eta haren hizkera errespetatu nahi nuen». Itzultzaileari, jakina, arrotza zitzaion Itaparicako dialektoa, eta ahal izan zuen moduan itzuli zuen hura ingelesera. Ribeiro ez zen emaitzarekin batere gustura geratu. «Pentsa, gangster baten hizkera hautatu zuen Getuliorentzat! Hizkera hori ez zetorren pertsonaiaren nortasunarekin bat; dialektoa hautatzearen funtsa zen haren jatorri xumea azpimarratzea. Gangster hizkera horrekin zapuztu egin zuen nik lortu nahi izan nuen efektua; hura ez zen nik irudikaturiko sarjentua». Itzulpena bere gain hartzea erabaki zuen Ribeirok. Bere ingeles maila ona zen orduan —gaur egun ere arazorik gabe mintzo da hizkuntza horretan, AEBetan ikasle eta gerora irakasle igaro zituen urteei esker— , eta, jatorrizko obraren sortzailea bera izanik, pentsatu zuen itzulpena eragozpenik gabe gauzatu ahal izango zuela.

Sargento Getúlio-ren ondotik Viva o povo brasileiro (1984) nobela ere berak itzuli zuen ingelesera. Orduz geroztik, ez du halako lanik bere gain hartu, ezta hartuko ere. «Zinez errespetu handia diet itzultzaileei. Lan eskerga egiten dute, esperientziatik mintzo naiteke orain. Garai batean kezkaturik nengoen; ez nekien nire nobelak modu egokian itzultzen ari ziren. Zorionez, konfiantzazko itzultzaileekin ari naiz une honetan, baina, hala ez balitz ere, edo inork nire obra itzultzeko interesik ez balu ere, ez nioke itzulpengintzari berriz helduko. Idaztearekin nahikoa dut».

Egiazki, halako kontuekin kezkatu beharrik ez du Ribeirok. 2008an Camoes saria jaso zuenetik, une goxoa bizi du egileak. Brasilen jadanik zuen ospea baieztatzeaz gain, nazioarteko merkatuaren ateak zabaldu zizkion sariak. «Itaparicako herritarrentzat misterio bat da nire arrakasta», dio barre artean. Azken urteetan Rion bizi da Ribeiro, baina maiz joaten da jaioterrira bisitan. «Orain dela gutxi han izan nintzen, lagun batekin portu inguruan osteratxo bat ematen, arrantzaleek zer harrapatu zuten ikusten. Laguna haietako batekin hasi zen eztabaidan, nor baino nor, ea zeinek esango arrain izen gehien. Baina berehala muturtu ziren, elkarri aurpegiratzen baitzioten izenak errepikatu izana. Halako batean, arrantzalea niri begira jarri, eta bota zidan, 'aizu, zergatik ez dituzu izenak zure koadernoan apuntatzen, haiek aipatu ahala?'. Nire harridura antzeman zuen, nonbait, zera gaineratu baitzuen, 'ez ote zara zu idazlea, bada?'. Baietz esan nion, baina hori ez zela nire egitekoa. 'Bada, a zer-nolako idazlea zaren, notak hartzeko gai ez bazara'. Horixe da herrikideen artean dudan fama: notak hartzeko gai ez den idazlea naiz», bota du barre algaren artean.

Atzerriari begira, portugesaren mugez kexu da Ribeiro. «Portugesa hiztun natibo gehien dituzten hizkuntzetan laugarrena da, baina Brasil eta Portugaldik kanpo ezin da espanierarekin eta ingelesarekin lehiatu». Itzulia izatea derrigorrezkoa da, beraz, nazioartean irakurria izateko. Ingelesez eta espanieraz irakurtzen dutenen interesa piztea, baina, ez da hain erraza. «Sargento Getúlio-rekin izan genituen gorabeheren ostean, agenteak esan zidan nobela errazagoak idatzi behar nituela, bestela zaila izango zitzaiola nire lana inon sartzea. Itzulpenean, hau da, testua ingelesez edota espanieraz irakurriko zute horiengan pentsatzeko eskatu zidan. Badira hala egiten duten idazleak, baina ni ez naiz horietako bat. Portugesez idazten dut portugesez irakurtzen dutenentzat. Hauxe da nire hizkuntza, nire kultura. Gainera, idazketa erronka moduan ulertzen dut nik, zergatik aldatu behar dut nire idazkera? Agenteak hori esan zidanetik, nobela are konplexuagoak idazten saiatzen naiz».

Hego Amerikaz atzerrian duten irudia ere hor dago, sormen askearen oztopo gisa. «Hego Amerikari Latinoamerika deitzen tematzen dira batzuk, eta, jakina, izendapen horrek aurreikuspen batzuk sortzen ditu Hego Amerikatik datorren edozerri begira. Bada ni izendapen horren kontra nago. Homogeneotasunari ematen dio izendapen horrek lehentasuna, eta [hegoamerikarrok] ez gara hain antzekoak. Herrialde bakoitzak bere kulturak ditu, bere hizkuntzak; ez naiz espanieraz eta portugesaz bakarrik ari, hizkuntza indigenez baizik». Hain zuzen, Ribeiroren nobelak Brasilen aniztasun kultural eta linguistikoaren isla dira.

Baina lan kuttunik badu, hori A casa dos Budas ditosos (1999) da. Zazpi bekatu kapitalen inguruan bilduma bat osatzen ari zen Rioko argitaletxe bat, eta Ribeirori proiektuan parte hartzeko eskatu zioten. Zein bekatu aukeratu behar zuen galdetu, eta haragikeria erantzun zien berak. «Egia esateko, ahaztuak nituen zeintzuk ziren, eta burura etorri zitzaidan lehenengoa bota nien». Hilabete batzuez gertaera ahaztu egin zitzaion; argitaletxe txiki bat zegoen proiektuaren atzean, eta kontua ez zela serioa izango pentsatu zuen. «Baina hara non goiz batean gutun bat iritsi zitzaidan, txeke batekin barruan. Argitaletxeak bidalitakoa zen, aldez aurretik enkargua ordainduz. Nobelari ekitea beste aukerarik ez nuen, beraz», dio barre artean.

Pertsonaia nagusia abisatu gabe heldu zitzaion. «Emakumea zen, 78 urtekoa. Berak, baina, 78 urte izateari uko egiten zion. 68 urte zituela esaten zidan. Badakizu, koketa zen ehuneko ehun. Berearekin atera zen azkenean». Bere garaiari aurreraturiko emakumea, bere sexualitatearekin gustura dagoena, bere harremanak lotsa izpirik gabe deskribatzen dituena. «Emakume asko pertsonaia nagusiarekin identifikatu ziren, baina ez zuten sinesten ni izan nintekeenik lanaren egilea. Emakumeren baten bizitzan oinarriturik zegoela uste zuten; bere izenarekin argitaratzera ausartu ez, eta nire esku utzi zituela bere memoriak». Izan ere, sarreran, «broma gisa», egiazki eskuizbribua adineko emakume baten eskutik heldu zitzaiola idatzi zuen idazleak, jakitun askok berehala irentsiko zutela amua.

«Gizarte patriarkal batean emakumeak nola senti daitezkeen asmatzea ez da hain zaila», dio egileak. «Carol Joyce Oates idazleak esaten duen bezala, gizonek asmatuak dira emakumeen bertuteak. Gizonek dominaturiko gizarteetan emakumeei sinetsarazten zaie maitasunik gabeko sexua pekatua dela, euren birjintasuna altxor preziatua dela, senarrari adarrak jartzea baino krimen larriagorik ez dagoela, etab. Hori guztiari buruz da liburua».

A casa dos Budas ditosos-ek arrakasta handia lortu du Brasilen. Antzerkira egokitua izan da jadanik, bakarrizketa moduan, eta zinemarako jauzia emango du gutxi barru. Itzuli ere, hainbat hizkuntzara itzulia izan da: euskarara, besteak beste, Karlos Zabalak itzulia; Buda zoriontsuen etxea izenburuarekin argitaratu zuen Txalapartak 2003an. Zenbait herrialdetan, baina, kritikatua izan da lan pornografikoa delakoan. «Bitxia da sexuarekiko hain jarrera itxia agertzea, indarkeria erabat onargarria izanda. Dena den, pornografiaren kontu horrek gizartearen moralaz liburuaz baino gehiago adierazten du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.