Arrauna. Kontxako Bandera

Historiak urdina esaten du

Urdaibaik 33 segundo ateratzen dizkio Kaikuri Kontxako Bandera irabazteko lehian, eta gaurko ez da ezusterik esperoAzkeneko hiru hamarkadetan, lau alditan irauli da sailkapena bigarren igandean

Jose Manuel Francisco Urdaibaiko entrenatzailea, arraunlariei aginduak ematen, atzo goizean, Donostiako kaian, entrenamendua hasi aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko irailaren 11
00:00
Entzun
Kontxako Banderak historia luzea dauka, eta, bi egunetan jokatzen denez, igande batetik bestera gertatu denari asko begiratzen zaio. Urteroko kontua izaten da lehen igandean izandako aldeak hartu, eta bigarren igandean historiak utzitako datuei erreparatzea, gerta daitekeena aurretik gertatu den edo ez jakiteko.

Aurtengoa ere ez da salbuespena. Urdaibaik Kaikuri 33 segundo atera zizkion joan zen igandean, eta aste honetako ikerketak bi alderdi izan ditu: batetik, ea inoiz halako aldeari buelta eman zaion; eta bestetik, igande batetik bestera zenbat aldiz irauli den sailkapena. 1878an jokatu zen estreinako aldiz Kontxako Bandera, beraz, bada non begiratu. Urrutira jo gabe, baina, azken hiru hamarkadetako datuak aztertuta, historiak Urdaibairen urdin kolorearen alde egiten du; nabarmen, gainera. 1980tik, lau aldiz bakarrik eman du buelta lehen igandeko sailkapenak: 1990ean, 1991n, 2001ean eta 2005ean. Duela 21 urte, San Pedrok egin zuen denbora onena aurreneko egunean, eta ia bi segundo atera zizkion San Juani; bigarren igandean, hamar segundo aurretik sartu zen San Juan, eta bandera Pasai Donibanera joan zen. Hurrengo urtean, Orio izan zen azkarrena lehen igandean, eta segundo bat atera zion San Juani eta bost San Pedrori; bigarren egunean, San Pedrok eraman zuen bandera preziatua, Oriori hamasei segundo atera eta gero.

Mende berrian sartuta, duela hamar urte gertatua ez zaio ahaztu arraunzaleari. Oriok hamar segundo atera zizkion Castrori lehen egunean, eta bigarrenean, alde bera izan zen, baina Castroren alde. Ehunenekoak tarteko, Kantabriara joan zen bandera, bi traineruek azken luzean egundoko borroka izan eta gero. Jose Luis Korta zihoan Castroren patroi lanetan, eta eztabaida izan zen, Orioren kalean sartu zela ez zela. Azkeneko iraultza duela sei urte gertatu zen, 2005ean. Astillerok errenta handia lortu zuen lehen igandean; gero banderaren jabe egin zen Hondarribiari hamalau segundo atera zizkion, baina bigarren igandean, itsaso txarra ederki baliatuz, Hondarribiak hogei segundo jan zizkion.

Beste alderdiaren ikerketak ere tarte gutxi ematen dio Kaikuri, lehen igandean hain alde handia atera izan duenak bigarrenean ere bere nagusitasuna azaldu izan duelako. Datuak Urdaibairen aldekoak dira, eta, uretan zer gertatuko den ezin denez jakin, atzera begiratu behar antzekotasunen bila. Zenbaki horiek gaur ez dutela arraun egingo jakina da, eta lehengo datuek gaurkoan eraginik ez dutela izango ere nabarmena da, baina zerbaitegatik ere gertatzen dira gauzak, eta joera bera hainbestetan errepikatu izana aipatzekoa da.

Gaurkoari begira datuak bilatze horretan, aurtengo bien arteko lehiak aztertu behar dira. Eta hor bada estropada bat kontuan hartzekoa: Espainiako Txapelketa. Abuztuaren hasieran izan zen, Castron (Espainia), eta Kaikuk 27segundo atera zizkion Urdaibairi. Egun hura gogoan ariko dira gaur, ziurrenik, Kaikukoak. Datu horrek, ordea, badu kontrako alderik ere, Euskadiko Txapelketan Urdaibaik aise menderatu zuelako Kaiku, 24 segundogatik.

Baina Kontxakoa berezia da, ez delako egun bakarreko estropada. Ez dira denbora berarekin abiatuko. Urdaibai 33 segundo lehenago ateratzea bezalakoa izango da, eta hori buruan edukita, pentsaezina ere egiten da iraultza gerta daitekeenik. Baina, lehia bukatu bitartean edozer gerta daiteke, eta bandera eramango duenak arraun egin beharko du. Ez zaio oparituta emango.

Bosgarren posturako borroka

Banderaren borroka baino estuago dago bosgarren postua lortzeko lehia. Hondarribiak San Juani 42 ehuneneko aldea baino ez dio ateratzen, eta biak lehen txandan joango dira. Ez da erakargarriena postu hori lortzeko borrokan aritzea, baina joan zen igandean, haizeak egindako txikizioak beste aukerarik ez die utzi Gipuzkoako bi traineru indartsuenei. Baina horrekin konformatu beharko dute, eta lehia polita izango da bien artekoa. Gainera, bi taldeen artean bada dema berezia, nor gehiago izango, eta borroka horrek beste atal bat idatziko du gaur.

Gainontzean, antzeko lehia txikiak espero dira. PedreƱak 21 segundora dauka Kaiku, baina ez da ezusterik espero. Tiranek hamasei segundo jan behar dizkio San Juani, azken postua uzteko. Astillero kanpoan utzi eta gero, bestalde, Donostiarrak laugarren bukatuko du aurtengo ekitaldian, minutu eta erditik gorako aldea duelako Hondarribia, San Juan eta Tiranekiko.

Emozio gutxiko estropada utzi du aurreneko igandeko eguraldi aldaketak. Ikuskizuna izan zen, baina ez zen izan arraun ikuskizuna. Gaur, itsaso txarra dago emanda, baina haizerik gabekoa, eta baldintza jatorretan egin ahal izango dute arraunean arraunlariek. Dena dela, ez da joan zen igandeko aldaketarik espero txanda batetik bestera, eta normalak izango dira aldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.