Berrogei urte herria eraikitzen

Sahararrek urteak daramatzate bidegabekeria pairatzen eta munduaren indiferentziari aurre egiten, erbestean, Tindufeko lur mortuan eta lur okupatuetan. Fronte Polisarioak 40 urte bete zituen atzo.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Sahara espainiarra edo 53. probintzia deitzen zioten espainiarrek beren hegemonia gotortuta zeukaten eremuari. Han sortu zen Fronte Polisarioa, 1973ko maiatzaren 10ean, bertako sahararren talde nazionalistek bultzatua. Gaur ere saharar guztiak biltzen dituen erakunde politikoa da, eta haren esku dago SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko lur askatuetako eta Tindufeko antolaketa osoa.

Sahararrentzat egun pozgarria da atzoko urteurrena, herri gisara munduko mapan kokatu zituen erakundea sortu baitzen. Hazi egin dira berarekin, hezi; kultura eta nortasuna indartu dituzte sahararrek Fronte Polisarioaren bidez, heziketa eta osasuna doakoa ezarri dute kanpalekuetan, eta antolaketa eraginkorra dute. Desfile militarrak egin zituzten Tindufen atzo, Aaiun hiri okupatuaren izena hartzen duen kanpalekuan. Eta Mohamed Abdelaziz Fronte Polisarioko idazkari nagusiak mezu itxaropentsua egin zuen bertaratu ziren nazioarteko ordezkarien aurrean. «Arrisku hurbilak» badituztela onartu arren, «garaipena inoiz baino hurbilago» ikusten duela esan zuen.

Burujabetza, ordea, sufrimendu handiz lortzea kostatzen ari zaien ametsa da oraindik. Bonbardaketetatik ihesi basamortura joan ziren milaka sahararren exodoa etsigarria da askotan; Marokoren pean bizi direnen egunerokoa, bortitza. Erbestean eta lur okupatuan, familiak banatuta daude. Tindufen Fronte Polisarioak banatzen duen nazioarteko laguntzari esker bizi dira, besterik ez baitie ematen lur idorrak. Inoiz beste parajerik ezagutu ez duten gazteak dauzka basamortuak, aurreko bizitzaren memoriarik gabe ezerezaren erdian zer egiten duten askotan galdetzen dutenak. Lur okupatuetan, berriz, Marokok errepresio gogorra ezartzen du, eta nazioarteak utzi egiten dio.

Franco hilzorian zela, 1975eko azaroaren 14an sinatu zituzten Hirukoaren Akordioak Mauritaniak, Marokok eta Espainiak, eta mendebaldeko sahararren administrazioa Afrikako bi herrialdeon esku geratu zen.Praktikan Espainiaren probintzia Marokori eman zion. Hurrengo egunean Marokoko aire armadak sahararrak bonbardatu zituen, eta herritarrek itzulerarik gabeko ihesa hasi zuten. Martxa Berdea iritsi zen gero, Franco hil zen egunean, eta milaka zibilen kolonizazioa: okupazio militarra hasi eta Marokoko funtzionarioek administrazioa hartu zuten. 1976ko otsailaren 27an sortu zuten SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa, azken funtzionario espainiarrak atera ziren egun berean. Milaka sahararrek alde egiten jarraitu zuten, basamortuan 200 kilometro eginez, Aljeriako mugara, Tindufera. Sahara Askatzeko Herri Armadak, Fronte Polisarioak gidatuta, okupatzaileen kontra borrokan jarraitu zuen 1979 arte, Mauritaniarekin bakea sinatu zuen arte. Ordura arte gerrillen gerra zena gerra irekia bilakatu zen Marokoren kontra.

Gerrak hamabost urte baino gehiago iraun zuen, 1991n su-etenari heldu zioten arte. Bake prozesuari heltzea hitzartu zuten Nazio Batuen Erakundearen babesean, eta helburua autodeterminazio eskubideari buruzko erreferenduma egitea zen, 1992ko urtarrilaren 15ean. Gaur arte.

Hainbat garai igaro dituzte sahararrek ordutik. Errolda izan zen aitzakia lehenik. Rabatek lur okupatuetako marokoarrak sartu nahi zituen. Biztanle guztiek botoa eman zezaten aztertzekotan geratu zen Fronte Polisarioa, baina urrats hori egin zuenean, Marokok ez zuen onartu. 2007an NBEk elkarrizketa zuzenak proposatu zituen, baina saio antzuak izan dira. 80 herrialde baino gehiago dira, era berean, SEAD ofizialki onartzen dutenak, baina interes ekonomikoek eta politikoek gainetik egoten jarraitzen dute.

Agdaim Izik kanpalekuan egin zutena egiten dute oraindik, eta azken ika-mikan berriz ere Maroko atera da irabazten. Nazio Batuen Erakundearen misioak ez du ikertuko Mendebaldeko Saharan giza eskubideak errespetatzen diren ala ez, AEBek aurkeztutako proiektua bertan behera gelditu ostean. Susan Rice enbaxadoreak idatzi zuen zirriborroa, eta NBEn aurkeztu. Bertan, Minurso misioaren berritzea planteatzen zen, soldaduek giza eskubideen betetzea gainbegira zezaten, bai Saharan, bai Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetan. Segurtasun Kontseiluan aurkeztu aurretik, baina, atzera egin zuten AEBek. Zer ospatu badute sahararrek, hala ere; eta zer borrokatu ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.