Donostiako 61. Zinemaldia

Garaiaren soiltasunari egokitua

Aparteko farfailarik gabeko gala soil eta labur, baina hala ere dotore, baten bidez aurkeztu dute jaialdiaren aurtengo ekitaldiaOliver Stone, Terry Gilliam, Bill Plympton eta Annette Bening izan dira izar nagusiak

Annette Bening galako une batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2013ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Garaira egokitua, aparteko farfailarik gabekoa, dotorea baina diskretua, izan zen Donostiako Zinemaldiaren inaugurazio gala, soila eta laburraz gain, atzo arratsean, Kursaaleko auditoriumean. Futbolín aurkeztera igo zenean, ekitaldiaren amaieran, Juan Jose Campanellak esan zuen lotsa sentiarazten ziola Oliver Stone,Bill Plympton, Annette Bening etaTerry Gilliam bezalako izarrak agertu berriak ziren eszenategira igotzeak. «Peter Sellers The Party-n bezala sentitzen naiz», komentatu zuen umoretsu. «Oker baten ondorioz etorria izan behar dut hona derrigor». Baina izarrik ezagunenak ere dotore baina diskretu eta irribarretsu agertu ziren atzo, Cayetana Guillen Cuervok eta Unax Ugaldek —lehenak zuriz jantzita, bigarrenak dena beltzez— aurkeztutako ekitaldian.

Campanellaren aitorpenaren aurretik, Zabaltegi sailaren aurkezpena egitean, Oliver Stonek Zinemaldiaren aurtengo ekitaldian aurkeztuko dituen filmak ikustera eta haietaz berarekin hitz egitera animatu zuen jendea, The Untold History of United States 12 orduko dokumentala bereziki, «historia birpentsatzeko eta jakiteko zeintzuk diren gaur egungo gure arazoetako askoren errudunak». Dena irribarrez eta soiltasunez esana.

Sebastian deunaren geziak

Terry Gilliam ere oso irribarretsu agertu zen oholtzara, Perlak sailaren aurkezpena egitea egokitu zitzaion tartean. Donostia munduko hiritik onenetakoa dela esan zuen, «energiaz eta pasioz betea» irizten baitio. «Hemen aurkeztutako film bat zuen gustukoa gertatzen baldin bada, zeruan bezala sentitzen da haren egilea. Baina gustatzen ez bazaizue, oso gogorra da, geziek gorputza zeharkatzen dioten Sebastian deuna bera bezala sentitzen baita orduan egilea».Animatopia saileko filmak ikustean, haiekin «harritu» egingo direla agindu zien ikusleei Bill Plymptonek.

«Leku askotatik etorritako jendea dago jaialdi honetan, baina denok konpartitzen dugu zerbait, zinema maite dugu eta horrek batzen gaitu guztiok», esan zuen Annette Beningek,bera aurkezteraetorri den filmaren berri ematean, Arie Posinen The Face of Love.

Nagisa Oshima zineamgile japoniarraren atzera begirako zikloaren aurkezpenari zegokiona izan zen galako beste une nagusietako bat. Hirokazu Kore-eda zuzendariak egin zuen aurkezpena, ikusleei Oshimak zeukan «hiraren kontzeptua» ezagutzeko gonbidapena eginez. Oshimaren alargunak bideo bateko irudien bitartez eman zizkion eskerrak Donostiako jaialdiari bere senar zenaren lanari eskainitako atzera begirakoarengatik. Nagisa Ohsima urtarrilaren 15ean hil zen, eta alargunak haren gorputza lurperaturik dagoen hilerrian grabatu zituen Donostiara igorri duen bideoko irudiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.