Analisia

Paris eta Euskal Herriaren arteko pultsu handia

Aitor Renteria.
2012ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Parisek, ezetz. Baietz Ipar Euskal Herriak. Gobernantzari buruzko eztabaidan bi ahots altxatu dira, bi errealitate ezberdinen isla. Parisek ez du nahi lege koadroan agertzea Euskal Herriarentzat nahi duena. Desegin duen Pays egitura atxiki nahi du Ipar Euskal Herriarentzat, berriz ere salbuespen dela frogatuz. Ipar Euskal Herriak gainditu du eragile eta alderdi ezberdinen arteko lubakia. Gibelean gelditu dira departamendu, instituzio eta autonomiaren arteko ñabardurak. Bakoitzak bere ideologiari eusten dio, baina argi eta garbi eskatzen dio Parisi aitorpena. Eta eskaria ez da aldarri gisa egiten, abantzu hiru urtez arloz arlo eta lege adituen laguntzaz osatutako proposamen gisa baizik. Hori ez den oro ukazio gisa bizi izango du Ipar Euskal Herriak, eta Frantzian ez bada, bertan bederen horren ondorioak pairatuko ditu «batasuna» urratzen duenak.

Vallsen eta Lebranchuren hitzen ondotik, tokiko diputatu eta senatari sozialistek gibelera egin zezaketen, baina ez da horrela gertatu. Frederique Espagnac senatari eta alderdi sozialistaren bozeramaile berria ere bertan zen. Irmoki defenditu du herri elkargoaren beharra. Tokiko hautetsia eta boterean den alderdiko bozeramaile izanik, ariketa zaila du parean. Sinesgarritasuna jokoan. Edo indarra du gobernuan eragiteko eta kasu horretan erreferentzia nagusi bihurtuko da Ipar Euskal Herriarentzat, edo Parisi men egin beharko dio. 1981ean sozialistek egindako promesak brauki plazaratu dira azkenaldian. Sozialistek presente dituzte, eta ez dute hura errepikatzerik nahi. Ipar Euskal Herrian bederen. Parisek du hitza.

Geroari begira, laino beltzak ageri dira Paristik. Aterkia zabaldu behar du Ipar Euskal Herriak, eta, horretarako, bi elementu ditu. Lehenik eta behin, adostasuna indartzea, gero eta hautetsi gehiago erakarriz. Eskuetan duen gehiengoa karrikara eraman dezake, Parisek argi ikus dezan errealitate hori.

Pays egituraren ondorio den hitzarmen berezia arraberritzeko lanak blokeatzea da bertze aukera. Dauden egitura apurrak kolokan ezarriko lituzke, ekimena desobedientzia zibilaren pare utziz. Horrelako aurrekaririk ez dago Ipar Euskal Herriko politikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.