Bost begirada hezkuntzari (eta V). Adituen iritziak. Iritzia

Euskadiko Eskola Kontseilua, erreformaren aurrean

Mª Luisa Garcia Gurrutxaga
2013ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Hasieratik argi utzi nahi dut hezkuntza arloko erreforma guztiak adostasun politiko eta sozialean oinarritu behar direla eta Hezkuntza Administrazioak adostasun horren aldeko konpromisoa hartu beharko lukeela beti. Halere, hizpide dugun proposamenaren oinarrian okerreko uste bat dago: Estatuko Autonomia Erkidegoetan ez dagoela hezkuntza eredu bakar bat egokia denik eta emaitza onak eta adierazle bikainak ageri dituenik. Erkidego bakoitzak ezaugarri linguistiko eta sozio-kultural propioak izaki, denborarekin hezkuntza sistema ezberdinak osatu dira, denak ere adostasun eta gizarte estimazio maila handikoak. Euskadiko Eskola Kontseiluaren ustez, proposatutako neurriek zalantzan jartzen dituzte gure hezkuntza ereduaren oinarriak, eta horregatik dei egiten du adostasun hori mantendu, sakondu eta defenda dadin.

Erreformak hiru helburu nagusi omen ditu: eskola-uzte goiztiarraren indizeak gutxitu, ikasleen emaitzak hobetu PISA eta halako nazioarteko probetan, eta ikasleen enplegagarritasuna handitu. Bi ekintza-lerro proposatzen dira: ikasle-ikastetxeen sailkapena eta aukeraketa, eta eskuduntzen zentralizazioa.

Ikasleen antolaketaeta banaketa goiztiarra

«Hezkuntza-ibilbideen malgutzea» eufemismoarekin ezkutatzen den filosofiak ez du aintzat hartzen hezkuntzak daukan indarra ikasle askoren baldintza sozial eta ekonomiko desabantailatsuak gainditzen laguntzeko, ezta ere duen ahalmena ikasleak pertsona gisa aberasteko. Ibilbideak ikasleen talentu eta gaitasunen arabera antolatzeko asmoak, kanpo probak gainditzen ez dituzten ikasleentzat proposatu diren balio hezitzaile eskaseko programek —ikasle diren artean haien ikasle-ibilbide osoa oztopoz beteko dute—, gogor kolpatuko dute PISA 09 txostenak gure hezkuntza sistemari aitortzen dion puntu indartsu bat: bere ekitate maila altua.

Aurreproiektuaren abiapuntuan dagoen ideia da ikasleak goiz aukeratzen dituzten hezkuntza sistemek emaitza hobeak dituztela probetan; PISA txostena aipatzen da. Argi gera bedi, ordea, hori ez dela egia: ikasleak goiz banatzen dituzten herrialdeak ez dira emaitza onenak dituztenak (Finlandian ez dira banatzen ikasleak 16 urte arte).

Konpetentzien zentralizazioa

Aurreproiektuaren grina zentralizatzailea nabarmena da neurri hauetan, besteak beste:

Kanpoko ebaluazio probak jartzen dira bi xederekin: ikasleak banatzea eta eskuduntzak zentralizatzea. Administrazio zentralak beretzat hartzen ditu ebaluazioarekin loturiko konpetentziak, ebaluatuko diren ikasgaien curriculuma barne.

Hezkuntza Administrazioak gehiengoa erreserba dezake ikastetxe bateko zuzendaria aukeratzen duen batzordean. Ezabatuta geratzen da LOEn finkatuta zegoen ikastetxearen gehienezko parte-hartzea. Ez dira aintzat hartzen emaitzak eta gomendioak, zeintzuen arabera beren hezkuntza komunitatearekin lotutako lidergoa gauzatzen duten zuzendaritza taldeak baitira talde eraginkorrenak.

Erabakiak hartzeko eskuduntza guztiak kentzen zaizkie ikastetxeetako eskola kontseiluei; kontsulta organo huts bihurtzen dira.

Argi dago zein diren aurrean ditugun arriskuak: birzentralizazioa, autonomia galtzea, erabakitzeko eta parte hartzeko ahalmena gutxitzea. Garai aurrekonstituzionaletara itzultzen gara, hezkuntza zentralizatuta eta parte hartze demokratikoa zikiratuta zegoen sasoira.

Euskadiko Eskola Kontseiluak irmo adierazi du aurreproiektua erretiratu eta elkarrizketa sakon eta zintzo bat abiatu behar dela hezkuntza sistema osoan eragile guztien arteko itun bat lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.