Imanol Ubeda. Bide Ertzean taldeko abeslari eta gitarrista

«Dena bizi izan dugu perspektiba politikotik, baita maitasuna ere»

Memorian arakatu, eta 70eko hamarkadan Euskal Herrian jazo ziren hainbat gertaera eta piztu ziren zenbait mugimendu ekarri ditu musikara Bide Ertzean-ek '77' lanean. Egungo aldarrikapen askoren hazia han dagoelako.

mikel lizarralde
Andoain
2014ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Barrutik. Hortik atera ohi zaie Imanol eta Joni Ubeda anaiei atzera begiratzea. Familiak bizitakoek bultzatu zituzten Non dira diskoan (2006) 36ko gerran sakontzera, eta senide baten hilketa izan da 77 diskoaren abiapuntua. Historia, orokorra eta partikularra, kantuaren mesedetan betiere. «Kantari batek bere garaiaren eta bere bizipenen kronika egiten du kantuekin, diskoekin». 77-n kronika hori oso lotua ageri da Franco hil ondoren Euskal Herrian piztutako itxaropenari, baina baita trantsizio hartan izan ziren baina zerrenda ofizialetan agertu ez diren biktimen oroimenari ere. Sebastian Goikoetxea Mariezkurrenari kasu. «Osaba Sebas 1977an hil zuten kontrol batean [Nikolas Mendizabal Zaharra-rekin batera], eta urtero ekartzen dugu gogora. Hil zuten tokian elkartzen gara urtero».

Zergatik orain memoria ariketa hau?

Guk bagenuen buruan, bueltaka, osaba Sebasi gertatutakoa. Halako gauzak noiz aterako diren ez dakizu inoiz, baina beti dago hor gaia. Gainera, ni orain Ibarran bizi naiz [Sebasen herrian], eta ikusi nahi dituenarentzat oso agerikoak dira han harekiko maitasun keinuak: plakak, oroitarriak... Egunero pasatzen naiz horietatik eta hori dena pilatuz joaten da.

Lanean hasten zaren arte...

Orain dela lauzpabost urte nahita jarri nintzen, Aste Santuan, idazteko prest. Gitarra, boligrafoa, papera hartu, eseri... eta ez nintzen ezer ganorazkoa idazteko kapaz izan. Kantuak egitea bada ezintasun bat ere zenbaitetan. Beti ez da aurkitzen transmititu nahi duzun hori hitzetan, eta etsigarria ere bada. Orain dela bizpahiru urte, aldiz, arrapaladan bost-sei ideia etorri zitzaizkidan, eta nolabaiteko bulkada bat sentitu nuen. Gero, gainera, juxtu etorri zen ETAk borroka armatua behin betiko uzteko erabakia, eta ohartu ginen komunikabideetan, eta ez bakarrik Espainiakoetan, inbentarioa egiten hasi zirela. ETAk eragindako hildakoak. Zerrendak eta zerrendak. Gatazkaren ondorioak. Gero batzuk hasi ziren GALek hildakoak ere kontatzen, talde parapolizialena... baina hemen errepresio handia izan da urte hauetan, eta segurtasun indarrek ere eragin dute samina.ETAk jende asko hil du, eta normala da fokua une batean hor jartzea, baina kuantitatiboki hainbeste ez izanda ere, izan dira beste hildako batzuk ere, fokutik kanpo gelditu direnak. Sufrimendua poliedrikoa da; sufrimendua jasan dutenak era askotako familiak izan dira, eta sufrimendua eragin dutenak ere bai.

Dena dela, diskoa ez da soilik errepresioaren gaineko disko bat. Ezta zuen osabaren ingurukoa ere.

Asmoa izan da garai bat ekartzea gogora, eta horregatik izenburua, 77. Ez dut pertsonalizatu nahi izan osaba Sebasengan. Hori da abiapuntua, bai, baina badago borondate bat garai batez hitz egiteko.

Garai hartako zeinberezitasun nabarmendu nahi izan dituzue?

Franco hil ondorengo garaia oso itxaropentsua izan zen. Leherketa bat izan zen, eta bat-batean aldarrikapen ugari hasi ziren loratzen: ekologismoa, feminismoa, askatasuna, euskara, euskal kultura... borroka eremu horiek guztiak hartu behar izan zituen belaunaldi hark. Dena egiteko zegoen, eta jakin zuten han egoten. Gero, egia da itxaropen zantzu haietako batzuk zapuztu zirela. Garaiak ezin dira alderatu, baina gaur egun ere itxaropentsua izan daitekeen garai batean gaude.

1977an, trantsizio garaian oro har, gertatu zenaz badute arrastorik gaur egun 40 urte azpitik daudenek?

Disko honetako kantuak osatzen hasi ginenean, ohartu ginen guk geuk asko ere ez genekiela. Horregatik, diskoan badira bi testu. Bata gure arreba Garbiñerena, Sebas hil zuten eguna nolakoa izan zen kontatzen duena. Eta bestea Koldo Izagirrerena. Gaur egun ezin dut diskoa ulertu bi testu horiek gabe. Azken batean, entzuleari osagaiak ematen dizkiogu, kantuak, testuak, garai hartaz oroitzapen bat egiteko aukera emango diotenak. Baina gu ez gara historialariak eta ez dugu saiakera liburu bat egin. Kantuak egiten ditugu; ez gehiago.

Dena dela, ez dago garai hura idealizatzeko arriskurik?

Arrisku hori badago. Jakina, orduan ere kontraesan handiak izango ziren, baina esango nuke 40 urteko diktaduraren ondoren, asmatu zutela puri-purian zeuden aldarrikapen batzuk ekartzen. Gainera, urteetako jazarpenaren ondoren, bazegoen egarria, grina, indar bat. Nik, orain, sumatzen dut egarri eta gose horren falta dugula... Seguru gauza askotan ez zutela asmatu, gaur ere asmatuko ez dugun bezala, baina bi garaiak alderatzekotan, uste dut grina hori, kemena, falta zaigula.

Agian, garai hura gaur egungoa baino ideologizatuagoa zen?

Guri tokatu zaigun garaia ere oso politizatua izan da. Ez dakit munduan zenbat toki izango diren gure adinekoek guk bezainbeste bizi izan dutenak errealitate politikoa. Ikastolan, unibertsitatean... perspektibarekin ikusita, gurea oso belaunaldi politizatua izan da. Dena bizi izan dugu perspektiba politikotik, baita maitasuna ere. Agian, gaur egungoa ez da hainbeste, eta ari naiz pentsatzen 16-20 urteko gazteengan... Igual, oker nago, baina irudipena daukat gure belaunaldia izan dela kalean bizi izan den azkenetakoa. Kalean bizi izan gara, ez lokaletan sartuta. Eta ez dut ezer gaitzetsi nahi e! Baina, agian, hori falta da orain.

Bide Ertzean talde politikotzat duzu?

Talde guztiak, artista guztiak dira politikoak, baita [David] Bisbal ere. Plaza publikora ateratzen zarenean jarrera bat hartzen duzu, estetikoki, zure hitzekin, zure jarrerarekin. Baina tira, normala ere bada guri galdetzea hori, lehen 36ko gerraz eta orain 1977az idatzi dugulako. Nik oso ondo daramat etiketa hori, musikari politikoarena. Etiketa bat jartzen badigute, zuzen edo oker izanda ere, lerratu egiten gaituzte. Eta horrek esan nahi du lerratzeko osagai batzuk ditugula.

Publikora iristen da izaera politiko hori?

Nik esango nuke publikoa abestiekin eta zuzenean transmititzen dugunarekin gelditzen dela. Eta ez diola horrenbeste erreparatzen talde politikoa izateari edo ez izateari. Baina talde politikoa izatearena oso ondo eramaten dugu, guk badugulako intentzio bat, eta kantuen bidez transmititzen ditugulako gure kezkak. Guk hitz egin genezakeen beste hainbat kontuz, baina garai hau bizitzea egokitu zaigu, eta, zorionez edo zoritxarrez, begietatik ikusi ditugu gauza asko, eta horiek gugan eragin dute. Eta guri bezala, gure belaunaldiko askori. Dena dela, kantuetan ez dago planteamendu ideologiko bat ezartzeko nahirik, ez panfletorik, nahiz eta gure begirada ez den inozentea. Guk ere badugulako gure motxila. Gure zeregina da kantuen bitartez emozio batzuei bide ematea.

Nire aberriaz kantuan bada esaldi bat zuen lana definitu dezakeena: «poema baten barruan kabitzen den aberria da nirea».

Mikel Ibargurenen poema da hori eta aspaldi musikatuta geneukan. Lehenengo maxirako [Bide Ertzean, 1998]grabatu genuen, baina, azkenean, lekurik ez eta kanpoan gelditu zen. Baina disko hau prestatzen hasi eta etorri zitzaigun gogora poema hori. Pentsatzen dugulako 1998an bezain ondo jasotzen duela poema horrek aberriaz dugun ikuspuntua. Eta, era berean, oso ondo lotzen zaio Bide Ertzean-en ibilbideari. Eta gauza bera gertatzen da musikatu dugun Gotzon Barandiaranen poemarekin [Bilatuko zaitut]. Kantuak egitea ere hori da, bilaketa bat. Guk ez ditugu poemak hala moduz aukeratzen, beti dago ideia bati lotzeko intentzio bat.

Trantsizio garaiaz egin da literatura eta antzerkia. Baina musika, berriz, ez da idatzi ikuspuntu garaikide batetik. Jo duzue, hala ere, 1977an edo 1978an egiten zen musikara?

Garai hartako taldeak segitu izan ditugu, baina disko hau egiteko ez dugu haiengana jo, ez behintzat estetika musikal bat bilatu nahian. Baina kuriosoa bada ere, grabatzeko modua bai izan da garai hartakoa bezalakoa.

Beti Kaki Arkarazorekin grabatu ostean, oraingoan Suso Saizekin aritu zarete. Grabatzeko modu horrek ekarri du aldaketa?

Garbi ikusi genuen hirukote moduan grabatu nahi genuela, eta lokalean entseatzen hasi ginenean, nik berehala Gibson gitarra hartu nuen, Deabruak-ekin jotzen nuena. Berehala ohartu ginen kantuek bazutela zera berezi bat, eta erabaki genuen zuzenean grabatu behar genituela. Hasieran erdi txantxetan, baina poliki-poliki sinetsiz joan ginen, eta gogoratu ginen Suso Saizez. Karlosek [Aranzegi] Ivan Ferreiroren lehenengo bi diskoak grabatu zituen, zuzenean, hirukotean eta Suso Saizen gidaritzapean. Egokia iruditu zitzaigun eta ideia aurkeztu genion. Dena kontatu genion, zertaz zen diskoa eta abar. Etorri zen lokalera, eta iruditu zitzaion kantuek zentzua izan zezaketela hirukote moduan grabatuta ere.

Ez zenuten diskoa ohiko estudio batean grabatu, baizik eta Urnietako Sarobe zentroan...

Susok ez zuen ohiko grabazio estudio bat nahi. Sasoi batean estudioak garaiak ziren, mikrofonoekin jolas zitekeen eta aretoak berak ziren soinuaren parte. Toki altu eta zabala nahi zuen, aretoaren akustikari garrantzia eman nahi ziolako. Eta horregatik jo genuen Sarobera.

Lan egiteko moduan aldaketa handia dakar horrek. Zer ekarri dizue zuei?

Musika dinamika bat da, eta dinamikaren inertziak apurtu edo gainditu egin behar dira noizbehinka. Zelai batean eroso egonda, amildegira hurbiltzeak beldurra eman dezake une batzuetan, eta gu Saroben ari ginenean ez ginen handik aterako zenaz ziur. Tentsio hori eraman genuen grabaziora. Gainera, ez genituen ondoan Joserra [Senperena] eta Fran [Iturbe]. Ezta Kaki ere. Eta Kakik garrantzi izugarria izan du Bide Ertzean-en soinuan. Baina, hala ere, geure burua estutu nahi genuen, ea gai ginen zerbait duina eta zentzuzkoa egiteko. Jauzia emateko erabakia hartuta, ikusi genuen beste teknikari batekin aritu gintezkeela. Eta, gainera, ekoizle artistiko batekin. Horrek estualdi batean jartzen zaitu, baina halako egoerak oso emankorrak dira, adi jartzen zaituztelako. Baina oso esperientzia aberasgarria eta osasungarria izan da, batez ere artistikoki. Asko ikasi dugu, eta inportantea izan da.

Emaitzak eta erantzunak gogobete zaituztete?

Nire sentsazioa da asmatu dugula. Ez dakit jendeari gustatuko zaion diskoa edo gustukoena izango duen. Baina guk, Karlosek, Jonik eta hirurok, sentsazio hori daukagu, asmatu izanarena. Eta hori sentsazio oso ederra da.

Normalean ematen da?

Bai, bai, ematen da. Baina oraingoan beste bide bat hartzea erabaki dugu! Autobidean ginen, eta une batean, erabaki dugu bidezidor batetik abiatzea basoan zer aurkituko... Disko hau abentura bat izan da guretzat, eta iruditzen zaigu istripurik gabe amaitu dugula. Musikan, eta bizitzan oro har, inertziak hautsi behar dira. Eta kale eginda ere, zerbait ikasten da bidean.

Karlosek, Jonik eta zuk osatzen duzue Bide Ertzean-en oinarria. Baina zuetako bakoitzak, bere tresna jotzeaz aparte, betetzen du rol jakin bat taldearen barruan?

Bai, bai, zalantzarik gabe. Talde bat denboran mantentzea ez da erraza, faktore askoren menpe dagoelako: egindakoarekin gustura egotea taldekide guztiak, jendeari gustatzea, norbait egotea taldea kontratatzeko prest, jendea izatea taldea ikusteko gogoz... Azkenean, hori da talde bat. Eta askotan talde batzuk desegiten dira rol arazoengatik. Guk nahiko garbi ditugu, eta aitortzen diogu batak besteari eginkizun bat. Gure kasuan, gaiak, kantuen ideiak, Jonik eta biok eramaten ditugu. Beti izan da horrela. Kantuei zer forma eman erabakitzeko orduan, gainerako taldekideen iritzia Joni eta nirea baino inportanteagoa da, zorionez oso musikari onak ditugulako inguruan. Joserrak, Franek eta Karlosek lortu dute beren pasioa ogibide bihurtzea, eta pasio horrekin bizi dute musika eguneko 24 orduetan. Guk hori aitortzen diegu. Jonik, gainera, betetzen du beste funtzio bat ere, kudeaketarekin lotutakoa. Agenda, kontratazioa, harremanak, logistika... noski, gurean ere badira gorabeherak, baina uste dut jakin dugula bakoitzak besteari aitortzen zein rol betetzen duen.

Krisiaren ondorioak oso gogorrak direla aipatzen dute musikari batzuek, baina zuek dezente ari zarete jotzen. Izango zuen, nolanahi ere, eraginik.

Ez zait gustatzen ibiltzea esaten lehen hobeto zegoela dena, baina egia da krisiak eragina izan duela. Guri, adibidez, oso miresgarria iruditzen zaigu zuzenekoen aldeko apustua egiten dutenen lana. Badakigu rock-and-rollak ez duela dirurik ematen, baina, hala ere, egiten dute apustu hori. Lekunberrin, [Iruñeko] Euskaldunon Biltokian, Zarauzko Garoan... Badago jende bat gutaz arduratzen dena, zuzeneko musikaz kezkatzen dena, eta miresgarria iruditzen zait. Eta gero eta plaza ederragoak ditugu gu bezalakook.

Baina baldintzak asko aldatu direla errepikatzen da.

Baldintzak asko kaskartu dira, eta hori kezkagarria da. Ni ez naiz musikari profesionala, baina baditut taldean hor lan egiten dutenak, eta badakit musikari lanbidea ez dela desagertuko, baina galbidean dagoela diskogintzara lotutako ofizio bat. Musikaz bizi den artistaren egoera asko kaskartu da. Eta ez dira garai onak itzuliko. Diskogintzaren inguruan egon dira ofizio batzuk galtzen ari dira. Eta, hala ere, baikor izan nahi dut, musikak garrantzitsua izaten jarraituko duelako.

DATOZEN KONTZERTUAK

Gaur: Elgetako Espaloian, 22:30ean, Balerdi Balerdirekin.

Bihar: Errenteriako Niessenen, 22:00etan. Kokein eta Xabi eta Pettirekin.

Otsailak 14: Oñatiko Gaztelekuan, 22:30ean. Governorsekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.