Aitor Renteria.
Frantziako Lehendakaritzarako hauteskundeak. Ipar Euskal Herriko emaitzak. Analisia

Pozak badu bere tartea

2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Bozkalekuak itxi baino oren bat lehenago, Baiona Ttipiko karriketan Sarkozyren porrota ospatu zuten batzuek. Ondoan, zuhurrago, jende ugarik poztasuna adierazi zuten, isilean. Herritar gehienen sentsazioa nagusitu baita. Hollandek irabazi baino gehiago, Sarkozyk galdu du, edo, emaitzen argira, ez du irabazi.

Funtsean, Frantzian zein Ipar Euskal Herrian, jende anitz poztu da Sarkozy kanporatu izana erdietsirik. Ordea, gutxiagok ospatu du Hollanderen garaipena. Errealitateak, berriz ere, iragazki funtzioa egin baitu. Ipar Euskal Herritik ikusita, Hollandek egindako iragarpenak aztertu beharko dira hotzean. Lehenik eta behin, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna izenpetuko duela erran zuen. Eraginkorra izateko, Frantziako Konstituzioa aldatu beharko du, eta, gaur egun, ez du hori egiteko indarrik. Ofizialtasunik ez, ordea. Legeari dagokionez, senatuan dagoena baino ausartagoa beharko du, euskararen alde egiteko.

Berezko instituzioari dagokionez, pays egitura hobesten duela erran du Hollandek. Alegia, gaur dagoen bezala uztea. Ikusiko da arlo horretan aldaketarik onartzen duen. Aldi berean, AHTaren kezka mahai gainean dago, eta Hollande horren defendatzaile sutsua da. Hazkuntza ekonomikoa azpiegituren bitartez etorriko delakoan. Irakasle postuak sortu nahi ditu, baina argitu beharko da euskarazko hezkuntzari eragiten dion.

Bake prozesuari begira zuhur aritu da Hollande, kanpainan erreferentziarik egin gabe. Ipar Euskal Herriko sozialistek presoen hurbilketari edo berezko instituzioari buruzko eztabaida ireki behar zela erran zuten Aieteko bake konferentziaren ondoren. Presidente gisa urratsak egin beharko ditu.

Agenda politikoa Legebiltzarrerako hauteskundeei begira jarri da. Epe laburra da.Hollandek ez du ukanen ehun eguneko menia. Sarkozyk galdu du, baina eskuinarena ez da porrota izan. Indartsu dabil, eta kohabitazioaren mehatxuak ez luke inor aseko. Errealitatearen argira, ospakizunen ajea arin azaleratu da. Pozak ez du ezabatzen errealitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.