Ertzetatik hasiko dira

Gaur hasiko dira Europako Parlamenturako hauteskundeak zenbait estatutan; Erresuma Batua eta Herbehereak izango dira lehenakDiskurtso protekzionista eta xenofoboek xurgatuko dituzte protesta botoetako asko

Samara Velte.
2014ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Gaur hasiko dira ofizialki Europako Parlamentua osatzeko hauteskundeak. Estatu gehienetako herritarrek igandean emango dute botoa —tartean, Euskal Herrikoek—, baina zortzi herrialdek aurreko egunetan dute hitzordua, gaurtik hasita. Erresuma Batua eta Herbehereak izango dira lehenbizikoak. Emaitzak ez dituzte argitara emango igande iluntzera arte; eta akaso hobe, Bruselak ezkerrera egingo duela espero dutenentzat. Bestela, lehenbiziko bozketa eguna aste osoko umorea mikazteko modukoa gerta daiteke: inkesten arabera, populismo xenofoboa izango da nagusi batean zein bestean. Erresuma Batuan, UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdia jotzen dute garaile; eta Herbehereetan, Geert Wildersen VPP Askatasunaren Alderdia.

Izan ere, krisiak ez du EB Europako Batasunarekiko fedea hegoaldean soilik galarazi. Iparraldeko estatuetan ere zalantzak hedatu dira batasuneko proiektuaren inguruan, eta protesta boto gehienak alderdi protekzionisten inguruan bildu dira. EBren aurkako kritika ozenenak eskuinetik heldu dira: Bruselaren esku sartzeen aurkako leloak eta atzerritarren aurkakoak nahastu dituzte alderdi populistek, eta koktel lehergarria osatu dute Europako hauteskundeetarako.

Ingalaterran eta Ipar Irlandan udal hauteskundeak ere badituzte gaur. Urtebete eskas falta da gobernuko bozetarako, eta haien zirriborro izan daitezke gaurkoak. Inkestek iradoki dutenez,UKIPek 2009an lortutako botoen bikoitza eskuratu ditzake, eta buruz buru lehiatuko da alderdi laboristarekin; 23 edo 24 eurodiputatu inguru iragartzen dizkiote bakoitzari. David Cameron lehen ministroaren alderdi kontserbadoreak hamazazpi eserleku lortuko lituzke, zortzi galduta; eta EBrekiko jarrera baikorrena erakutsi duten liberalek botoen %10 baino gutxiago biltzeko arriskua dute.

Iragarpenok betez gero, Erresuma Batuak Europan dauzkan ordezkarien erdiak leudeke EBrekiko harremana zalantzan jartzearen alde. Sektore kontserbadoreenek errezeloz ikusten dituzteBruselatik heldutako aginduak: UKIP segituan aterako litzateke; eta tory-ek onartu dute horri buruzko erreferenduma egitea. Laboristek EB «barrutik erreformatu» behar dela diote, baina ez dute osasunik galduko hura defendatzearren.

Erresuma Batuko gizartean indiferentzia izaten da nagusi Europako aferetan. Aurtengo bozek, baina, aspaldi ez bezalako interesa eragin dute. Erresuma Batuko hauteskunde sistema dela medio, UKIP Komunen Ganberatik—parlamentuko behe ganberatik— kanpo egon da orain arte. Bruselaren aitzakiatan jaso duen arretak, ordea, estatuko politikan gora egiteko balio diezaioke. Hala gertatzen bada, Europaren aurkako alderdiak Europari zor izango dio arrakasta.

UKIPen diskurtsoak atzerritik Erresuma Batura joandakoak ditu jomugan, baita Europa ekialdeko langileak ere. Azken asteotan, polemika handia eragin dute Nigel Farage alderdiko buruak errumaniarren eta poloniarren aurka egindako adierazpenek. Argumentua sinplea da: ekialdetik lan bila datozenek lanpostuak kentzen dizkiete bertakoei, eta EBtik aterata soilik kontrola daiteke handik datorren immigrazioa.

Adierazpen arrazistak Hagan

Herbehereek 26 diputatu dituzte Europako Parlamentuan. Haiek eskuratzeko lehia nagusia Wildersen PVVren eta zentro-ezkerreko D66 (Demokrazia 66) alderdiaren artekoa izango da. Bien aldarrikapenek eman diote itxura hauteskunde kanpainari: «Europa gehiago» edo «Europa gutxiago» izan dira herritarrei planteatu dizkieten aukerak.

PVVk lau eurodiputatu ditu gaur egun. Inkesten arabera, gutxienez berdin geratu eta gehienez hiru eserleku irabaziko ditu; kasu horretan, Herbehereetako indar nagusia litzateke. Gobernuan dauden liberalei ere orain baino bi diputatu gehiago iragartzen dizkiete; haiekin koalizioan agintzen duten laboristei, aldiz, beherakada handia. Martxoko udal hauteskundeetan ere kolpe handia hartu zuten sozialdemokratek, besteak beste, Amsterdamgo eta Rotterdamgo alkatetzak galdu zituztelako. Lehia estua izango da, eta emaitza, botoa ematen duten herritar kopuruaren araberakoa. Parte hartzea txikia izan ohi da Europako Parlamentua hautatzerakoan—2009an, %36 izan zen, EBko batez bestekoa baino zazpi puntu gutxiago—, eta, beraz, boto gutxiren aldeak nabarmen eragin diezaioke emaitza orokorrari.

PVVk duela bost urte aurkeztu zuen lehenbiziko aldiz zerrenda Europako hauteskundeetan, eta botoen %17 bildu zituen zuzenean; gobernuko kristau demokratek ozta-ozta hartu zioten aurre, %20ekin. Wilders gogor mintzo da islamaren eta «gehiegizko immigrazioa» deitzen dionaren aurka. Martxoan, Europa erdialdean aspaldi ikusi gabeko emankizuna eskaini zuen Hagan: mitin batean, oihuka galdetu zien bere jarraitzaileei, «Marokoar gehiago edo gutxiago nahi duzue hiri honetan?». Emanaldiko bideoan jendetza ikus daiteke, «gutxiago, gutxiago!» erantzuten. «Konponduko dugu hori, hortaz», Wildersen promesa.

Dena den, atzerritarren aurkako diskurtso diskriminatzaileak ez du arrakasta handirik Herbehereetako gizartean. Horrek baino gehiago, arlo ekonomikoko kritikek erakartzen dituzte boto-emaileak. «EBtik kanpora, eurotik kanpora» da PVVren lelo nagusietako bat: merkatu bakarra kaltegarria da Herbehereentzat, eta Amsterdamek hobe luke bere mugen barrukoa kontrolatu. Soilik EBtik irtenda salbatuko da krisitik.

Egiten dituen adierazpen polemikoak direla medio, hainbat mehatxu jaso ditu Wildersek; bizkartzain ugari ditu, eta sarri aldatzen du bizilekua. Harreman ona du eskuin muturreko beste mugimenduekin, eta Europan aliantzak sortzeko asmoa adierazi du; besteak beste, Frantziako eta Austriako ultraeskuindarrekin. Gaurko bozketaren emaitzak ez dira igande iluntzera arte jakingo, baina botoa emateko uneko datuetatik atera ahal izango da zantzuren bat, zein kolore hartuko duen Europako Parlamentuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.