Azken jardunaldia lasai ederrean igaroko dute

Baiona eta Miarritze maila ez galtzeko segurtamenarekin ariko dira gaur, sasoi honetan lehen aldiz

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Top14ari ez zaio askorik falta. Gertu da uda eta hurrengo sasoi arte atseden hartzeko garaia. Top14ko fase erregularrari, hobeki erranik. Gaur jokatuko da Top14ko fase erregularraren azken jardunaldia, eta talde guztiak tenore beren ariko dira, 16:15ean. Miarritze etxean ariko da, Parisko Stade Françaisen aurka. Baiona, berriz, Castresen zelaira joanen da.

Sasoi honetan lehen aldiz, Miarritze eta Baiona urduritasunik gabe aritzen ahalko dira. Aguilerakoek matematikoki badakite mailari eutsiko dietela, eta hurrengo astean Europako Challengeko finalean lor dezaketenaren zain daude. Baionan ere, mailari eustea segurtatuta dago %99an.Baionak maila galtzeko, sekulako kataklismoa gertatu beharko litzateke. Baionak defentsako punturik gabe galdu beharko luke Castresen etxean, eta bizkitartean Brive azken-aurrekoak Clermont bigarren sailkatuaren etxean erasoko puntuarekin irabazi beharko luke.

Kirolean, batzuetan, ezusteak gertatzen dira, baina azkeneko hori gertatzea ezustea ez, mirakulua litzateke. Brive hondoa jota dago, burua jadanik bigarren mailan duela. Clermont, aldiz, Top 14a irabazteko faboritoa, Briveren aurkari historikoa da eta 42 partida dira etxean partidarik galdu ez duela. Testuinguru horretan, Brivek Clermonti irabaztea, are eta gehiago erasoko puntua lortuz, ez da oso sinesgarria. Apustu etxeak ez dira tronpatu, Briveren alde jokatutako euro bakoitzeko 11 euro emateko prest baitira. Brivek erasoko puntuarekin irabaziko duela jokatuz, berriz, euro bakoitzeko 100 emateko prest dira. Gauzak horrela, lasai daude bazterrak Baionan. Dena den, aldaketa gutxi egingo ditu Didier Faugeronek taldea zuzenduko duen azken partidan. Lesioak tarteko, hirugarren lerroan Troy Flavell ariko da.

Miarritze, Challengera begira

Miarritzen ere lasaitasuna da nagusi. Miarritzek badaki mailari eutsiko diola. Sasoia txarra izan da, baina gazteak protagonismoa hartzen joan dira. Klubaren helburua, Europako Challenge-a irabaztea da. Sasoia modu gozoan bukatzea erran nahiko luke horrek, eta espero gabeko oparia jasoko luke Miarritzek. Izan ere, Challenge-a irabazita, hurrengo sasoian Heineken Kopan ariko da. Helburu ederra, sasoia modu onean bukatzeko. Horretarako, Toulon menderatu beharko du heldu den ostiralean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.