Iker Zabala. Urdaibaiko arraunlaria

«Irabazten dudanean, ez naiz ari batere gozatzen»

Giro gaiztoa dago Urdaibairen eta Kaikuren artean. Adierazpen zitalak entzuten dira bi aldeetatik, baina bada salbuespenik. Iker Zabala Bermeoko arraunlariak giroa baretzeko eskatu die zaleei, arraunlariei eta zuzendaritzakoei: «Elkar errespetatu behar dugu».

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Gogorra izan behar du gustatzen zaizun zerbait egiten jardun eta ezin gozatuz egotea. Horrelaxe dago Iker Zabala Urdaibaiko arraunlaria (Bermeo, Bizkaia, 1979). Euskadiko Txapelketa irabazi du, baina poza ez du erabatekoa. Zentzuz mintzo da.

Euskadiko Txapelketa irabaztea beste garaipen bat bezalakoa izan al zen?

Ikusita joan zen igandean injustizia egin zela gurekin, ez da beste bandera bat bezalakoa astelehenean irabazitakoa. Guk Astillero jo genuela ezin da ukatu, baina epaileak oso arin hartu zuen erabakia. Ez dut gaizki pentsatu nahi, baina inoiz ez dut ikusi epaile bat horrelako erabakia hain azkar hartzen. Astelehenean, barruko mina askatu nahi genuen, eta, zorionez, dena ongi atera zen. 25 segundo atera genizkion Kaikuri, eta ez da bien artean dagoen benetako aldea, baina dena egin genuen ondo.

Irabazteak beti dauka meritua, baina bezperako kolpe latzari buelta emateko gai izateagatik, meritu bikoitza al da zuena?

Bai, ikusten da psikologikoki oso talde indartsua garela. Sasoiaren hasieratik ari gara gaizki pasatzen, eta hala ere, hor dago Urdaibai, goian, estropada guztietan.

Igandekoa eta gero, San Miguel liga irabazten ez daukazue lan erraza. Zer asmo dituzue?

Estropadaz estropada joango gara, ahal bada Kaikuri puntuak kentzen saiatuz. Baina liga irabaztea zaila izango da, Kaiku oso traineru erregularra delako.

Gauza guztiek daukate alderdi ona, eta ligan aukera gutxirekin egotea mesederako izan al daiteke Kon- txako bandera prestatzeko?

Bueno, lasai ez gaude. Ligan goian ibili arren, entrenamendu gogorrak egiten ari gara, eta gure helburuak ez ditugu aldatuko. Ligan gogor segituko dugu. Ea lan horrek fruitua ematen duen gero.

Euskadiko Txapelketa irabazi eta segituan, zer pentsatu zenuen?

Taldeak sekulako gogoa zeukan, eta arraunlari guztiok elkar besarkatu ginen. Ez gara izango traineru onena, baina jendeari erakutsi nahi genion hor gaudela. Gauzak ondo egiten ditugunean, oso azkar ibiltzen gara. Erakutsi genuen itsasoan ere bagabiltzala, eta geure buruari erakutsi nahi genion hori.

Kaikuren hasierako txanpa biziari eustea izan al zen gakoa Txapelketa irabazteko?

Bai. Kaiku oso azkar ateratzen da, eta olatuaren aurka oso arin joaten da. Lehen luzean eutsi nahi genion, eta aurrea hartzeko gai ere izan ginen. Bigarren luzean parean jarri zitzaigun, baina gure kalean sartu zenez, epaileak bere kalera bidali zuen, eta uste dut, momentu horretan kontzentrazioa galdu zutela; guk olatu polita hartu genuen, eta alde egin genion. Hirugarren luzean, bere erasoari eutsi genion, eta laugarrenean gozatu egin genuen.

Euskadiko Txapelketa irabazi izanak baretuko al du pixka bat zuen eta Kaikuren arteko giro gaiztoa?

Ez dakit. Tentsio handia dago. Irabazten dudanean ere, ez naiz ari batere gozatzen. Lehorrera heltzen zara banderarekin, eta elkarren aurka oihuka ikusten duzu jendea, eta sasoia da bakoitzak bere trainerua animatzeko. Uretakoak izan behar du lehia, eta ea denon artean giroa baretzen laguntzen dugun. Aurkaria errespetatu egin behar da, eta irabazlea zoriondu, edozein dela ere.

Ez al zaizu iruditzen Urdaibai eta Kaiku, biak ari zaretela berez gaizto dagoen giroa gehiago gaiztotzen?

Hala gabiltza, bai. Ni ez naiz inor Kaikuko zaleei zer egin behar duten esateko, baina Bermeoko zaleei, zuzendaritzakoei eta arraunlariei esaten diet gurean murgiltzeko, eta bestea errespetatzeko.

Baretuko al da noizbait giro petral hori?

Egia esan, ez badugu kontrola- tzen, berotuz joango da, oraintxe doan bezala. Sasoia da hau geldi- tzeko, eta pentsatzen jarri behar dugu zertan ari garen. Arraun munduak ez du hau merezi; oso kirol polita da, gogorra, eta bada garaia bakoitzak bere koloreak animatzeko, bestea errespetatuz. Arraunlari guztiok ari gara lanean, entrenamendu gogorrak egiten, eta denok merezi dugu errespetatuak izatea. Kaikukoek guri zerbait txarra esaten digutenean min egiten digu, eta guk ere pen- tsatu behar dugu haiei ere min egiten diela guk zerbait txarra esateak. Bakoitzak bere bidean segitu behar dugu.

Aurtengoa al da zuretzat denboraldi zailena arraunlari zarenetik?

Bai, bai. Inoiz ez naiz egon horrelako egoera batean. Ematen du denboraldia hasi zenetik bost denboraldi igaro direla. Egunak oso luzeak egiten ari zaizkit, gero eta astakeria handiagoak ari gara entzuten. Ematen du guk eraku- tsi behar dugula errugabeak garela, berez alderantzizkoa denean: errugabetasun presuntzioa denok daukagu. Epaia eman arte, auzia hor utzi behar da. Prozesua zabalik dago epaitegian, eta gure kontra egin diren akusazio gogorren aurrean defenditu egin behar dugu.

Igandean, Zumaian, TKEko batzarrean, klubek erabaki behar dute Urdaibai ligatik kaleratzea eskatu ala ez. Zer iritzi duzu batzar horretaz?

Duela hilabete asko egin behar zuten batzar hori, eta ez orain, lehiaketa hasita dagoenean. Baina liga hau pribatua da, eta klubek erabakitzen dute zer egin. Zer pentsatua ematen dit aurkariaren esku dagoenean gu kaleratzea edo ez. Azken batean, gu ez egotea komeni zaie talde batzuei, aurkari bat gutxiago izango luketelako. Baina nahiago dut ondo pentsatu, eta jendeak zentzuz jokatuko du. Ea batzarra eta gero giroa baretzen den, baina ez dut uste hala izango denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.