Bilboko Aste Nagusia

Ez dadila musika itzali

Aste Nagusiko kontzertuen inguruan ika-mika handiak sortu dira; bereziki, bi gai eztabaidatu dira: kokalekua eta kalitateaAldaketak jaien pribatizazioarekin zerikusia izatearen beldur dira Bilboko Konpartsak

Milaka gazte elkartu ziren asteazkenean Zombie Kids taldearen kontzertuan. Europa parkearen kokalekua ez zen arazoa izan hara hurbildu zirenentzako. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2013ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
«Kontzertuak Gas Plazatik mugitu izana udalak egin duen hanka sartzerik handiena da». Horixe uste du Axier Botran bilbotar gazteak. Eta halaxe da. Kontzertuak Gas Plazatik atera zituztenetik, hainbat leku aldaketa izan dira: Botika zaharra, Karola gunea, eta, aurten, Europa Parkea. Kokaleku berria jakitera eman zenean kritika asko entzun behar izan zuen udalak. Baina bilbotarrak benetan sumindu zituena kontzertuen kalitatea izan zen. Bolo-bolo dabil gaia Bilboko kale, txosna eta tabernetan. Hala ere, jende mordoa bildu da aste osoan Europa arkera.

Maiatzean jakinarazi zuten Aste Nagusiko kontzertu nagusiak Txurdinaga auzoko Europa parkera eraman behar zituztela. Orduan, eztabaida handia piztu zen, auzokideak parkea suntsituta geldituko ote zen beldur baitziren, eta hainbat mobilizazio egin zituzten. Bestalde, Bilboko Konpartsak kezkatuta daude kontzertuen kalitatearen jaitsiera jai eredu aldaketaren iturri izan daitekeelako. Hau da, Aste Nagusia pribatizatzeko. Izan ere, jaiak bukatu eta hurrengo asteburuan Kobetamendin En Vivo musika jaialdia ospatuko da. Horrek jaietako eskaintza musikalari erabat eragin diola uste dute konpartsek. Are gehiago, etorkizunean udalak jaialdi hori Bilboko jaien egitarauan sartuko ote duten beldur dira.

Bilbotarrak eztabaida horretan parte hartzen ari dira. Txurdinagako auzokideen kezka nagusiak parkeari buruzkoak dira. Bilboko inguru horretako birika baita, nolabait, Europa parkea. Eta auzokideek ez dute nahi hankaz gora bukatu dezan. Dagoeneko hiru kontzertu izan dira Txurdinagan, eta auzokideak parkea uste baino egoera hobean dagoela diote. «Parkea oso txukun dago, guk uste baino hobeto», zioen atzo Antonio Alvaro Txurdinagako auzokideak. Auzokideen ohiko kezka bat txiza usainarena da. Horri aurre egiteko, Alvarok zioen normala dela hori, jaietan beti dagoelako komunen beharra. Jaien gatazka konturik nabarmenetakoa zaratarena izaten da. Auzokide gehienak horren beldur ere baziren. Baina ez dirudi horrenbesterako izan denik. Iban Rodriguez parketik hurbil bizi da, eta ez du zarata handirik entzun. Hala ere, soinuarena bigarren mailako gai a dela uste du. Azken finean, jaiak urtean behin baino ez direla diote nola Alvarok hala Rodriguezek.

Kokalekua ere, eztabaidagai

Europa parkeak duen beste eragozpenetako bat kokalekua da. Onintze Markinezek La Pegatina ikustera joan nahi zuen, baina Areatzako txosnetatik urrunegi zegoelako, ez zen bertaratu. Jon Ander Alfarok bestelako iritzia du. Ez zaio iruditzen parkea horren urrun dagoenik: «Guk metroa hartzen dugu, eta autobusak ere badaude. Hori ez da aitzakia». Hori bai, Botika Zaharrean soinua hobea zela uste du. Amaia Tome ere izan da Europa parkeko kontzertuetan, eta urrun dagoela uste duen arren, aurreko urteko Karola gunea baino askoz hobea dela dio: «Oso toki gutxi zegoen Karola gunean, eta, gainera, musikak zubian jotzen zuenez oso gaizki aditzen zen».

Kokaleku berriak kolore guztietako iritziak sortu ditu. Ez da hala gertatzen kontzertuen kalitateari dagokionez: ia denek bat egiten dute eskaintzaren txirotasunarekin. Liher Bilbao Txurdinagako auzokidea da, eta ez da Europa parkera joan, etxe ondoan izan arren. Nahiago izan du txosnetan gelditu, han Juantxo Skalari eta Kop taldeak ikusteko: «Kontzertuak oso eskasak jarri dituzte, kalitatea aintzat hartuz gero». Markinez Abandoibarrara joan zen Betagarri ikustera. Gainera, Tea Party DJak ere ikusi ditu txosnetan, eta oso gustura egon da. Boltran ez da udalaren kontzertuetara joan, nahiago izan du txosnetan gelditu. Han Xutik taldea ikusi du, eta asko gustatu zaio.

Boltranek gogoan izan ditu Manu Chao, Fermin Muguruza eta Iggy Popen kontzertuak. Markinezek ere erreferentziazko musikariren baten falta sumatu du: «Lehen, urtero ekartzen zuten puntako talderen bat, Fito edo antzekoren bat». Markinezek uste du krisiaren aitzakiarekin kontzertuak ordaindu beharrekoak egin nahi dituztela, eta ez luke sorpresarik hartuko hurrengo urteetan Bilbao Arenara eramango balituzte. Inork ez daki zer gertatuko den, baina pribatizazioaren ideia buru askotan dabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.