Sanchez Muniain: «PSNrik gabe bizkorrago lan egiten dugu»
Bakarrik hobe. Hala dirudi Nafarroako Gobernuko bozeramaile eta bigarren lehendakariorde Juan Luis Sanchez Muniainen adierazpenak kontuan hartuta. PSNk koalizio gobernua utzi eta UPN bakarrik geratu ondoren, Yolanda Barcinaren gobernuak «abiadura handitu du». «PSNrik gabe bizkorrago lan egiten dugu», horixe Sanchez Muniainen ondorioa, gobernu berrituaren lehen bilera egin ostean. «Abiadura guztiz bizkorra antzeman dugu erabakiak hartzeko orduan», esan zuen bozeramaileak. UPN-PSN gobernu ituna krisian sartu eta azkenean hautsi den arte igaro diren asteetan «lanak pilatu» egin zaizkio foru gobernuari. «Orain erritmo biziagoa ezarri nahi dugu, eta gobernuan dugun kohesio handiago dugula, aprobetxatuko dugu».
Nafarroako bigarren lehendakariordearen iritzian, mesedegarri izango da erritmo bizkortze hori, eta herritarrek ere igarriko dituzte «onurak».
Asteburuan kontseilari berriak karguaren zina egin osteko lehen gobernu bilera egin zuten atzo. Han izan ziren izendatu berriak: Luis Zarraluki Sustapen kontseilaria, Jose Javier Esparza Nekazaritza Garapen, Ingurumen eta Herri Administraziokoa, Javier Morras Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria eta Jesus Pejenaute Gizarte Politiketakoa.
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.