Xabier Agirre Urteagak irabazi du saiakera arloko Becerro de Bengoa saria

Juan Jose Ispizua izan da garaile Arabako Aldundiaren poesia sariketan, eta Jose Mari Segurola ipuinenean

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Xabier Agirre Urteagak irabazi du Arabako Foru Aldundiak antolatutako Becerro de Bengoa euskarazko saiakera saria, Rawlsen arrastoak saiakerarekin. Ez da hau Agirre Urteagak saiakera batekin sari garrantzitsu bat eskuratzen duen aurreneko aldia, duela sei urte Mikel Zarate saria jaso baitzuen, Zertan dira askatasuna eta berdintasuna gaur egun? lanarekin (Euskaltzaindia-BBK, 2005), eta duela lau urte Juan Zelaia saria, Tolerantziaren gaineko disertazioa-rekin (Pamiela, 2007).

Arabako Foru Aldundiak antolatutako Ernestina de Champourcin euskarazko poesia sariak Juan Jose Ispizua izan du irabazle, Itsas sotoetan ur-behera goibel amiltzen doazen hainbat sentsazino bizi lanarekin. Ispizuaren kasuan ere ez da hau irabazten duen aurreneko saria, duela sei urte Felipe Arrese Beitia poesia saria jaso baitzuen, Harizpeko neskaren afera lanarekin (Euskaltzaindia-BBK, 2005).

Euskarazko ipuinen Ignacio Aldekoa sariketa, hori ere Arabako Foru Aldundiak antolatua, Jose Mari Segurolak irabazi du, Oso gauza ohargarria lanarekin.

Sarien gaztelaniazko sailetan honako hauek izan dira irabazleak: Carlos Goñi Zubietaren Los otros caballeros andantes, saiakerako Becerro de Bengoa sarian; Blas MuñozenViva ausencia, poesiako Ernestina de Champourcin sarian; eta Carmen Mendez Gonzalezen La sombra de tu perro, ipuingintzako Ignacio Aldekoa sarian.

Sari banaketa, asteazkenean

Arabako Foru Aldundiak saritutako lanak argitaratu ohi ditu normalean, baina kasu batzuetan, egileak hala nahi duelako, beste argitaletxe batzuek har dezakete ardura hori.

Hilaren 29an banatuko dituzte sariak, Gasteizko Bibat museoan, 20:00etan hasiko den ekitaldian. Ekitaldi berean, Blas Arratibel artisautza sariak eta Musika Maketen IV. Lehiaketako sariak ere banatuko dituzte. Lehiaketa horretan, Tom Tom Makuts eta Xasta dira sarituak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.