Durangoko 46. Euskal Disko eta Liburu Azoka

Literatura osasuntsu, hizkuntza ez

'Galegoz eta euskaraz, Galizia eta Euskal Herriaz' berriketaldian, literaturak hizkuntza bietan duen egoeraz hausnarketa egin dute Pako Aristik eta Dario Xohan Cabana idazle galegoak.

Pako Aristi, Xose Estevez eta Dario Xohan Cabana. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Durango
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Galegoz mintzatu ziren atzo Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokako aretoan batutako idazleak. «Taberna girokoa da nire galegoa» galegoz esanez hasi zuen bere berriketaldia Pako Aristik, eta bukaera arte kultura gonbidatuaren hizkuntzan hizketan aritu zen Dario XohanCabana idazle galiziarrarekin. Galegoz eta euskaraz, Galizia eta Euskal Herriaz? gaia jorratu zuten. Euskal Herrian bizi den Xose Estevez idazle galiziarra izan zuten zirikatzaile. «Nire aberriak atsekabea sortzen didanean, hauteskundeetan, adibidez, Euskal Herriak poztasuna ematen dit», azaldu zuen. Galegoz egindako 153 lan euskarara itzuli direla azpimarratu zuen,eta hori guztia Pako Aristi eta Karmelo Landari esker izan dela gogoratu zuen.

Oreka gabeko elebitasuna

Hizkuntza gutxituetan lan egiten duten idazleak batu beharraz hitz egin zuen Dario Xohanek. «Gure literaturak ezberdinak dira, kasu nazional bakoitzari berezko zaiona, baina estaturik gabeko idazleok indarrak batu beharrean gaude arriskuan diren hizkuntzen idazleak garelako. Barrikadaren alde berean gaude».

Euskal Herrian dugun elebitasun desorekatuaren gainean jardun zuen Pako Aristik. «Hizkuntza baten garapena jasotzen duen bultzadaren araberakoa da».Norvegia jarri zuen adibidetzat: «Estatu serioek diru laguntzak ematen dituzte euren herriko literatura garatu dadin». Espainiako Estatutik galegoa eta euskararen kontra neurri zapaltzaileak baino ez jasotzea salatu zuen. «Eusko Jaurlaritzak sei milioi euroko diru laguntza eman du Basque Culinary Center delakoa sortzeko. Bertako kide izateko euskara edo ingelesa jakitea eskatzen da, lotsagarria benetan!». Hizkuntza gutxituen egoera «tamalgarriaz» hitz eginez hizlariek egunotan irrati batean egindako elkarrizketa aipatu zuten. «Zergatik galdetu behar digute zer dela eta aukeratu dugun euskaraz edo galegoz idaztea? Denok aukeratzen dugu idazteko hizkuntza, eta zergatik ez diote galdetzen Euskal Herrian bizi den idazle bati zer dela eta idazten duen gaztelaniaz?», galde egin zuen Aristik. Xohanek gaineratu zuen «tamalez» galiziar askok nahiago dutela bigarren mailako espainiar izan lehen mailako galiziar baino.

Hizlariek aipatu zuten literatura bakoitza sortu eta garatuegiten dela egoera historiko, politiko, ekonomiko jakin eta zehatzetan. Euskal literatura eta galiziarraren osasuna ona dela gaineratu zuten, hizkuntzaren egoera bestelakoa bada ere. Xohanek azpimarratu zuen literatura galegoa nazio-tresna gisa sortu zela, eta baita nazio-fabrika modura ere. «Jakin badakit Rosalia [De Castro] eta [Eduardo] Pondalen aurretik ere egon zela beste ezer. Zorte onekoak izan gara, bazterrean utzi den Europako txoko pobre honetan, geure literatura modernoaren hastapenetan bi poeta jeinu izan ditugulako. Rosalia eta Pondal, garai hartan Iberiar penintsulan egon zen gauzarik modernoena izan ziren, Portugal barne».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.